Independentzia bidelagun bila dabil!

Independentzia bidelagun bila dabil!

Azkenaldian, Euskal Herriaren independentziaren inguruko eztabaida berpizten ari den sentsazioa daukat. Izan ere, proiektu komun baten gabeziak, Kataluniako prozesuak eta Espainian igaro berri diren hauteskundeetako emaitza kontrajarrien noraezak gaiarekiko arreta hauspotu dute. Ezari-ezarian, independentismoak Euskal Herrian duen tamainaz eta hedatzeko dituen aukerei buruz sarriago hitz egiten ari gara.

Edonola ere, independentzia gauzatzeko bidean leit motiv nagusia adosteko zailtasun nabarmenak ditugu oraindik; batzuek, hizkuntza, aberria, herri bat gara eta historia bezalakoak dituzte argudiorik behinenak (etnikoa?); besteek, ordea, ongizatea, hobeto bizitzea, demokrazian sakontzea moduko terminoak dituzte hizketagai (zibikoa?). Orduan, baina, zerk garamatza independentziarako eskubidea aldarrikatzera? Zerk bultzatzen gaitu independentzia desiratzera?

Joxe Azurmendi filosofo zegamarrak elkarrizketa batean esan berri du (abenduaren 20ko hauteskundeen aurretik) eukaldunak inoiz baino espainolagoak garela. Gogoratuz, bidenabar, Francoren garaian kultura espainiarra inposatu nahi ziguten arren, baserri inguruak-eta eragin horretatik aparte gelditu zirela. Gaur egun, bestalde, internet eta prentsa bidez, baina batez ere telebistaren eraginez espainiar kultura etxe barruraino sartu zaigula diosku Azumendik.

Pako Aristi ere espainiartasunaren berariazko eragin negatiboez mintzatu izan da behin baino gehiagotan. Idazlearen ustez, Espainiar inperioaren meneko zenbait jarrerez ez da ohartzen herritarra. Honela mintzo da, Aristi: “Normalizazioa menderatzailearen helburua da, ez menderatuarena. Gu haien helburuak bete nahian hasteak erakusten du hemen hedatu den nahasmena. Justu alderantzizkoa da gure helburua: mendekotasuna nabarmentzea”.

Tankerako iradokizunak eta teoriak esentzialismo soiltzat jo dira zenbait kritika esparrutik. Izan ere, esentzialista xamarra izan daiteke, bai, Aristiren-eta kolonizazioaren gaineko hausnarketa. Egia esan errazegi egiten da kolonizatuaren (euskalduna) eta kolonizatzailearen (espainiarra) arteko alderaketa, eguneroko bizimoduan zaila baita kolonizatutako jarrerak antzematea. Bereizketa hori egitea horren erraza balitz!

Era berean, aldiz, baliteke espainiar kultura oharkabean asimilatutako kultura izatea guretzat, ikusi besterik ez dago zeinen airoski murgiltzen garen espainiar ohituren baitan lortutako gorazarreen altzoan. Esan nahi da: euskal kirol talde batek espainiar liga irabaztean, euskal idazle batek espaniako literatura saria irabaztean, espaniako gorteetarako hauteskundeetako emaitza onak eskuratzean, “Loreak” filmak espainiar zinemagintzako neurrien galbahea igarota “Oscar” sarietara iristean. Denak dira egitura Espainiarretan erdietsitako balentriak! Azurmendik esan bezala gero eta errazago barneratzen ditugu espainiartasunaren tikak.

Bestelako kontuez mintzo dira Unai Apaolaza eta enparauak. Web gune honetantxe ikusi ahal izan dugun lez, Unai Apaolazak abertzaletasunik gabeko independentismoa bultzatzen du. Apaolazaren aburuz, independentzia zaleak direnek ez dute aldarrikapena nazioan, hizkuntzan, historian oinarritu beharrik, eskubide demokratikoen sakontzean baizik. Bere burua ez abertzaletzat definituz hobeto bizitzea, ongizatea eta herritarren eskubideak areagotzea dira independentzia exijitzeko zio nagusiak, soilik horrela eskuratuko delako independentziaren aldarria gehiengoarengana ailegatzea.

independentziaEgun, jendea gero eta gutxiago identifikatzen da bandera batekin, nazio batekin, hizkuntza batekin… hortaz, independentzia exijitzeko eskariak nazioaren eskubideengatik baino, herritarraren eskubideengatik bultzatzekoak dira.

