Gora Errigora!

Gora Errigora! – 

Nafarroa gabe ezin da Euskal Herria ulertu eta Euskal Herria gabe ezin da Nafarroa ulertu. Hori da, bideo honetan ikus daitekeen esaldietako bat.

Eta arrazoi dute. Lotura historiko, kultural, linguistikoak ugariak eta agerikoak dira.

Nafarroako egoera euskarari dagokionez, erabat polarizatua dago. Bi muturretakoa da; iparraldean oparoa, erdialdean erdipurdikoa eta hegoaldean okerren. Iparraldean, Udaletxeen laguntza eta babesa du. Herri mailan, jendearen laguntza eta atxikipena zabala da. Pilotari, abeslari, bertsolari, kirolari, politikari anitz ematen ditu eta euskaldunak dira gehienak, izenez eta izanaz. Hegoaldeko ikuspegia eta sentimenduak ezberdinak dira, ordea. Baina ez hori bakarrik, paisaia eta arkitekturan ere ezberdintasunak daude hego-ekialde artean.

Gora Errigora!

Errigora Nafarroako hegoaldean eta hegoaldearentzat sortutako ekimena da. Nafarroako Erribera, alegia, Ebroko Erribera, lur oparoa eta emankorra da nekazaritzari dagokionez. Ebro eta bere ibaiadarrei esker -Arga, Aragoa eta Alhama bereziki-, hala nola, klimari esker, ortu nafarrak  mahatsa, oliba, orburua edo alkatxofa, zainzuria, uraza edo letxuga, tomateak eta piperrak eskaintzen ditu, besteak beste. Era berean, Erriberako ardoa sona handikoa da. Industria, nekazaritzaren inguruan aritzen da; upeltegi, olio eta kontserbagintza enpresek produktuak merkaturatzen laguntzen dute.

Erriberako emankortasunean oinarrituta, Errigora herri-ekimena sortu zen. Herri behera-Herri gora jokotik atera zen izena. Hortik abiatuta, “Nafar Hegoaldeko uzta, euskarari puzka” leloa sortu zuten 2013 urtean. Hau da, Nafarroako hegoaldeko produktuez osatutako kutxak saltzen hasi ziren eta lortutako irabazien %25 euskalgintzara bideratu. Hala, 1.400.000 euro baino gehiago bideratu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko egitasmoak sustatzera. Horretaz gain, bertako ekoizle eta biztanleen engaiamendua ere bilatzen da; produktuak euskaraz etiketatu eta proiektuaren garrantzia helarazten zaie. Eta azkenik, elikadura burujabetza eta bertako kontsumo jasangarria bultzatzen da.

Urtero bi kanpaina egiten dira. Udazkenean “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka”. Udaberrian “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura”.  Hortaz, orain garaia da, zu, irakurle, kutxa hauetako bat eskuratzeko. errigora.eus webgunean ekimen honen inguruko informazioa duzu txukun azalduta. Ildo beretik, agerraldia.eus atarian ikusgai duzu alde kultural eta sozialagoa. Euskararen ezagutza bultzatu, erabilera sustatu eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortu egiten ditu ekintza praktikoen bidez.

Peru Aranburu Errigorako arduraduna da. Hark informazio gehigarria eman dit. Errigoraren nondik norakoak azaldu dizkit eta hona ekarri ditut.

errigora
Peru Aranburu, Errigorako arduradunetako bat, Zuzeu ataria ikuskatzen…

Bere esanetan, ekimen honi esker aurrerapausu garrantzitsuak eman dira. Enpresa askotan euskara-planak abian jarriko dira eta dagoeneko, kontzientziak astindu dira. Tuteran aurten egindako kontzertuak zirrara berezia sortu zuen herrian (Agerraldiaren bidez bideratua) eta hunkigarria ere izan zen. Bere hitzetan, pozgarria da urte hauetan erdietsitakoa.

Aurrera, ba eta Gora Errigora!

 

oharra: Gogoratu azaroaren 11 dela azken eguna udazkeneko saskia eskatzeko!!

Gora Errigora!