Guztion Ondarea

Guztion Ondarea – 

Hamaika urte eta hamaikatxo berba alperreko

Denok dakigu Euskal Herrian toki eta leku zoragarriak aurkitu ditzakegula; Iratiko Oihana, Anboto mendia, Omako basoa… Baina, nire iritziz, ez dago mundu osoan Urdaibaiko Biosfera baino leku ederragorik. Hori esanda, aipatu beharra dago Urdaibai historia eta ohitura oso bereziak dituela, orain dela urte batzuk adibidez, Bikingo itsasontzi bat aurkitu zuten itsasadarrean zehar; Bestalde, Bermeo Bizkaiko-jaurgoaren hiriburua izan zen XV.mendean, eta madalenak Mundaka, Bermeo eta Elantxoberen arteko lasterketa gogoratzeko ospatzen dira. Urdaibai, Euskal Herriaren gune ekonomiko esanguratsuenetarikoa izan da urte askotan zehar, baina gaur egun beste gauza bihurtu egin da. Balearen arrantza eta Ternuara itsasoratzea alde batean utzi ditugu beste gauza batean eraldatu arte, biosfera batean hain zuzen ere. 

Gaur egun, Biosferak, natura eta mundu modernoa elkar garatzeko proiektuetan oinarritzen dira. Urdaibai, Biosfera bihurtu zuen UNESCO-k 1984n, Oka ibaian du bere jatorria Oiz mendiaren tontorrean eta itsasadarra bihurtzen da Mundaka inguruan, padura liluragarriak sortu bitartean. Horrez geroztik, hainbat entitate Biosfera zaintzaren arduradun izan dira, Dorremadariaga-ko biosfera museoa, Azti laborategiak, Diputazioa, inguruko Udalak… eta hau babesteko hainbat neurri hartu dituzte urteetan zehar. 

Aurten, esate baterako, Ibarrangeluko eta Mundakako Udalek aparkalekuak mugatu dituzte haien herrietan, turismoa eta trafikoa apur bat kontrolatzeko xedearekin. Urdaibaiko biztanleriaren ustez turismoa gehiegi areagotu egin da azken urteotan, Laga eta Laidako hondartzak orain kanpotarrez beteta daude egunero eta udatiar gehiegi doaz opor garaian. Jende uholde honek, biosfera arriskuan jartzen du haien iritziz, horregatik aparkalekuak mugatzeaz aparte beste neurri batzuk jarri dituzte, isunak jarriz eta Guardia Zibila deituz txalupak kontrolatzeko. Neurri hauek, agian, ez dira gehiegizkoak izango kanpotar batentzat, baina bere bizitza osoa herri hauetan igaro duen norbaitentzat oso gogorrak izan dira. 

Nik neuk, nire haurtzaroa igaro dut Urdaibain, txikitan Mundakan amamaren etxean, orain nagusitan, Sukarrietan. Urteko nire sasoirik gogokoena da, ikastolaren amaieraren ikurra zen txikia nintzenean, gaur egun nire ihesleku kuttuna. Egun edo aste oker bat izan dudanean, burua nire itsasadar maitean jartzen dut, egunak kontatzen ditut udako sasoia heldu arte berriro nire herrira itzultzeko nahiarekin. Baina aurten gauzak asko aldatu dira, Biosfera zaintzearen aitzakiarekin neurri mordo jarri dute martxan eta a ze sorpresa gurea konturatu ginenean neurri gehienak kanpotarroi bakarrik eragiten dizkigutela. Eta nik galdetu nahiko nuke, ez al gara guztiok Euskaldunak? Ez ditugu guztiok zergak ordaintzen? Ez dute Urdaibaiko Herrien udalak zerga horietatik etekina ateratzen? Ez dute Bizkaiko Diputaziotik dirua hartzen?

Dena Biosferaren ongizatearen izenean egiten dute, hori da esaten dutena bederen. Baina aintzat hartzen badugu makroproiektu bat egin nahi dutela Guggenheim bat Murueta inguruan eraikitzeko, zer pentsatua badugu. Ez al da Biosfera haien ardura bakarra? Zergatik eraiki orduan turismoa bultzatu eta areagotuko duen zerbait? Turismoarekin batera, kotxeak, trafikoa… areagotuko dira. Nire iritziz hau hipokresiaren definizioa izan litekealderdi askotan. Urdaibaiko Biosfera denok disfrutatzeko lekua izan beharko litzateke, kanpotarrentzat, bertokoentzat eta turistentzat.

 

Guztion Ondarea