Literaturatik literaturara

Literaturatik literaturara – 

Literaturatik literaturara

Hainbat gauzei literatura deitzen zaien arren, badira literaturatik urruntzen diren gauzak, nahiz eta izen beraren azpian ezkutatzen diren. Akaso lehen esaldi honekin nahastuta egongo zarete, baina ez da konprenitzeko hain zaila. Horretarako, Euskara eta Literaturako ala Gaztelania eta Literaturako liburu bat gertu izatea gomendatuko nizueke. Hartu hau eta zabal ezazue “Literatura” deituriko atalean, eta hasi orriak pasatzen. Eta jarraitu orriak pasatzen, harik eta lehen testu literariora heltzen zareten arte. Zenbat orri igaroko zenituzten harrezkero? Eta zer da, beraz, horra arteko guztia? Historia.

Gaur egungo hezkuntza sistemak ez du literaturarik ematen, historia baizik. Testuliburuak autoreen bizitzak azaltzen dituzten testu biografikoz osatuta daude, baita hauen obra literarioak era aspergarrian azaltzen dituzten testuz. Honek guztiak ikasleengan materiarekiko arbuioa eragiten du, literatura “gizon aspergarrien bizitzak ikastea” bezala definitua izatea eraginez. Hala, ikasleek literatura eta literaturaren historia nahastea eragiten da, literatura ez den zerbaiti literatura deituz, eta, ia ezinbestean, zerrendara beste ikasgai aspergarri eta luze bat gehituz.

Literatura, ordea, hori baino askoz gehiago da. Testuliburuetan, gehienez ere, orri bazterretan topatuko dituzue testu literarioak, gizon aspergarri horiek idatzitako testuak. Baina ez pentsa testu osorik topatzerik, ezta 10 minutuko irakurtaldi batetik gorako esfortzua suposatzen duen testurik. Beti dira testu laburrak, oso laburrak, zeinak aurreko orrietako historiarekin testu iruzkindu behar diren. Eta geroz eta zehaztasun gehiagorekin azaldu autoreen bizitzak, geroz eta nota hobea eramango duzu ebaluaketa amaieran.

Eta, gero, ni bezalako norbait hurbilduko zaizu, nekagarria benetan, “On Kixote“-ri buruz zer dakizun galdezka. Zuk azalduko dizkidazu Lepantoko gudua eta Argeleko gatibualdia eta zerga-biltzaile lanak. Eta nik beti bezain nekagarri erantzungo dizut, Cervantesi buruz dakizuna ez zaidala axola esanez, nik “On Kixote”-ri buruz dakizuna jakin nahi dudala. Zuk, zure memorian erreferentzia bila jardun ostean, testuliburuetan azaltzen ziren pasarteak kontatuko dizkidazu, orain arteko dena azaldu didazun lez. Eta amaitzeko, zer bestela, liburua gustatu zaizun ala ez galdegingo dizut. Eta zuk… zuk ez duzu jakingo zer erantzun.

Ez diot “literaturaren historia” deitzen dudan hori landu eta ikasi behar ez denik, ulertzen dut hau ere beharrezkoa dela “literatura” deitzen dudan hori ulertu ahal izateko. Baina, ene ustez, are garrantzitsuagoa da testu literario horiek irakurtzea historian hartzen duten lekua konprenitzeko. Agian ezingo dira testu guztiak irakurri, izan denboragatik, izan zailtasunagatik. Aldiz, literaturak eta, bide batez, literatura klasikoak eta klasiko nazionalek ezkutatzen dituzten altxorrak irakurtzeak ikasgaia hain aspergarria ez izatea ekar dezake. Zin dagit ikasgeletan “Medea” antzezlanaren irakurketa dramatizatu bat eginez gero ez zaretela damutuko; ala “On Kixote”-ren kapitulu solteekin barre egiteko gai izango zaretela; baita Atxagaren ipuinetan harrapatuta geratuko zaretela. Eta ez bada Atxaga, ez bada “On Kixote”, ez bada “Medea” harrapatzen zaituena, izango dira beste hamaika zure gustokoak. 

Bada, esfortzu bat eskatu nahi nieke ikasleei eta irakasleei. Eman iezaiozue aukera bat literaturari, une batez haren atzean dagoenaren historia albo batera utzita. Era horretan, ziurrenik, testuliburuetan azaltzen diren gauzak hobekiago ulertuko dituzue eta, horrenbestez, ez zaizkizue hain aspergarriak irudituko. Irakasle eta ikasleon esku dago nolako ikasgai bat nahi dugun. Gure hautua da testu luze bat ikasi nahi dugun buruz, testu horren atzekoaz gozatu nahi dugun ala, zergaitik ez, testu berriak sortu nahi ditugun. Aldea da literaturatik literaturara, literatura deitzen dioten horretatik literatura den horretara, baina gure gain dago zein den egin nahi dugun literatura.

Literaturatik literaturara

7 pentsamendu “Literaturatik literaturara”-ri buruz

  • Hirekin bat nator.

  • Caixo,

    Federico Krutwigec 1991 urthean liburu bat athera çuen editione ttipi batean. “Bilbao de los anos 40 en torno a Blas de Otero y Resurreccion Maria de Azkue” çuen icemburu, eta hamarcada horretan Bilbon cultura-mailan cegoen guiroa eta haimbat persona describatzen ditu.