Uste dut Unai Apaolazaren teoria abiapuntu aproposa izan daitekeela bidea lantzen hasteko, nahiz eta zalantzaren bat edo beste sorrarazi. Abiapuntu egokia da gizabanako bakoitzari berebiziko garrantzia aitortzen diolako, hau da, pertsona jartzen duelako ekintzaren erdian. Abiapuntu okerra da, berriz, soilik norbanako bakoitzaren interesen araberako aldarria sustatzen duelako; indibiduala, alegia. Hots, hobeto bizitzea eta ongizatea moduko terminoek ekintza politikoa soilik pertsonarengan oinarritzen dute, hala, independentzia nahia helburu indibidualistetara mugatzen da. Nire iritziz, behintzat, independentzia desiratzeko arrazoi politikoa beste balore batzuetan errotzea da komenigarri. Ez dakit hizkuntza, nazioa, historia edo lurraldea edo zer, edo denak batera, baina zerbait; bestela, sentimendu elkartu bako independentzia eskaria hankamotza litzateke. Gizarte indibidualista baten islada, akaso?

Ondo baino hobeto adierazten du Joseba Gabilondok, funtsean, afera politikoa zein norabidetan endredatzen den ulertzeko gakoa: “Politika ez likidoa, paradigma jarraitasuna eta fantasia politikoen indarra” izeneko artikuluan bi fantasia politikoren arteko talka erakusten du. Alde batetik, fantasia euskalduna eta, bestetik, fantasia espainiarra. Batek espainiartasunaren batzea aldarrikatzen du eta besteak haustura: Euskal Herriaren independentzia! Bi fantasia hauen tarteko bidea Podemos alderdi berria saiatu da jorratzen, baina, Gabilondok dio lehenago edo beranduago espainiar fantasiaren magalera alboratu beharko duela, ez baitu Espainia barruko nazioen independentzia babesten. Ez dira independendistak!

Orain hausnarketen eta eztabaiden garaia da, proposamenak luzatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da balizko Euskal Herriaren independentzia eskuratzeko. Espainiartasunaren fantasia politikoaren indarra handiagoa da noski, estatu bat duelako bizkarzain lanetan eta horrek dakartzan botere baliabide guztien ahaldun delako (komunikabideak, justizia, alderdi politikoak, hizkuntza, diskurtso dominantea). Euskal Herriko fantasia politikoak, aldiz, bidea gogorragoa eta astunagoa du. Nik, nire aldetik ez dut euskara gabeko Euskal Herririk imajinatzen, ezta nahi ere, eta ez nioke muzin egingo ekonomikoki okerrago baina Euskal Herri euskaldun batean libre biziko bagina. Dena den, independentziaren aldeko arrazoiak zerrendatzen hasi ordez, hobe genuke dependentzian ez jarraitzeko argudioak pilatzen hastea. Lehenengoa: ez naiz espainiarra sentitzen, euskalduna baino. Zein arrazoi dira zureak?

Xabat Ajuriagogeaskoa Uruburu

11 pentsamendu “Independentzia bidelagun bila dabil!”-ri buruz

  • Demagun posible dela existitzea Euskal Herri euskaldun bat Espainia (eta Frantzia) barruan. Onartuko zenuke?

    • Kaixo, Gilentxo:

      Testu bukaeran aitortzen dudan bezala, ez naiz espainiarra (ez frantziarra) sentitzen, soilik euskalduna; beraz, ez naiz iradokitzen duzun Espainia barneko Euskal Herri euskalduneko kide sentitzen.

      Nire nahia ez da baieztapen absoluturik egitea, prososamenak eta hausnarketak plazaratzea baizik. Badakit hizkuntzarenak ez duela solidotasunik, sinpleki aritzea deritzot neronek ere. Beste aldetik, ordea, independentzia zale naizenez abertzaletasunik gabeko eta ongizateari lotutako teoría berriok ez naute guztiz asetzen.

      Zer da faltan sumatzen dudana?

      Deitu egiozu sentimentua (kultura, hizkuntza, nortasuna, herria, nazioa) edo bakoitzak nahi duena.

      Hizkuntzarena? Zerrendako lehenengo aukera baino ez zen.

      Ondo ibili!

    • Nik bai, zalantzarik gabe. Halere, posibilitate aski txikia da, praktikoki inexistentea. Baina magia eginda-edo, horrelakorik lortzerik balego, berehala sinatuko nuke.

      Ordea, Pais Vasco/Pays Basque estatu independiente erdaldunaren posibilitateak, erdaldunek euskaldunak guztiz ordezkatu dituztenekoak, oi, horrexek bai ez didala interes zipitzik sortzen. Nahiago Karibera emigratu.

      Zein fikzio dago errealitatetik gertuen?

