Kontraesanak gara

Kontraesanak gara –

Kontraesanak garaEiderrek elikagai ekologikoak sutsuki defendatzen ditu; bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoaren bultzatzailea da. Barazkiak lur eta guzti erosten ditu, eta uretatik pasa, lurra kentzeko, baina ez beste ezer. Pestizidarik gabeko papaia ekologikoa jan du gosaltzeko gaur, Hego Ameriketatik ekarria. Bertako produktuak, produktu ekologikoak.

Xabik gogor borrokatu izan du arrazismoaren aurka; txiki-txikia zenetik. Koxkortu zenean, arrazismoaren aurkako pausu bat gehiago emateko, gurasoak, udan haur Saharar bat ekartzeko animatu zituen. Gaur egun, bere familiarekin bizi da Xabi, eta aurten, seigarren urtea izango da Mohamed udan etxean hartuko dutena. Harro dago bere seme-alabak gizarte anitz batean hazi, eta mundua arrazismorik gabeko betaurrekoekin ikusten dutelako. Gaur, Xabi lanetik irten denean, kale-izkinan eskale igito bat ikusi du. Poltsari gogor eutsi dio, badaezpada.

Uxuek gorrotu du reggetoi matxista, eta letra toxikoak dituzten abestiak, orokorrean. Behin baino gehiagotan eskatu dio tabernariari, parrandan zebilela, abestiz aldatzeko. Lagunartean musika jartzen dutenean, kuadrilak badaki reggetoiaz gain, ezin dutela maitasun erromantikoaz mintzatzen den abestirik jarri. Gaur, Uxuek normalean baino garagardo gehiago edan ditu, eta hor dabil tabernan nire zainak moztuko nituzke zure mina baretzeko lau haizetara oihukatuz.

Anderrek gorrotu du ehiza. Ehiztariak zirela jakin zuenetik, beharrezkoa zenetan soilik elkatrukatu ditu hitzak bere osaba Joxe Mari eta lehengusu Jokinekin. Animaliak alferrik hiltzea inkoherentea iruditzen zaio; eta berdina gertatzen zaio zezenketekin. Alferrikako sufrimendua iruditzen zaio, baten batzuk ondo pasatzeko eginikoa; zirkua eta ogia. Ahal duen guztietan joan da Donostian egin diren zezenketen aurkako manifestazioetara; ahal dituen argudio guztiak garatu ditu bere iritzia defendatzeko. Gaur ere, Anderrek txahala afaldu du; zezenketan bidegabeki hil zuten zezen haren familiakoa, ziurrenik.

Aitanak bereziki kritikatzen du XXI. mendean gizartearen ardatz den sedentarismoa. Astebururo mendira joaten da lagunekin (edo bakarrik), eta bere ingurukoek aktibitate fisikoa egin dezaten egindako esfortzuak ez dauka preziorik. Gaur, korrika egitera irteteko denborarik gabe geratu da Aitana. Horregatik joan da gimnasiora; bertan korrika pixka bat egiteko aitzakiarekin. Denborarik ez zeukalako joan da Aitana gimnasioara autoan.

Lukeni aita preso sartu ziotenetik oso kontziente izan da autoritateek kontrol soziala burutzen duela. Beti ibili nahi izan du kaleko kameretatik urrun, badaezpada ere. Lagunei beti gogorarazi izan die manifestazioetara mugikorrik gabe joateko eta politikaren inguruko eztabaidetan mugikorra aluminiozko paperetan biltzen du. Baina gaur, Luken Aberri Egunera joan da. Eta gaur ere, Instagramera argazki bat igo du. Kontrol soziala; hori zioen.

Lararen autoestima denbora luzez egon da lur azpian. Nerabezaro gogorra pasa zuen, eta uda asko pasatu zituen etxean, hondartzara joan eta bikinia janzteak lotsa ematen ziolako. Pixkanaka-pixkanaka, ahalduntzen hasi zen, ordea, eta gaur egun, askotan esaten du ozen naizena izango naiz ta punto, begiak itxi ditzala horrela ez nauenak gustuko. Gaur, igerilekura doa Lara bere lagunekin, eta top motz bat jantzi nahi zuen, baina ispiluaren aurrean, ez zaizkio gehiegi gustatu bere sabelean pilatuta dituen kilo sobrante horiek. Blusa zabal bat jantzi du, eta poltsan pareo bat sartu du, igerilekutik ateratzen denerako.

Andonik gogor kritikatu du kapitalismoa, eta beti jarri izan ditu kolokan kapitalismoak gu isilik eta otzan mantentzeko tresna guztiak. Gaur ere, Andoni errealeko partidua ikustera doa; sozio egin zenetik berrogeita hamargarren partidua.

Udane esplotazioaren kontra posizionatu zen oporretara Vietnamera joan eta hango haur eta emakumeen errealitatea ezagutu zuenetik. Ordudanik, ez du inongo erosketarik egin Primarken, eta sare sozialetan egindako hainbat kanpainekin bat egin du. Urte Zahar gauerako soinekoa erosteko asmorik ez bazuen ere, hamabi kanpaikaden ostean, Stradivariuseko soineko beltzarekin atera da kalera; herriko dendetako jantziak garestiegiak ziren.

Iker ligoi hutsa da eta bere larunbatetako juergak ez dira juerga etxera norbait musukatu gabe joaten bada. Halere, feministatzat dauka bere burua, eta sutsuki defendatzen du mugimendu feminista bere koadrilan; ez baitira oraindik oso ondo ohartu zertan datzan feminismoak. Ligoteo sanoa defendatzen du Ikerrek, eta askotan lagundu die bere koadrilako Ainhoa eta Areneri erasoren bati ihes egiten. Gaur, Ikerrek, Junerekin ligatu nahi zuen. Tabernako jendetza aprobetxatuz, nahi gabe bezala, ipurdia ukitu dio. Junek, buelta eman, baboso deitu eta tabernatik alde egin du. Ikerrek ez du ulertu; ligatzen saiatzen soilik ari zen.

Kontraesanak gara
Kontraesanak gara

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

4 pentsamendu “Kontraesanak gara”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-04-10 11:44

    Kontraesanekoak izango gara baina horrek ez du esan nahi gauzak defendatu eta borrokatu behar ez denik, kontraesanen bat aurkituko digutenaren beldurrez. Dena erlatiboa dela sinestarazi nahi digute, horrela lortu dute gizartea desaktibatzea eta gizabanakoak isolatzea.

  • Euskaldun batekin ados. Kontraesanak deuseztatzean datza bizitzari zentzua ematen dion borroka sakonena. Pentsatzen dena, esaten dena eta egiten dena berdina izatean. Bizitzaren aurreko jarrera irmo eta heroiko bat.

  • Maddi Etxeberria 2018-04-14 11:22

    Inolaz ere ez, Euskaldun bat eta Mikelats! Oso argi daukat kontraesanak izatea, nahiz eta askotan geure onetik ateratzen gaituen zerbait izan, bizitza kritikotasunaren betaurrekoekin aztertzen dugunaren seinale dela!

  • Zuri-beltzez blaitutako beste artikulu bat. Herri honetako ezkerraren eremukook hain gustuko ditugun horietako bat. Kontraesanen gaia ere, zuri-beltzean ikusi beharra…