Goian bego, marinel zaharra (1)

Goian bego, marinel zaharra (1) –

Udazkena ailegatu
enaren migrazioarekin batera,
zeru lainotua
aititeren txapelaren gainean.

Urteak pasa ahala,
osasuna doa beherantz,
ta aititek jakin badaki
bizitza horrela dela.

Azken borondatea:
ilobarekin batera
kosta ahala kosta
Euskal Herriko kosta osoa ikustea.

Biok eskutik helduta
baserritik kalera,
hasi da arrantzale nagusi honen
zeharkaldi azkena.

Santurtzin hasita,
helmuga gisa: Hondarribia.
Atsegin handiz bidaiari ekin dio bikoteak,
ezbairik gabe izango da urez lagundutako benetako abentura.

Ongi joan! -dio amak;
Kontuz ibili! -berriz, aitak
arrantzaria eta iloba daudenean
lanbroan aienatzeko zorian.

Malko bat aititeren azalean,
gogoan marinel zaharrak
ahots batez Salbea kantari,
maitia, geure Begoñako Andre Maria.

Itsasaldiarekin batera,
Arku gorriaren azpitik
iraganeko garaia
berriz bizitzen.

.

Behin Santurtzira gerturatuz gero,
harridurak betetzen du ilobaren aurpegia;
“hauxe da Bizkaiko zubia”.

1893. urtean inguru
hiriko bi adarrak elkartzen duen burdina,
Portugalete ta Getxon irekia.

“Inoiz ikusi al duzu
halako paisai
ederra,
aparrez beteta,
lasaia eta epela?

Inoiz entzun al dituzu
kaioen bertsoak,
udan hasitakoak
ta neguan
itzaliak?”.

Uribe kostan sartuta
Txopelen lurraldeko kaleetatik
ibiltzen, poliki-poliki,
Arrietara heldu arte.

Peña Txuriko mutikoak
surf-ohola helduta
hondartza honetan hasi,
oholei adio esateko Barinatxen.

Ilunabarrarekin batera
lau oinen arrastoa luzatzen doaz,
Plentzia ta Gorlizeko herrietara
abiatzen den bidea begitantzen duenak.

Ta Guzurmendiko tontorretik
bikoteak galtzen du begirada
haren aitzinaldean dagoen
itsaso lauan.

“Bazenekien hemengo eukaliptoak
gezurrik haundienak entzun dituztela,
eguneroko jardunaldi bukaezina eta gero
arrantzarien ahotik jaiotakoak?
Zenbat ordu eman ditudan hemen,
itsasgizon zaildu ta laguna zenarekin
bere hitzak partekatzen zuena nirekin,
horrela ziotenak:

Adorearekin bizi
gatazkari beldurra eduki barik.
Itsasoan bezala, haizea aurkakoa denean
olatuak harrotzen dira
ta ura uhertzen doa
hautsian joaten
porturantz zokoratuz.
Itsasoan bezala, irrika izanez gero
indar guztien artean
irabaziko du zeureak.

Inbidia gabe bizi,
zure bizitza zeurea da.
Itsasoan bezala, lurretik urrun
denetarik duzu,
inork ez zaitu liluratzen,
ez duzu inor nahi
ta eguzkiarekin gozatzen duzu.
Itsasoan bezala, gaua etortzen denean
zu baino altuago
ilargia baino ez dago.

Apaltasunarekin bizi:
argitzen dena ez da gehiago izango.
Itsasoa bezala, brisa gabe etzan dagoenean
ta bere indar guztia
dago ezkutuan,
bakarrik nabaritzen uzten
bere azala ondulatzen dela.
Itsasoa bezala, den-dena ahal duela 
lainoberan bildua
bakarrik intsinuatzen du.

Osoki bizi
unadura ta gurma gabe.
Itsasoan bezala, ipar-ekialdekoa dabilenean,
haize-leuna arina,
branka bitsan,
eskotak tenkatuak
ta kanabera gogorra.
Itsasoan bezala olatuek salto egiten dutenean
ta ur zurienak
dirudi aratzena dela”.

Atzean utzita urrun-ertzearen paisaia,
bikoteak, berriz, bidaiari ekin dio,
bizpahiru ordu ibiliaren ibiliz
Armintza herriko porturaino.

Erraldoiak ostentzen
haien hurrengo helmuga
zumarra ta haritzen adarretik
bakarrik, ikusgaia.

“Nora ote generaman
kamino honen itauna
erantzun dit
eskegitako ikurriña;

Gaztelugatxeko kanpaia
hiru aldiz jota
sorte ona
gure alboan egon dadila”.

241 harrizko maila igo,
kopuru bera beheititu,
sigi-saga, aititeren eskuak
ilobak heltzen ditu;

ta iruditzen ditu
bere gazte egunak,
zer nolako indarra edukiko
zuen alboko zaharrak.

Behin Bermeora helduz gero,
“Bizkaiko burua” zena,
eskatzen dio aititek,
egon dadila bero,
sartzeko tabernan,
ta han ezagutzen du bikoteak
lagun berri bat,
hura ere etenaldian,
itsasotik etorritakoa,
sendatzen ari dena olatuek eragindako nekadura.
Txapela buruan
darama bermeotarrak,
pipa ezpainetan,
bat batean,
txakolina edan eta gero,
hasten da solasean.

– Bermeo, maitia,
Europako abangoardiako erregea,
bazenekien, mutiko,
lau mendetik zehar
lurralde guztien
arrantzale zela?

Balea,
ta batela arraunlariekin
ta balea arrantzatzen zihoan arrantzalea
ta olatu zuriak babesten zituzten itsasontziak,
jadanik,
ikusezinak.

Nora joango zarete, ba,
bikote?
Behar al duzue zahar honen
aiuta?
Ez zaituztet ikusi galduta,
dena den, eskaintzen dizuet nire laguntza.-

– Baserritik gatoz, jauna,
non urdina, ez da urdina,
baizik eta berdea.
Non haizetea,
bortitza izan arren,
eragiten duen bakarra, bakardadea.
Iturria,
itsaso-zurrusta bakarra,
herrixken bilera,
orduak erripetan eman eta gero,
isurtzen gaitu
egunen etena.
Zuen harrapakina, balea,
azeria, gurea.
Astero elkartzen gara denak,
ea zerbait berriz konturatu den besteak.
Mendien komunikabidea,
haizea,
oihartzuna ta txistuak
tontorren artean,
geure banda okertzeko ez ditugu askatzen belak,
geure eskifaia, artilez edertuta.
Nire aitite marinela,
ni, aldiz, bakarrik hezea,
olatuek ekartzen gaituen zoriona ikus dezadan
bidai gazitu honen proposamena egin dit berak.
Esadazu, jauna, ea
gurekin etorri nahi bidai honetan,
berreskura dezazun gurekin batera
pasa diren urteko kemena.-

Hirukotea,
Mundakako arean,
Mundakako olatuaren aurrean,
jada ailegatua.
Hurrengo abentura,
pasadizo berriak
oraindik ikustear,
baina ez atalburu honetan,
baizik eta hurrengoan.

Goian bego, marinel zaharra

Goian bego, marinel zaharra