  • Gaiaz dihardu-eta, beharbada interesatuko zaizu artikuluari egindako iruzkin luzea, Xabat.

    http://basque.criticalstew.org/?p=12045#comment-108923

  • Ongizatearengatik bada Norbegia edo Suediarekin batzeko ahalegina egin genezake, edo Espainia ta Frantziarekin gelditzeagatik diru gehio jasotzea hitzartzea, horrela ongizatean oinarritutako independentistak, ez zuketen zergatik independentista izaten jarraitu behar.

    Zuk EH ekonomikoki bideragarria dela erran ta frogatu dezakezu, baliabideak guk kudeatuta posibilitate gehio ditugula ongizate haundiagoa izateko…
    Baina ezin da ziurtatu hala izango zenik, gezurretan ariko ginatekelako.

    Ta ze egiteko prest egongo da bakarrik bere ongizatea bilatzen duen jendearekin kontatzen bada?

    EH burujabe batek, batzutan hobeto ta beste batzutan txartoago egongo gera, garai batzuk oparoak izango dira ta beste batzuetan herriak gosea pasako du, hori delako Nazio edo estatu guztietan gertatzen dena, beraz ongizatearena erratea ez da guztiz egia. Agian bai edo agian ez. Gauza da bideragarria dan hala ez, baina ez ongizatearena.

    Gauza da onerako edo txarrerako, guk gurea kudeatzea, ta erratzen bagera, guk erratzea ta ez beste batzuk gu ordez.

    Ta bakarrik zure ongizatean pentsatuz ez dut uste ezer eraiki daitekeenik.
    Gainera euskaldunak berriro zapalduak egongo ginateke bakarrik ongizatean oinarrutuko balitz, ze gazteleradunak, Euskara, nazioa, abertzaletasuna…. bost axola zaienei, ez lukete onartuko EH burujabe ta Euskaldun bat.

    Ta jada len erran dudan modun Espainia edo Frantzia zerbait eskainiko balute trukean….

    Euskara indartuko bagenu, independentzia zaleak haundituko ziran izugarri, baina horretarako gure hizkuntzari gure politikariak, merezi duen tokia eman beharko zioten.
    Hasteko EHko hiritar guztiei, euskara ikastea dohainik eskatuz, legeak eginez euskara ezinbestean lanean erabiltzera behartzeko, bai arlo publikoan ta baita pribatuan ere.

  • Aupa!

    Lepaluze, ados nago zurekin! Niri ere ez lidake grazia handirik egingo euskara galdua duen Euskal Herri independienteak, norabait alde egiteko gogoa sortzen du, zalantzarik gabe.

    I.I.ren iruzkinak ematen ditu, inolaz ere, euskararik gabeko Euskal Herririk nahi ez lukeenaren gaineko argibideren bat edo beste. Iruzkin argigarria, Ibai! Izan ere, euskararik bako Euskal Herririk nahi ez izatea ez dela doktrina bat diozu, sotilagoa den zerbait omen.
    Uste hori dutenek badakite euskararik ez, eta, are gehiago, ongizate hobea lukeen (Sugar, zuk zenionari lotuz) Euskal Herri independientea lortzea posible dela. Baina ez dute tamainako Euskal Herririk desio. Horri deitzen diozu abertaletasun asertiboa,Ibai, erreakzionarioa ez dena. Guztiz ados!

    Sugarrek dion bezala, geurea guk bakarrik kudeatzeak ez du ongizatea bermatuko. Ez dago erlazio zuzenik bata eta bestearen artean, gerta daiteke okerrera egitea ere. Nahiz eta, akaso, norabide horretatik bidea jorratuko bagenu independista zale gehiago gureganatu, Apaolazak dioen eraginkortasunaren ideiari keinu eginez.

    Hala eta guztiz ere, Unai Apaolazaren “ardatz sinbolikoaren” teoriak ze pentsatua eman dit. Akaso, independentziaren aldarria (jende gehiago konbentzitze aldera) lokaltasunetik, unibertsaltasunera igaro beharko litzateke.Abertzaletsun asertiboari uko egin barik, baina sufritzen dugun subordinazioa besteei sentí eta erakustaraziz.Orain arte egindakoari jauzi kualitatiboa bat emanez. Bai, badakit erreza dela esatea, asmatzea da zaila.

    Agur bero bat!

    • “Ardatz sinbolikoarenak”-eta zer pentsatua ematen du, bai.

      Nolanahi den ere, hizkera akademikoa utzi eta larrekoagoa erabiliz, argitzearren, azken finean ardatzaren kontuarekin gutxigora behera Ezker Abertzaleak EAJren eredua jarraitu behar lukeela esaten da, ezta?

      Hau da, ez da esaten EAJk kontzertu ekonomikoaren gorespena eta kudeaketa onaren kontua, batetik, eta, bestetik, alderdiaren abertzaletasuna bereizteari (eta “dosifikatzeari”) esker abertzale ez diren hiritar askoren konfiantza eta zentralitate politikoa bereganatzea lortu duen bezala, Ezker Abertzaleak formula bertsua erabili beharko lukeela, baina parametro ezkertiarragoetatik eta balizko estatu independientearen abantailak zabalduz?

      Arraioa, hau galdera luzea atera zaidana 🙂

      Agur bero bat zuri ere Xabat!

      • Proposamen bat:

        “Hau da, ez al da esaten ezen, hala nola EAJk lortu duen, batetik, kontzertu ekonomikoaren gorespena eta kudeaketa onaren fama, eta, bestetik, alderdiaren abertzaletasuna bereiziz (eta “dosifikatuz”), esker abertzale ez diren hiritar askoren konfiantza eta zentralitate politikoa bereganatzea, orobat Ezker Abertzaleak beharko lukeela formula bertsua erabili, baina parametro ezkertiarragoetatik eta balizko estatu independentearen abantailak zabalduz?”

  • Onartua!

  • Aupa!

    Nik, “ardatz sinboliko” gisa ulertu dudana da desobedientzearen erabilerarekin hautsi egiten dela orain arteko, betiko, konfrontazio eskema. Hau da, aipatu duen Rosa Parken konfrontazio ereduak (arraza beltzekoek zuriei autobuseko bere tokia ez uztearena, hala behar zuenean) konfrontaziorako ardatza eskubideak urratuta zituztenetatik(erreala) eskubideen alde zeudenetara (sinboliko) igarotzen dela. Finean, aldarrikapen partikularretik aldarrikapen unibertsalera pasatzea.

    Beraz, “ardatz sinbolikoa” desobedientzia ekintza mailakatuen esparrua dela iruditu zait, horrela ulertu dut, nik, behintzat.

    Egia da ere EAJk inork baino hobeto asmatu duela abertzale ez direnen apeta erakartzen, eremu zabalagoetara iristen. Alabaina, diferentzia formetan dagoela uste dut. Ibarretxeren plana salbu ez dut uste EAJ inoiz ahalegindu denik konfrontazio ardatza aldatzen, areago, esango nuke eroso dagoela betiko konfronatzio ereduan.

    Edonola ere, ez dut uste abertzale izateak oztopatzen duenik eskakizun partikularretik eskakizun unibertsalerako jauzia, Ibai. Zuk planteatzen zenuen bezala abertzale asertiboak onartuko luke ardatz sinbolikorako pausoa.

    Ondo ibili!

  • Arratsalde on Xabat,

    Nik ulertu dadanaren arabera, “ardatz sinbolikoaz” Unai Apaolazak dioena zera da, diferentziak sorturiko arazoak dauden tokian, arazo horiek gainditzeko estrategia emankorrena diferentziaren bi aldeetan daudenen interesak aintzakotzat hartzea dela ezen ez eta alde “errealki” zapalduarenak soilik.

    Hartara, desobedientziaren kasuari dagokionez, desobedientzia ekintza bera baino desobedientzia ekintzaren arrazoiak esplikatzeko modua izango da nabarmentzekoa (“ez dugu beltzongatik egiten, guztion, beltz eta zurion eskubide zibilengatik baizik).

    EAJk, nik esango nuke Ezker Abertzaleak ez bezala, urtetan bere bertsioa garatu izan du: “ez dugu abertzaleentzako soilik gobernatzen, abertzale eta ez abertzaleentzako baizik: Estatutua da guzti guztion ongizatearen eta eskubideen bermearen topagunea “. Eta, bai, nahiko eroso dagoela dirudi.

    Uste dut, analogoki, Unaik Ezker Abertzaleari proposatzen diola horrelako zerbait formula dezan: “Ez dugu abertzaleentzat soilik gobernatu nahi, abertzale eta ez abertzaleentzat baizik: Estatu independientea izango da guzti guztion ongizatearen eta eskubideen bermearen topagunea”.

    Eta, bai, azken hau, independentziak gaur gaurkoz desobeditzea esan nahi duen heinean, gizarte mailako adostasunak josiz desobedientzia ekintza bat leunki garatzeko estrategia bat da, zuk diozun bezala, Xabat, eta, hain zuzen ere, Katalunian gertatuz doala dirudien bezala.

    Hara Kataluniako transbertsalitateari buruz gaur Vilaweben irakurritako artikulu bat, ziur interesatuko zaizula:

    http://www.vilaweb.cat/noticies/mes-independentistes-que-nacionalistes-les-dades/

    Segi pixkor!