Kartzela

Kartzela –

Astebete igaro da Emakumea bere bakardadean, emakumea eta kartzelaren inguruko Ur Handitan telebista saioa ikusi nuenetik. Astebete kontaketa bakoitzak besoko ileak laztu zizkidanetik; negar egin nuenetik Xuaren amona bere ikaskide izango zirenen gelan sartu zenean. Zeren bai, negar egin nuen. Baita Motxiladun Umeak ikusi nuenean ere. Sinesgaitza iruditzen zaidalako horrelako egoerak existitzea; haurrek hain txikitatik hainbesteko zama bizkarrean eraman behar izatea; estatuaren beste zapalkuntza-tresna bat, finean.

Bereziki hunkitzen naute motxiladun haurren kasuek. Pentsatzeak, hiru urte betetzean amaren altzotik erauzten dituztela, bortizki eta inongo gupidarik gabe. Eta hiru urteko goxotasuna, maitasuna eta ilusioaren tartean kartzelako barroteak jartzen direla. Kartzelako barroteak eta ehundaka kilometro; horrek dakarren guztiarekin. Errepide amaigabeak berdin euri berdin eguzki, despedidak, telefono deiak, ondo iritsiko ote zirenaren zalantza eta beldurrak…

Gaur Xua etxera itzuli da, amonarekin, eta sorbalden gainean izugarrizko zamarekin; hiru urte soilekin. Gaur Xua etxera itzuli da, eta gaurtik aurrera, motxiladun haur bat gehiago dago Euskal Herrian. Besteen antzera, ehundaka kilometro, beti labur izango diren bisitak, agurrak eta zain egotea. Gurasoak etxera noiz etorriko zain.

Kartzela

Kartzela

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!