Katu eta txakurren gorputz hizkera; soinu eta keinu

Katu eta txakurren gorputz hizkera –

Badirudi txakurrek ezinezko dutela biologikoki beren barne sentimenduak ezkutatzea -buztanaren mugimendua eta kokapena, arnasestua, mingaina ateratzea eta miazkatzea, belarriak tentetzea, burua 45ºtan alde batera egitea, begien irekiera, letaginak haserrez erakutsi…-. Txakurrak ez lirateke poker jokalari onak.

Katuek ere gorputz hizkera sofistikatua dute: bibote eta belarrien norabidea eta posizioa, gorputzaren akordeoi itxura -ospa, ez hurbildu!- edo luzatze lasaia -hurbildu beldur barik!-, atzaparrak aterata edo barneratuak… Txakurrak baino isilagoak dira, baina beren urruma -ronroneo- oso adierazgarria da. Normalki, laguntasunaren ikurra da. Baina, adi, batzuetan urrumaka badabiltza ere, hobe da bakardadean uztea! Txakurrek, beste aldetik, soinu ozenagoak egiten dituzte. Beren zaunka, orro eta aienekak -bai, batzuetan tristura edo ezinegona adierazten dute, negar antzeko garrasi leun horren bidez- errazago antzematen ditugu. Baina keinu horiek gizakien hizkuntzaren pareko ez dira. Ezin ditugu hizkuntzatzat hartu, baina bai gorputz-hizkera soila, soinuan oinarrituta daudelako, gorputzaren jarreran baino.

Katu eta txakurren gorputz hizkera; soinu eta keinu

Biek ala biek -soinu zein keinu-, komunikatzeko tresna ditugu. Haiek ulertzeko, haien behar eta nahiak konprenitzeko, hala nola aldarte egoerak ulertzeko, oso baliagarria zaigu.

Esan liteke hala ere, txakurren komunikazioa, eskuarki, zuzenagoa, artezkagoa dela. Gizakiarekin egon nahi badu, argi adierazten du eta errazagoa zaigu haiek interpretatzea. Batik bat bere jabearentzat. Katuen kasuan, ostera, zalantzagarriagoa da. Izan ere, jarrera eta izaera independenteagoa dute, iheskorragoa batzuetan. Katuak gustuko ez dutenen esanetan, katuek maitasuna eta hurbiltasuna erakusten dute soilik sabela eta jateko ontzia hutsik dagoenean. Katu maitale eta jabeek, bestalde, hori tontakeriatzat hartuko dute. “katuak txakurrak bezain maitakorrak dira” defendatuko dute.

Katuen izaera hori euren etxekotze prozesuan du jatorria. Txakurrena baino arinagoa izan da, gizakiaren historia aintzat hartzen badugu. Etxekotze horren lehen zantzuak Ekialde Hurbilean topatu dituzte, Neolitikoko herrixketan, duela 10.000 urtekoetan. Beraien kabuz elikatzera bultzatzen zituzten, uztak eta soro edo baratzeko landaketan zeuden arratoi eta beste karraskariak harrapatuz. Agian, zuk zeuk etxeko sofan duzu katuren bat gozo-gozo lotan. Baina bere barrenean, oraindik du ehizatzeko, bere lurraldea patruilatzeko eta zaintzeko grina -beste katu edo beste animaliengandik batez ere-. Bere arbasoen sen basati horri eusten diote. Hein batean kendu diegu, baina ez guztiz.

Etxekotuak ditugun katuek Afrikako Felis lybica arrazan dute jatorria. Berez, bakartia den espezia da. Ugaltzeko garaian elkartzen da bere parekoekin. Gainontzeko etxabereen artean jarrera hau ez da ohikoa, alegia, artalde edo sozialki hurbilagoak bizi diren animaliak baitira. Hori dela eta, askotan, katuen komunikatzeko moduan, nahasteak izaten ditugu. Aditu batzuen esanetan, katuek, beren kasa ibiltzeko eta autonomia gaitasunagatik, gero eta ohikoagoak dira etxeetan. Nahiz eta oraindik ere, txakurrak maskota ohikoena izan, etxe ugarik maskota bezala aukeratzen dute -batez ere pertsona bat edo bi soilik bizi direnean etxebizitza batean-. Baina adoptatzen dituzten horiek, katuen laguntasuna txakur eta pertsonen parekoa izatea espero dute. Laguntasun hori, baina, ez da maila berekoa.

Txakur-gizaki arteko harremana sakonki aztertua izan da oraintsu arte, katu-gizaki artekoarekin alderatuz. Baina burututako azken ikerketen arabera, katuekiko harremana konplexuagoa da. Badira kaletarrak diren katuak. Txakurrak baino prestuago daude kalean bizitzeko. Berez, animalia ez sozialak baldin badira ere, koloniak sortzeko joera dute. Euren arteko distantzia eta eremuak zainduz, baina nolabaiteko harremanari eutsiz. Normalean hiri eta herrietan izaten dira kolonia horiek, janaria eskaintzen dien katuzaleren bati esker bizirauten dutelarik. Hori bai, udalek kolonia horiekin bukatzen dute, eragiten dituzten arazo eta kezken ondorioz.

Kontua da, katu kaletarren artean, iheskorrak diren aleak badirela, baina baita gizakiekin elkarreragin sakona adierazten dutenak ere. Japonia eta Mediterraneo inguruko itsasertzeko urbanizazioetan ohikoak izaten dira -Euskal Herrian ere, baina ez hain usu-. Hori bai, lotura hori eragiten dutena elikagai iturria izaten da. Katuek arraina gogoko dute eta itsas portuetan gizakiek utzitako soberakinak nahikoak dira lotura eragiteko. Istanbulen, adibidez, katua hiriaren nortasunaren ikur bilakatu da.

Edozelan ere, kaletarra izan zein ez, zein da txakurrek gizakiekin erlazionatzeko emandako aurrerapausua? Antza, txakurrek ume txikien espresioak kopiatzeko urrats ebolutiboa eman dute. Barne bekaina garatu dute, alegia, begien goiko aldeko muskulu bat, sentimenduak adierazteko erabilgarria dena. Hala, gizakien gizatasuna eta sentiberatasuna pizteko trikimailua topatu dute. Aurpegi “potxoloago” eta gizatiarragoa erakutsiz, gizakien bihotzak biguntzea lortzen dute eta umeekiko babes-nahi hori sustatzen dute guregan. Ez da txantxetako kontua. Otsoek -txakurrengandik hurbilen dauden kanidoak- ez dute gaitasun hau garatu. Eta agerikoa denez, katuek ere ez (Bekainak badituzte, baina bibotea bezala, informazioa jasotzeko, ez emateko).

Katuek, muskulu hau ez edukitzearen ondorioz, desabantaila dute gizakiekiko harremanean. Euren begiradek hotzagoak eta anbiguagoak dirudite. Aseptikoagoak. Zailagoa suertatzen zaie gizaki bat bere begiradaz hunkitzea, samurtzea. Lasaitasuna eta jarrera baketsua jakinarazteko, begiak modu geldoan klikatzea da euren teknika. Poliki itxi eta irekitzea, jarrera erasokorrik ez dutela adierazteko modua da. Maitasun edo laguntasuna helarazi nahi badute, mingainaz miazkatzea da euren patroia -gainontzeko kanido, felino eta ugaztunen antzera-. Felinoek gainera, beren gorputzarekin beren hurbilekoak igurzten dituzte, afektuaren seinale. Katu gutxi batzuek egiten dute hori ezezagunekin -badira horrelakoak-. Gehienek konfiantza izan behar dute. Batzuetan soilik beren jabeei ematen diete pribilejio hori. Hortaz, horrela limurtua baldin bazara, zorionekoa zu, Zer moduz lagun! ari zatzaizu jakinarazten.

Oinarrizko beharrak -janaria, babesa…- ase ondoren, katuek laguntasuna topatzeko ganora handiagoa dute.

Katu eta txakurren gorputz hizkera