    Liburuan ondorengo paragraphoac attentionea phiztu cerautan. Honaco hau erraiten çuen (Originala gaztelaniaz da):

    “Espainian guerthatzen ohi denaren contrarat litteratura ikasten denean non bachiller futuroec onqui ikasten baitute memoriaz cein urthean jaio cen poeta, cembat aldiz ezcondu cen, cembat emazte eta maitale eduqui cituen, cembat seme-alhaba legitimo eta illegitimo, cein herrietatic ibili cen, etc… eta azquenic, baita publicatu cituen idazlanac ere, pensatu dut ecen guehiago valio luqueela penac ikasleei saconqui ikastarazten balitzaie authore principalen lan bat edo batzuc, commentatzen ikasleequin cer adiarazten den halaco obratan, certan laguncen duen litteratur-ekoizpenac guiçon baten horiçonte spiritualac çabalcen, hala bere epoca comprenitzecotz, nola gurea, cein forman authoreac valio duen gure systema neuronalean hari bat ehuncecotz refferencien sarean”.

    Oker ez banaiz, anceco problema signalatzen duqueçue.

    Adeitassunez

  • Amets Aizpurua 2022-06-03 12:42

    Kaixo, Alexandre!
    Bai, halako zerbait da adierazi nahi izan dudana. Ez nuen testu honen berri, baina zinez interesgarria da.
    Milesker benetan!

  • Phozgarria da osso, gazte batec halaco quezca adiaraztea. Erraiten duçuna neuc ere hala vicitzen nuen hasieraco ikasquetetan. Horrec eraguiten çuen gutaco ascoc halaco nazca harcea litteraturari orocorrean, lettrei, etc.

    Neuc lettrei aditu nerauen euren importancia, batez ere Krutwig jaunaren liburu bat iracurri ondoren: Anos de peregrinacion y lucha (Txalaparta, 2014). Ondoren poliqui poliqui ari naiz Krutwigengandic ikasten, eta bethi çait surpressa eta iracaspen ithurri.

    Çure textu honetan haimbat gai planteatzen dituçu. Viciqui onsa iduritzen çait nola ossatu duçun çure textua. Auquera dudan heinean textuan planteatzen den gai cehatz bacoitzari ekarpen bana eguiten saiatuco naiz.

    Mila esquer, Amets, çure ekarpenagatic. Eta animo pila gaiac postaratzen jarrai deçaçunçat.

    Ale

  • Beñat Castorene 2022-06-03 16:32

    Ametsen tesia interesgarria da eta untsa esplikatua, dudarik gabe. Tesia literaturazale batena da nabarmen. Baina denak jitez literaturazale ote gara? Ene gazte denboran beti ez ginen!
    Gertatzen da Xabier Monasterioen ” Iparreko eleak ” irakurtzen ari naizela.
    Xabierren xedea da irakustea iparraldeko idazle zaharrek izan zuten inportantzia gure literatura amankomunean. Idazle bakoitzaren testuen laginak erakutsi baino lehen biografia tipi bat eta obraren kontestua argiki eta sinpleki ezagutarazten dizkigu. Egia erraiteko metodo horrek erakarri nau testu horiek irakurtzera, eta haien nundik norakoak ulertarazi, bestenaz beharbda, literaturazale baino saiakerazaleagoa izanki– artetik erraiteko saiakera guti idazten dugu–ez nituen literatura testu zahar horiek irakurriko ere.
    Beraz Ametsen artikulu serio honetan tesia bat ikusten dut , proposatzen diot antitesia trakets hau, beraz orai gogoa badu falta zaio bere gustuko sintesia egitea.
    Milesker Amets eta espero dut ondoko artio.

  • Caixo Benat,

    Interessant deritzot ipharraldeco litteratura aiphatzen duçularic, nola euscarazco litteratur traditionea bi mendez luceagoa den Laphurdin eta çuberoan. Neretzat, çuberoco traditione classicoa Tartasec marcatzen du, eta laphurtarra Axularrec.

    Biei buruz erran ohi da liburu aistheticoac edo ez dakit cer idatzi cituztela, gauça charra balitz beçala. Biac iracurri ditut, eta biac dira içugarri interessant. Orduco haien pensamenduac aditzea beçalacoa da haien lana iracurcea. Orduco euren pensamendutic, haimbat jakinquiçun bildu eta aurqueztu cituzten. Catholicoac cirela, ba cer ondo, calvinista içan baliraren berdin. Euscal litteraturan langa altu bat utzi çuten.

    Euscal litteraturac ba du oinharri bat, lingüisticoa, grammaticala. Ez da garatu, gainonceco herrietan ez beçala, Culturaric; bainan hori eguiteque dugu. Hor dugu ethorquiçuneco eguiteco bat. Aguian eguitecoa berceric gabe.

  • Beñat Castorene 2022-06-03 18:38

    Alexandre, Iparraldeko literaturari dagokionez, nibaitan fidatu baino hobe duzu aipatzen dutan Monasterioaren liburuan fidatu. Gainera ikusiko duzu testuen aurretik idazlearen biografia eta kontestua ezagutaratzea ni bezalako ezjakin batentzat lan baliagarria dela. Hori zen ene iruzkinaren arrazoi bakarra.
    Adeitasunez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude