Irun

Irun –

Nun zaude zu orain? – galdetu zidan.

Irunen – erantzun nik.

Bidasoa nire azken aukera zen -azaldu zidan. “Moroak, ijitoak eta jende hori” esan zuen jarraian. “Peligroso” gisa deskribatu zuen gero. “Jentuza”, gehitu azkenik.

Nire lehen aukera izan da – esan nuen, eta isiltasuna eta segunduak behar izan nituen nire garuneko konexio sistema zein mina pausatzeko.

Etxekoek badakite benetan haserretzen naizenean ez dudala ezer esaten, isiltasuna dudala haserrearen aldarri eta hori egin nuen, eman gutxi eta xurgatzen zaituen horrek askoz gehiago ez baitu merezi. Asteak daramatzat gaiari bueltaka. Pentsatzen, idazten, askatzen. Eta Bidasoa ibaian beste migrante bat hil dela irakurri dut. Hil dutela, hobe esanda. Jentuza, hau ere.

Aristokrazia eta maila sozioekonomiko baxuagoko gizarte sektoreen artean sortzen den arrakalaren ispilua da gure kontsulta. Zorionez, zoriona dut alboan. Medikuntzaren alderdirik humanoena hezur mamitan, bizitzaren ertzak eta zientziaren ertzak borobiltzen dituen emakumea. Zer nolako aurreiritzien gainean eraiki ditugun herriak, azalak, bihotzak.

Irun

Javierri golfeko bederatzigarren zulora iristeko igo beharreko aldapak belauneko mina sorrarazten dio eta kezkatuta etorri zen kontsultara, 80 urte bete berri zituen egunean.

Mohamedi, ostera, Osakidetzak ukatu egin  ei dio osasun arretaren finantzazioa, desplazatu gisa X hilabete baino gehiago daroalako hemen.  Paperak ongi bete ezean (ez dakigu oraindik epe barruan ote dagoen), orain arteko kontsulta eta proba guztiak fakturatu beharko dizkiotela abisatu ziguten administrazioko lankideek. Espondilitis ankilosantea du, zurruntasun zinez nabaria, bereziki lepoaren mugikortasuna eta ezkerreko besoaren mugikortasuna mugatzen dizkiona. Marrakechetik etorri zen duela hilabete batzuk, langabezian dago eta bere herritik ekarri zuen diru ia guztia jada xahutu duela esan zigun, etxebizitzen alokairua garestia dela kontatuz. “Nork kontratatuko nau horrela? – esan zigun bere begi beltz ederren argia pixkana itzaltzen zitzaion bitartean.

Kamgak ez zuen sekula azterketa medikurik egin Camerunetik Irunera iritsi zen arte. Kalean bizi izan zela kontatu zigun. Orain, Caritasek janaria eta aterpea eskaini dizkio. “Hay que aguantar un poco más, merecerá la pena” –adierazi zigun. Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek Miñan liburuan idatzitako Baina gero ez da beti iristen esaldiaz oroitu nintzen. Sabelean hutsunea nabaritu nuen, eta eztarrian korapilo oso estua.

Mercedesek senarraren matxismoaz kokoteraino zegoela kontatu zigun, jasanezina zela eta ez zuela horrelako pertsona baten ondoan esnatu nahi aldarrikatu zigun. Ahalduntze ariketak ere badu, nola ez, gure kontsultan lekua.

Bidasoa bere azken aukera gisara zuenari galdetuko nioke ea badakien zein den garestiago, Ibuprofeno edo Paracetamol; ea inoiz aukeratu behar izan ote duen Amoxicilina eta entsalada baten artean; ea inoiz pentsatu ote duen zeinen erosoa den bere kontsultako aulkia, bizkarreko minaz kexu den bitartean. Mila aukera begitatzen zaizkigu eta norberak nahi duena aukeratzea bada nahikoa zorte. Halabeharrak eraginda hautatutako bideetara egokitzeari talentu deritzot.

Niri, Irunek zabaldu dizkit begiak, eta mundua. Nik neuk hemen ikasi dut itsasoa ez dela inor esertzeko lekua. Bihotza zabaldu eta Iruni eskutik heltzeak asebetetzen nau ni. Hondarrak badaki isilik egoten diote Ibrahima eta Ametsek. Ni, bada, nire alea jartzen saiatuko naiz, hondartza osatzen doan bitartean.

Irun

Irun  Irun