Gutun Irekia Ternuarentzat

Gutun Irekia Ternuarentzat –

Kalean, ikastolan, institutuan, kirola egiten… edozein egoeratan eta edozein tokitan gaudela ere, fija zaitez jendearen arropetan. Fija zaitez arropan inprimatuta dauden letretan, hitzetan, esaldietan. Agerienak kamisetetan eta jaketan.

Zer daukaten amankomunean denek? Hizkuntza. Izan ere, munduko edozein herrialdetan zaudela ere, hizkuntza bat nagusi da: ingelesa.

Arropetako mezuek ez dute zentzu funtzionala. Apaingarri izaten dira normalean. Ez dute bereziki ezer aldarrikatzen. Modarekin lotuagoak daude. Askotan ez dute inolako sakontasunik adierazten. Adibidez: Love. Have a nice day.

Beste askotan, esamoldeak eta hitz jokoak agertzen dira estanpatuta.

Berdin dio Primark, Zara, Bershka edo Levi’s-eko arropa den. Denek dute ezaugarri hau. Gutxinaka-gutxinaka ingelesa zabaltzen dago eta jendeak gero eta ezagunago du.

Baina deigarria da jendeak arropa erosten duenean ez diola erreparatzen zer mezu jartzen duen. Are gehiagoa, oso ohikoa da Estatu Batuetako edo Britainia Handiko banderak agertzea, barra-barra. Azken boladan modan jarri da NASAren inguruko arropa ikustea. Jendeak berdin eramango luke herrialde ezberdinetako ikurrak?

Edozein dela ere, jendea prest dago hori erosteko. Hori bai, askotan marka ospetsu eta prestijiatsua begi-bistan egotea apreziatzen dute. Are gehiago, askotan hori da gehiago ordaintzeko arrazoi bakarra. Quicksilver, Guess, DG, Adidas, Nike… Marka ezagunen publizitatea egiten dugu; baina ez dugu horregatik kobratzen, baizik eta alderantziz, are gehiago ordaintzen dugu marka horiek “ikus daitezen”.

Ez al da bitxia beste hizkuntzek tokirik ez izatea? Beste tokietako erreferenteak ez agertea?

Gurera etorriz, hau da, Euskal Herrira, baditugu marka ezagun batzuk. Horien artean agian arrakastatsuena Ternua da. Batez ere, Euskal Herrian ikusten da gehienbat, hemen delako ezagunen. Baina azken boladan, hain ezaguna zen “non gogoa, han zangoa” leloa txikiagotu edo desagerrarazi dute. Ingelesko beste zerbaitengatik ordeztu dute.

Nire proposamena edo iradokizuna (artikulu hau Ternuara herlarazteko asmoa dut) hauxe da: ingelesaren itsasoan galduta, beste marka bat gehiago izan nahi du Ternuak, edo bere nortasun propioa erakutsi, bere jatorriari harrotasunez helduz eta aldi berean nazioarte mailan saltzeko gaitasuna mantendu?

Ingeles-ezko esaldi eta hitzak erabiltzen jarraitu, existitzen diren ehundaka arropa marka saltsa horretan galduta edo “non gogoa, han zangoa” jatorrizko leloari eutsi? Ez al da bateragarria euskara eta ausardia? Akaso Frantzian, Madrilen edo Alemanian norbaitek uko egingo dio Ternuako jaka, praka edo motxila batek ezagutzen ez duen lelo bat edukitzeagatik? Esango nuke ukitu exotikoa emango liokeela, baina inola ere ez luke salmentetan eragingo. Izan ere, arropa marka horretan bilatzen dena kalitatea da.

Hortaz, Ternuako arduradunei hurrengo eskaera luzatzen diet: Erabil ezazue euskara lotsarik gabe. Zirrikitu hori zabal ezazue. Zuen modernitatea ez da kaltetuko. Zuen sorterrian haztea ahalbidetu zizuen lurraldeko herritarrak harro sentiaraz itzazu. “Gure” marka ere badela sentiaraz iezaguzu. Euskal bale-arrantzaleak errepresatzen duen isatsari omenaldirik onena egingo zeniokete.

Gutun Irekia Ternuarentzat

Zer duzu buruan “Gutun Irekia Ternuarentzat”-ri buruz

  • Guztiz ados. Niri behintzat, ezezaguna den horrek, misterioak asko erakartzen nau. Pentsa atzerrikoa naizela eta Ternuaren jaka bat erosten dudala, “non gogoa, han zangoa” jartzen duela. Loiolak dioen moduan, hasieran beharbada jaramonik ez nioke egingo baina noizbait, ziur nago hitz horiek irakurri eta zer diren galdetuko diodala, eta Googlen begiratu ondoren zein hizkuntzan idatzirik dagoen jakingo nuke eta hizkuntza horren berri izango ez banu, oso exotikoa egingo litzaidake. Pentsa une batez Finlandiako samien produktu bat nire eskuetara iristen dela eta samiena dela ohartzen naizela… handik aurrera produktu hori kuttuna izango nuke. Ez litzateke hori gertatuko ingelesez idatzitako zerbaitekin, pilako produktu bat izango litzateke, besterik ez.