Irakasle motak -oro har- eta irakasle motak euskararen irakaskuntzan

Irakasle motak -oro har- eta irakasle motak euskararen irakaskuntzan –

Irakasle motak -oro har- eta irakasle motak euskararen irakaskuntzan

Ez al zarete inoiz eskola lagun artean edo familia giroan irakasle berezi horren oroitzapenak gogora ekartzen jarri? Eta horiek guztiek eginarazi ziguten barrerik edo negarrik gogoratzen duzue? Ezin da ukatu eskolatik denok igaro garela, esperientzia hobe edo txarragoak izan ditugularik, noski! Are gehiago, denboran zehar, eskolako bizipen horiek guztiak irakasleen ardurapean utzi ditugulakoan nago. Hortaz, ezinbestekoa deritzot irakasle profilen inguruan hitz egiteari.

Nolakoa izan beharko luke egungo irakasleen profilak?

Ondo dakigunez, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua aldatzen ari da; azken finean, teknologia berrien garaian bizi gara eta horrek modu batean edo bestean, hezkuntza berritzea eragin du. Halaber, denboran zehar, hezkuntza helburuak ez ezik, metodologiak ere berrituz joan dira; eta horrekin batera irakasle motak, jakina!Baina, nolakoak ziren gure garaiko irakasleak? Alde handia ote dago egungo irakasle profilarekin konparatuz?

Garai batean autoritate handia zuten eta ez zen zalantza jartzen Don X edo La seño esandakoak. Baina horiek aspaldiko kontuak dira, gure aitite-amamenak.Egun, maisu eta andereñoak autoritatea  bere izaeraren arabera irabaz lezake. Nork ez du gogoratzen ordezko irakasle hori; lehen egunean denok mutu eta arreta jartzen, baina handik egun batzuetara, ikasle langileenak ere kasurik egiten ez diona?

Hainbat faktorek eragina dute irakaslearen jarreran:

Euren izaera: badira zorrotzak direnak, hala nola, txantxazaleak, serioak edo lotsatiak. Baina bestelako ezaugarriak ere. Horrek klasea emateko modua baldintzatzen du. Irakasle ugari gaztetan oso motibatuak daude, denborak aurrera egin heinean berriz, “erre” egiten dira.

Nagusiak/zentroa: ikasle kopurua, ikasle mota, ikasleen adina, nagusi edo zuzendaria zorrotza izan edo ez… badu zeresanik. Eskola pribatuek heziketa ona bermatzen dizutela diote. Beti ez da horrela, baina. Gurasoek zuzendari edo irakasleari berari presionatzeko, ordea, errazagoa dute. Eta, hortaz, kasu horietan irakasleak, bai edo bai, inplikatu behar da ikasleak aurrera egin dezan.  Zentro publiko batzuk oso onak dira. Ikastetxe jakin batzuek, ordea, kaosa dira, ikasle “zailak” pilatzen baitituzte. Irakasle batzuek, urteen poderioz, amore ematen dute. Beste batzuek, sinesten duten ikasleengan zentratzen dira soilik eta gainontzekoekin ozta-ozta egiten dute egin beharrekoa.

Ikasgaia: ikasgai batzuk irakaslearena gogokoa da edo ez, eta hori agerian geratzen da (beherago azalduko dudan bezala). Irakasle batzuek pasioa islatzen duten bitartean, beste batzuek azterketako ariketa gainditzeko baino ez dute lantzen materia. Kasu batzuetan “egin lan bat” esaten dute eta denak gainditutzat emanez, irakasleak ezer gutxi eginez  igarotzen da hiru-hilabete osoa.

Ildo beretik, gure garaiko irakasle motak aztertu nahiko nituzke.  Alde batetik, gure memoriaren partaide nagusi diren irakasle zorrotz horiek aipatuko nituzke; (negarrak, haserreak, ezinegona, lotsa, sumina…) eragin zizkigutenak, alegia. Bestetik, urteetan zehar, garrantzia handirik eman ohi ez diegun irakasle maitagarriei aipamena egin nahiko nieke. Izan ere, momentu oro lasaitasuna eta maitasuna eman zigun irakasle horietariko bat izan dugu guztiok. Modu berean, irakasle alfer horiekin lotuta dauden oroitzapenak ere datozkit burura. A zelako barreak bota genituenak horiei esker! Baina, dudarik gabe, nire gogoan dudan irakaslea, gogotsuaren irudia du. Hots: motibazioan eta maitasunean hezi ninduenak. Eta ez hori bakarrik, ni ezagutzera ausartu zen irakasle hura ere. Orain, berriz, paperak aldatu egin dira; eta niri dagokit irakasle lana egitea (baditut jada urte batzuetako esperientzia). Hortaz, eskola berrikuntza garai honetan, garrantzitsua baino garrantzitsuagoa da jakitea nolako irakasle profila nahi dugun. Bada, hezkuntza sistemaren helburuak ets eduki metodologikoak aldatzen ari dira eta horiekin batera irakasle motak.

Beraz, aurreko guztia behin aztertuta, nire aburuz, egungo irakasleak honelako ezaugarriak izan beharko lituzke: Lehenik eta behin, pertsonen arteko eremua garatzeko gai izan beharko litzateke; baita eremu pedagogikoak ere, tutoretzarekin lotuta daudenak bereziki. Bigarrenik, irakaskuntza metodologikoak menperatu beharko lituzke; baita horretan aditua izan ere. Horretaz aparte, gainerako organoetan antolatzen eta kudeatzen jakin beharko luke, bai irakasleekin, bai gurasoekin; baina , batez ere, norbere buruarekin.

Gauzak horrela, nire uste apalean, aurretik aipatutako guztia aintzat hartzea ezinbestekoa da. Alabaina, gure lehendabiziko eginkizuna nolako gizartea nahi dugun irudikatzean datza; eta horren arabera, irakasleria sortu. Hau da: Zein gizarte mota nahi dugu?Uniformeagoa ala pertsonalagoa? Hor dago koxka!

….

*Epilogoa:

Zer irakasle mota daude euskarari dagokionez?

Webgune honetan euskarak, gai gisa, kezka eta ardura handia eragiten duela konturatu naiz. Hori dela eta, irakasle motak aztertuko ditut ikastola, unibertsitatean eta euskaltegian izan dudan esperientzian oinarrituz, hala nola, irakasleek eurek eta ezagunek aditzera emandako eskarmentuan.

 – Irakasle pasota: artikuluaren aurreko zatian aipatu ditut. Nabaritzen da euskara irakasten duten batzuen artean, ez dutela barne-barnean sentitzen. Bokaziorik gabe. Materia ematen dute, bai, baina horretara mugatzen dira. Hizkuntza Eskolako ikasturte osoan arbelean 3 aldiz bakarrik idatzi ditudanak ezagutu ditut. Galdera bat egiten diozunean, adarretatik joaten dira eta zalantzarekin geratzen zara. Idazlana egitea agintzen dizute eta bitartean “fotokopiak” egitera joaten dira (auskalo benetan zer egingo duten). Edo hitz “egin behar duzue” esaten digu. Bikoteka jartzen gara eta gure artean hitz egiten dugu. Horrela, ordea, ez dugu ezer ikasten, inork ez duelako zuzentzen, bideratzen edo iradokitzen. Eta noski, ikasle asko erdarara jotzen bukatzen dute.

Gainera, badira batzuk, nahiz eta pasota izan, zeharo adoktrinatzaileak direnak. Hots, euren ideologia, burutazio, kezka edo dena delakoaz behin eta berriro hitz egiten digu, kriston txapa emanez. Baina benetan ikastera joan garen horri buruz, gutxi ikasten dugu.

– Irakasle langilea: erabat konprometitua daude. Hizkuntza irakasteaz gain, kultura ere helarazten dizute. Ikasleek parte har dezaten saiatzen dira. Gainera, badaki motibatzen, enpatikoa da eta talde-dinamika eragiten du (joko dibertigarriak adibidez). Gainera, gramatika eta hiztegia ondo azaltzen ahalegintzen da.Dena ondo egitea erraza ez bada ere, esfortzuarekin ikasleek euskara gozatu eta aurrera egiten dute.

– Aurreko bien nahasketa: ikasle batzuk alferrak ez diren arren, ezinean egoten dira, ez dakitelako ondo azaltzen. Ikasle azkarrekin moldatzen dira, baina bidean ikasle asko galtzen dituzte.

.

   Gure hizkuntzari dagokionez –batik bat umeen esparruan-, euskara irakasleak edo euskaraz irakasten dugunon papera funtsezkoa da. Izan ere, ume edo haur askok euskararekin duten lotura estuena gure bidez ematen da! Izan gaitezen zuhur eta eman dezagun onena!

IRAKASLE MOTAK -oro har- eta irakasle motak euskararen irakaskuntzan