Gure irudiaz ihesi

Gure irudiaz ihesi – 

Gure irudiaz ihesiEkainean sartzearekin batera, lehen eguzki izpiak iritsi dira gugana. Ezin uka daiteke eguraldi aldaketak, txorien kantuek, eta egun luzeek aldartea alaitzen dutela, beste umore bat somatzen da kaleetan, besterik gabe, uda ate joka entzun daiteke. Aitzitik, udak badakarki inork aipatzen ez duen hutsune bat, guztiok gorrotatzen dugun biluzte prozesua. 

Hasi baino lehen, udaren maitale amorratua naizela onartu behar dut. Maite dut hondartzara joan, oinutsik ipini eta itsas-ertzetik paseatzea, itsas brisa aurpegian sentitu eta kresal usaina arnasten dudan bitartean. Bero sentitzean ur frexkoan bainatu, ilea harroturik eta gatza azalean dudala eskuoihalean etzan eta sugandilak bezala eguzkitan goxo lokuluxka mardul bat egitea. Ni behintzat egunak kontatzen hasia nago iadanik, baina jakitun naiz, badirela hainbat eta hainbat pertsona, hondartzara joateari uko egiten diotenak bainu jantzia janzteko beldurra dela medio. Errealitate jakina da biluzteak beldur irrazionala sortzen duela gizartean. Urtean zehar, komplexuak estaltzen dizkiguten erropen gerizpean babesten gara, baina uda heltzean, erosotasuna errotik hautsiz bainu jantzia agertzen da, biluzik eta deseroso sentiarazten gaituen jantzia. Bereziki aurten haratago doa buruhaustea, erropaz gain hondartzan musukoa ere kendu beharko baitugu. Nahiz eta hasiera batean deserosoa eta itogarria suertatu zitzaigun, ohartu ere egin gabe gure eguneroko ogi bilakatu da. Orain, eroso sentitzen gara gure gordelekuan, musukopean. 

Baina gehien amorratzen nauena, aipatutako presio eta desorosotasunak itotzen gaituen bitartean gure burua maitatzera behartzen gaituztela da. Lehen begiradan, “body positive” eta antzerako mugimenduak xalo eta onuragarriak dirudite, gure gorputzak diren bezalakoak onartzera bultzatzen baikaituzte, gure imperfekzio eta guzti. Mezu hau sakonki arakatzen badugu ordea, bada bistakoa den auzi bat. Gure gorputzak definitzeko “imperfektu” hitza erabiltzen duten momentutik, gure gorputzak nolabaiteko “akatsak” dituztela esaten ari dira. Horrela, akatsak ditugula sinestaraztea lortzen dute, imperfektuak garela, eta honi aurre egiteko modu bakarra gure burua maitatzea dela. Baina nola ez, gure burua maitatzeko eta hobetzeko afera horren baitan, krema, makilaje, dieta, ariketa eta abarren olatuaz itotzen gaituzte. Laburbilduz, lehenik, gorputz normatibo eta “perfekuez” bonbardeatzen gaituzte, ondoren zu “imperfektua” zarela eta akatsak dituzula sinistarazten dizute. Azkenik, aldizkari, telebista, eta sare sozialetan hortz zuritzaile, zelulitisaren aurkako krema magiko, argaltzeko edari eta antzerakoak erakusten dizkigute.

Tristea den arren, hain da mehea saldu nahi diguten zaintza eta kontsumoaren arteko lerroa, sarri ez garela ezberdintasuna bereizteko gai. Izan ere, kanpaina honen benetako helburu bakarra, ohartu gabe, eta zure burua zaintzen ari zarelakoan, beraien produktuak kontsumitzea da. Horrexegatik, gure irudiaz ihesi gabiltza, beldurra diogu biluzteari, munduari garen bezalakoak erakusteari. Irakatsi digutena deseraikitzeko ordua iritsi zaigu, guztiak sentitu baitugu nozbait beldur, presio edota itotasun hau. Zure buruaren aurka aritu partez, berarekin bat egin eta mezu okerra zabaltzen dutenen aurka borrokatzera adoretu nahi zaitut. Jakin dezazula ispilua iadanik nekatu dela zure desaire, arbuio eta gainerakoez. Eta hein batean zu ere nekatu zara, ez zaitez kontsumismoaren hatzaparretan erori, zaren bezalakoa perfektua baitzara. 

Gure irudiaz ihesi

 

Gure irudiaz ihesi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude