Koherentziaren pilulak

Koherentziaren pilulak

Modan dago modernoa izatea, desberdina, masarekiko ezberdintzea, aldentzea. Modan daude desobedientzia eta beste era batera jokatzea. Modan dago, baita ere, pentsatu gabe jokatzea eta zentzurik gabeko ekintzak burutzea, edo hobe esanda, zentzua duten ekintzak ez egitea.

Koherentziaren pilulakXXI.mendea omen da “Lehenengo mundu” edo “Mundu aurreratu” honetan. Omen diot, zenbaitetan tximinoen inteligentziarekin alderatuz, gurea ez dagoela askoz ere garatuagoa iruditzen baitzait.

Historian zehar, hainbat eta hainbat pandemiek miloika pertsonaren bizitzeko ilusioa lurperatu dute. Baztangaren kasua har dezakegu adibidetzat, orain arte gizakiaren existentzian hildako gehien utzi dituen pandemia, hain zuzen ere. XVIII.mendean, ordea, historiako lehenengo txertoaren sorrerarekin batera, gaixotasun honen hilkortasuna jaisten hasi zen, gaur egunean jada erradikatuta dagoen gaixotasuna bihurtzeraino.

Txertoek milaka miloi bizitza salbatzen dituzte urtero. Azpimarratzekoa da, batez ere, umeen immunitatean duten garrantzia, eta etorkizunera begira, haurrei ematen dieten babesa. Aipatzekoa da, bestalde, jende gaztearengan hainbesteko eragina ez duten, baina adinekoentzat oso larriak izan daitezkeen gaixotasunen kontra egiteko urtero egiten den txertaketa kanpaina.

Norberak erabaki behar du txertoa hartu edo ez, baina gogoan izan behar da, baita ere, txertoa ez hartzeak besteengan eragin dezaken inpaktua, txertoak ez baitu haren hartzailea soilik immunizatzen, taldeari eta komunitateari ere, babes orokor bat ematen baitio.

Iritzi guztiak balizkoak dira, zalantzarik gabe. Informatu ondoren hartu behar dira erabakiak, ordea. Informazio ezak, sarritan, erabaki prezipitatuak hartzera garamatza, eta horrek ondoren sor dezakeen kaltea aurreikustea ezta izaten beti erraza. Gogoan dut, duela urtebete Gironan hildako haurraren kasua. Bere gurasoek berdin jokatuko al lukete orain? Pena da, gaur egun, ia erradikatuta zegoen gaixotasun batek horrelako tragedia eragin izana.

Benetan amorrazioa ematen didatenak, txertoen, antibiotikoen eta medikuak eman diezazuken edozein sendagairen kontra bereak eta bi esan, eta ondoren, hilerokoaren minerako, hilabetero, astebetez, ibuprofenoa hartu eta hartzen ez duenari “zuk ez duzu inoiz hilerokoaren mina sentitu” esaten dutenak dira. Koherentziaren pilulez hornitu beharko ditugu farmaziak, hipokresiaren izurri beltzak bertan akabatzea nahi ez badugu behintzat.

Koherentziaren pilulak