Gure eskubideaz gabeturik

Gure eskubideaz gabeturik –

Gure eskubideaz gabeturikEtxebizitza eskubidearen esparruan sar daiteke. Ez litaike merkatuko edozein parametro bezala aipatu behar baina argi ukan dezagun bizitzeko funtsezko eskubidea dela. Alta, gaurko sistema ekonomikoan merkatuko salgai bihurtu da, kontsumitzaileari hautua mugatzen duen aldagaien eta prezioen menpe jartzeaz gain behar bat inposatzekotan dagoena. Orduan, horrelako funtsezko beharra merkatu logikan sar daiteke?

Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa 90. hamarkadatik hasi zen, honen liberalizatze prozesu sakona gertatu baizen. Lehenik eta behin, 2017ko Euskal Autonomia Erkidegoko datuei begira, etxebizitzen gehiengoa alokairuak dira, jabetzarako pausoak gero eta beranduago egiten direlako, prezioen eta espekulazioaren emaitzagatik. Argiki azpimarra dezagun Euskal Kostaldearen eremua hartzen dugunean, Iparra zein Hegoa, etxebizitzen merkatua promotoreen esku geratzen dela, «Build to rent» politika aplikatuz, gehienetan kanpoko jabe dirudunek eraikin osoak erosten dituztenean, direktuki alokatzeko.

Bigarrenik, eskaintza eta eskaeraren arteko desoreka larria errazki erakuts daiteke. Ipar Euskal Herriko kostalde eremuan, etxebizitzen eskaera asko igo den garaian logikoena etxe gehiago eraikitzea izanen litzateke baina etxe hutsek eta bigarren etxebizitzek egoeraren normalizazioa oztopatzen dute. Adibidez, INSEE-k (Institut National de la Statisique et des Etudes Economiques), 1999ko datuetan nabarmentzen digu Donibane Lohizunen bigarren etxebizitzek etxebizitza parkearen %50 okupatzen duela. Aldi berean, herritar anitzek etxebizitza nagusi baten nahia dutelakoan, aurkitzeko zailtasunen parean gelditzen dira ehunaka etxe hutsak gelditzen direnean, bakarrik udan idekiak direlako. Izan ere, honi deitzen zaio «higiezinen gaineko espekulazioa». Ondorioz, eraikigarriaren metro karratuaren prezio igoera nabarmentzen da baina eraikiaren prezioa ere emendatuz doan. Donibane Lohizuneko adibidearekin segitzen bagenu, argi gelditzen zaigu auzo batzuetan 7000 euro/metro karratu arte negoziatu daitekeela, Pariseko auzo batzuen antzera!

Hirugarrenik, etxebizitza sozialaren edo HLM-en eraikitzearen aurreiritzi larriaren parean gaude, jendeak askotan uste baitu etxebizitza sozialak eraikitzean jende «txarra» erakarriko duela. Bestalde, nahiz eta eraikin sozialen aldeko legeak eta akordioak bozkatuak izan, azpimarra daiteke beranta handia dugula arlo honetan, denontzat etxebizitza duina proposatzekotan eta eraikigarriaren prezioa emandatu zenetik, etxebizitza soziala konpainiek lurrak erosteko zailtasunen aintzinean izanki.

Argi dago etxebizitzaren arloa ez dela merkatu logikarekin bat doan esparrua eta etxebizitza duina lortzeko eskubideaz gabeturik garelakoan, zer politika bilatzen dugu erronka sozial honi aurre egiteko?

Gure eskubideaz gabeturik

2001 ean sortua. EHU-n ikasten.