Hiztegi mental justuago baten bila

Hiztegi mental justuago baten bila

Badaude kontzeptu eta esapide berezi batzuk pertsonaren/hedabidearen… arabera esanahi bat edo beste dutenak, eta askotan, esanahi desberdinak izateak nahasmen larriak sortzen ditu (nahita bilatuak askotan), geure inkontzientziarentzat elikagarri direnak. Idatzi honetan nire ustez halako bost ikusiko ditugu, azken urte hauetan horrela bizi eta jaso izan baititut.

Lehenengo, hauek nola eta zertarako erabilita ikusi ditudan aipatuko dut, eta gero nik nire hiztegi mentalean zein definizio ematen diedan adieraziko.

Hauek dira: eremu euskaldun; eremu ez-euskaldun; arraro; biolentzia eta autodefentsa.

Eremu euskaldun nagusiki zera adierazteko entzun izan dut (Euskararen Legearen erruz Nafarroa Garaiko iparraldeko eremu euskalduna alde batera utzita, noski): euskalkidun eremuak. Esanahi honekin euskalkidunen hegoa ezin gorago geratzen da, euskalkiek euskaldunago egiten baitituzte pertsonak nonbait. Lehenago honek zentzua izan zezakeen, euskalkirik gabeko eremuetan euskara “galdu” egin baitzen denbora batez. Baina egun ez diot zentzurik ikusten, eta historia aldatzen den moduan, terminologia ere aldatu beharra dago. Horregatik ez zait gustatzen esanahi honekin erabiltzea eremu euskaldun egun.

Beraz, eremu ez-euskaldun euskalkirik gabeko eremuak adierazteko entzun izan dut batez ere (berriro diot, badaezpada, Nafarroa Garaikoa, kasu honetan hegoaldea, albo batera utzirik). Euskalkidunak ez direnak erdaldunak direla-edo esaten duen esanahia.

Arraro terminoa zoro multzo batekin lotua entzun izan dut.

Arraroari desberdin izate hutsagatik desberdin begiratu beharra zaio, hori esan nahi du arraro hitzak, desberdin begiratu eta onartu (baldin eta onartzen bada) beharra. Arraroak ez luke arraro izan behar baldin eta normal (jaio) balitz, alegia, akatsik edo okerrik ez balu.

Biolentzia: Boterearen interesen kontra doan indar fisikoaren erabilera (“kalteak” eta “biktimak” sortzen dituena). + …

Autodefentsa: “Zoratuta” dagoen jende horren erasoen kontra erabiltzen diren erantzunak, edo kirolen bateko mugimenduren bat… Eta azken aldi honetan feministek esaten duten zera bat (ari naiz nola jaso izan dudan nik kontzeptua).

Nik, nire hiztegi mental idealean, horrela irudikatzen ditut kontzeptu eta esapideok:

. Eremu euskaldun: Euskararen ezagutza eta erabilera “handia” (%50etik gora egungo EHko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta) duen Euskal Herriko zonalde/herria (gehi Nafarroa Garaiko eremua).

. Eremu ez-euskaldun: Aurrekoaren logika jarraituz… : euskararen ezagutza eta erabilera “txikia” (%50etik behera egungo EHko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta) duen Euskal Herriko zonalde/herria (gehi Nafarroa Garaiko eremua).

Dena dela, posiblea da ere esanahi hauetarako eremu euskaldunenak eta eremu erdaldunenak esapideak erabiltzea. Eta eremu ez-euskaldun euskara “guztiz” (hiztunen bat egon daiteke hortik) galdu den tokiak adierazteko.

. Arraro: Hiztegi mentaletik ateratzen ari naiz, eta beste hau sartzen horren ordez: ez-ohiko.

. Biolentzia: Jatorriz defendatzeko asmoz egiten ez diren eta beraz negozioei/interesei edo bestelako arazo edo arrazoiei begira (edo hauen erruz) egiten edo agertzen diren ekimen/eraso/jazarpen/neurri/eskubide urraketa/jarrera… mingarri, kaltegarri edota hilgarriak.

. Autodefentsa: Aurrekoarengandik (biolentzia) defendatzeko dauden erreakzio eta erantzun posible guztiak.

[Argi dago hitz hauek beste esanahi batzuekin erabil eta bestelako kontestutan ager daitezkeela].

Zeintzuk sartuko zenituzkete zuek hiztegi mental justuago batean? Eta beraz, zeintzuk aterako zenituzkete “lokatsetatik”?

Hiztegi mental justuago baten bila / Hiztegi mental justuago baten bila

Begi bistan nahi baina ez banauzue, bila nazazue hitzen artean, beharbada, han egongo naiz.

2 pentsamendu “Hiztegi mental justuago baten bila”-ri buruz

  • Ba niretzako, eremu euskaldun: Euskeraz komunikatu zaitezkeen eremua, okindegira joan edo taberna batetara, edo kalean norbaiti zeoze galdetu eta euskaraz erantzungo dizuna.
    Niretzat %51ean euskaldun den herri bat ez da “eremu euskaldun”, kalean joan eta behin eta berriz erderara pasa behar badut.

    Biolentzia, niretzat hiztegiak dioena eta beste hizkuntza guztietan itzultzen dena,sumendi bat edo “supernova” bat oso biolentoa da eta ez dago erasotzaile edo defendatzailerik.

    • %50a baino gehiago jarri dut delako biztanleriaren erdia baino gehiago adierazteko, ez besterik. Esan nahi da, hau ez da kalkulu baten ondorioz eman dudan zifra bat.
      Kontuan hartu dudana da EHko errealitate soziolinguistikoa eta ezagutza eta erabilera ez direla sinonimo, beraz, hau bien (ezagutza eta erabilera) arteko halako media bat litzateke. Berriro diot, biztanleriaren erdia baino gehiago adierazten duena.
      Niretzat esanahi guztiak dira ongietorriak mingarriak eta nahasgarriak ez diren bitartean (horri eman nahi izan diot garrantzia). Nik nireak eman ditut, baina ez dira inolaz ere onenak edo beste inorenak baino balekoagoak.