Gora Elkartasuna Ta Askatasuna

Gora Elkartasuna Ta Askatasuna –

Ezinegonetik amorraldira. Amorralditik gorazarrera eta hortik etsipenera. Altsasu-Vallés. Muntai polizial itxura hartzen dioten sarekada eta atxiloketak. Kataluniakoa, nazionalismo hedatzailea eta nazionalismo aldarrikatzaile arteko tirabira, non batak bestea ito nahi duen. Batak bestea jazartzeko gaitasuna duelarik -maila askotan, dela politikoa, judiziala, poliziala edo mediatikoa-, baina kontrako norabidean tresna mugatuak diren -tokian tokiko udal babesa, baina erasorako eta erantzunerako baliabiderik gabe, aldarrikapen demokratiko eta zibila ez bada-.

Gora Elkartasuna Ta AskatasunaAzken egunotan, “indarkeria terrorista” egotzi behar omen, CDR deituriko taldeei. Susmo txarra hartzekoa, bidegabekeria aurretik inpunitatez aplikatua izan dela aintzat harturik. Epaile eta justizia sistema partziala dela jakinik. Epaile eta justizia sistema inpartziala izanik, erabakiak oso-oso bestelakoak izan direla jakinik -Europako epaile eta epaiez ari naiz, jakina-. Ez dakit egoera honen atzetik estrategia eta azpijokoa egongo ote den. Ezjakitunegia naiz horretarako.

Procés-ak bederen, Kataluniako errealitaterako jakinmina piztu du. Katalanezko hainbat hitz eta adiera ikasi ditugu, etxekotu ditugu: si que es pot, junts pel sí, las carrers seran sempre nostres, llibertat, votarem, fem república… besteak beste. Ni neu katalanera ulertu eta ikastera kitzikatu naute, hala nola, bertaratzera eta kataluniarrekin eurekin mintzatzera, euren iritziak entzutera -ideologia edozein dela ere, ikuspegi anitzei arreta jartzera-. Horretaz gain, Kataluniako errealitatea hurbilagotik ikusteko medioak bilatzera bultzatu nau: El Punt Avui, Vilaweb… betiere, estatu espainiarrean egituratutako diskurtso hegemonikoaz haratago, zeinetan bestelako ikuspuntua aztertzeko parada ematen digun.

Nago, ordea, gure lurraldean ez dugula behar bezalako arreta eta sentiberatasuna azaltzen eta sentitzen. “Gure” medioek, salbuespenak salbuespen, Madrilgo iritzi korronteari begiratzen dio, hark zer bide hartzen duen tentuz behatuz, berezko iritzia agerrarazi aurretik. Horrek jendartearen iritzia baldintzatzen du. Geure elkartasun grina lozorroan uzten du, anestesiatua. Eta beste askorena ezikusiarena egitera eta indiferentziara bideratua.

Elkartasuna bizi-bizien antzeman nuen tentsio une gorenetan, alegia, Puigdemont-en independentzia aldarrikapen mugatuaren ondoren, atxiloketak eman zirenean -atxilotutako politikariak justiziaren aurrera euren kabuz joan eta preso politiko bihurtu zirenekoak-. Herriz herri eltze eta lapikokada nonahi entzuten zen gauero. Independentziaren alde egon edo ez, bidegabekeria susmoa hartzen ziotenak ere gehitu ziren protesta horretara. Espero dezagun, bidegabekeria zantzuak berriz agertzekotan, irizpide independentea -ez idenpendentziazalea- berriro ere esparru guztietatik elkartasuna behintzat adieraztea. Gora elkartasuna. Gora askatasuna. Gora biok.

Gora Elkartasuna Ta Askatasuna

Zer duzu buruan “Gora Elkartasuna Ta Askatasuna”-ri buruz

  • Pello Eizagirre 2019-09-28 12:15

    Ados. Kataluniako komunikabidei etengabeko jarraipena egin beharko da. Esaterako atzo Vilawebek zekarren Ramón Grosfoguel eginiko elkarrizketa (Berkeleyko irakasle eta Immanuel Wallersteinen ikasle).
    Kataluniako kinkaren gakoa omen ‘junquerismo versus cuixartisme’. Gure artean junquerismo nagusia dugu- Porrotasunaren sentimendu nonnahi.
    Egun gure askatasuna Katalunian jokatzen da batez ere. Hango buruzagiak geure buruzagiak dira.
    https://www.vilaweb.cat/noticies/grosfoguel-junquerisme-rendicio/