Jasotakoa itzultzen

Jasotakoa itzultzen – 

Jasotakoa itzultzen

Auzolanaren herrian bizi garela esan ohi dugu maiz. Hemen guztiok laguntzen diogu ondokoari, bueltan ezer jasotzeko asmorik gabe. Edo hori da, behintzat, esaten duguna gure arbasoen Euskal Herri hura eta gure Euskal Herria berdinak direla defendatzeko. Ene ustez, ordea, gauzak aldatu dira. Gaur egun ezer gutxi dakigu gure bizilagunei buruz eta igogailuan izaten ditugu haiekin elkarrizketa bakarrak. Eta noski, hauek ere eguraldiari buruz, isiltasun deseroso hori hautsi nahian. Hainbatek esango dute hau hirietan soilik gertatzen dela, herri txikietan bestelakoa dela kontua. Egia da herri txikietan errazagoa dela ingurukoen berri izatea. Ezagutzen duzu zure ondokoa, badakizkizu noren seme-alabak diren parkeko haurrak, akaso auzokideren bat laguna duzu. Baina hori ere gutxinaka desagertzen doan kontua da.

Boluntariotzaren gainbehera gertutik ezagutzeko aukera izan dut. Bertsolari eta bertsofrikia naiz, aitortzen dut. Afizio honek bertso eskolen unibertsora bultzatu ninduen hasieratik. Askoren ustez, gehienbat bertso eskolara joan izan ez direnen ustez, leku hauek abesten ikasteko akademia batzuk soilik izango dira, non (ordainpeko) irakasle batek ikasle talde bati kontu zaharrak kontatzen dizkion. Aldiz, bertso munduan murgiltzeko hautua egin dutenek jakingo duten moduan, bertso eskolak paradisu sozialak dira. Bertan batzen gara adin, herri eta gustu deberdinetako jendea, hitzaren hariagatik izango ez balitz antzekotasunik izango ez genukenak. Bertan lotsak eta desberdintasunak alde batera uzten dira, astean ordu betez bada ere. Eta ez, hau ez da bertso eskolen propaganda hutsa, badu gaiarekin lotura. Izan ere, bertso eskola gehienetan ordainpeko irakasleak ez dira existitzen. Zenbaitetan, irakasle rola duenik ezta ere. Azken urteetan bertsolaritzan eta honen transmisioan profesionalizatze prozesu bat eman bada ere, leku gehienetan oraindik muxutruk lan egiten dugu.

Nire kasua ere hori da. Bertso eskolako irakasle naiz Zarauzko Motxian Etxebeltz bertsogunean, duela bost urtetik ikasle naizen leku berean. Eta nik ere ez dut sosik espero bueltan, azken bost urteotan nire irakasle izan direnek espero izan ez duten gisan. Nire inguruko gehienek, ostera, eskola kiroletako entrenatzaile lanak egiten dituzte. Hauei diru kopuru bat ematen zaie astero haurrekin egindako lanaren ordainetan. Noski, nik nire kasua azaltzen diedanean, gehiengoak ez du ulertzen zer dela eta gastatzen dudan astero ordu bat irabazi ekonomikorik gabeko lan bat burutzen. Eta erantzuna sinplea da: “Niri doan eman zidaten behar nuen guztia hasi nintzenean eta orain niri dagokit jasotakoa itzultzea”.

Auzolanaren herri horren arrastoak oraindik geratzen dira gure Euskal Herrian. Oraindik bagaude boluntariotzan jarduten garenok lanean, oraindik badaude portura arraina iristean auzokoekin elkarbanatzen duten bizilagunak, oraindik badaude autoan autobus geltokiaren ondotik pasatzean herriko norbait bada jasotzera geratzen direnak. Egia da norbaiti debalde laguntzen badiozu ez dizula zuzenean onurarik ekarriko, baina gure aitonak esaten zuen bezala “manos que no dais, que esperais“. Ematea uste baino errazagoa da eta, izan zaitezte ziur, noizbait itzuliko zaizuela emandako guztia. Gure esku dago lehengo Euskal Herriaren zein zati eman nahi dizkiogun etorkizuneko Euskal Herriari.

Jasotakoa itzultzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude