Garraioa gainezka!

Garraioa gainezka! –

Noizbait joan al zara gainezka zihoan autobus edo trenean? `Hau bai zoramena!´ pentsatuko zenuen. Ba, gure garraio sistema, tamainan, hutsaren hurrengoa da munduan zehar barreiatuak dauden garraio sistemekin. Superpopulazioa batetik eta baliabide ekonomiko eskasek bestetik, garraio batzuen zoro moduko erabilera sustatzen dute.

Irudian ikus daitekeenak sinesgaitza dirudi! Baina nola arraio joan daiteke norbait tren baten gainean zutik, trenaren trakatra dardarek alde batera eta bestera mugitzen zaituzten bitartean, ez jausi ahal izateko, inongo heldulekurik ez duzun bitartean? Gainera, trenen teilatuak alderantzizko u itxura dute, hots, ganbil forma dute. Tren horiek handiak eta luzeak dira. Altuera handikoak, 4 metro ingurukoak. Hortik eroriz gero, min hartzea, kontu ziurra. Eta askoz gehiago 50 km/orduko abiaduran badoa.

 

Badira beste batzuk konboi artean joatea erabakitzen dutenak. Baina ez al dira konturatzen irrist egindakoan heriotza ziurra dutela zain? Heriotza eta agonia guztiz desatsegina gainera. Tren luze baten gurpilak harrapatuta. Gupidarik gabe. Izan ere, tren horiek gelditzeko metro asko behar dira. Eta inork ez ditu, ziurrenik, treneko gidariei jakinaraziko.

Kasu askotan, treneko kanpoaldetik, alboetatik, helduta doaz bidaiariak. Baina, zenbat denbora pentsatzen dute horri helduta bidaiatzea? Nik neuk nekez aguantatuko nuke 20 minutu burdinezko helduleku bati eutsita! Hortik aurrera, nekea, ezinegona… eta izerdiarekin irrist egiten baduzu? Eta euria egiten hasten bada?

Muturreko kasuetan, trenaren… aurreko aldean doaz. Baina aurreko-aurreko-aurreko aldean, aizue! Egoera erabat deserosoan, apenas eusteko aukera ematen ez duen tokian. Horretarako inola ere diseinatua ez dagoen tokian. Burutik jotan egon behar hor bidaiatzeko! Aukeran, hobeto oinez!

Garraio gainezka

Egia da kasu hauek mutur-muturrekoak direla. Jaialdi berezietan edo ospakizun erlijiosoetan, pelegrinazio edo erromesaldietan pilatzen dira, inoiz baino gehiago, tren eta autobusak (batzuetan kamioietan ere).

Edonola ere, argi dago garraioen maiztasuna handitu behar dutela. Baina herrialde pobreak dira eta ez omen dute aukera horretarako. Kasu askotan, ustelkeria dela eta, horretara bideratu beharrekoa ez da bideratzen. Edozein modutan, agintarien betebeharra izan beharko litzateke trenaren kanpoaldean bidaiatzea bezalako arau-hauste larriak ez onartzea. Hobe da ez bidaiatzea, modu hain arriskutsuan bidaiatu baino. Gainera, legez kanpoko bidaiari horiek ez dute xentimorik ere ordainduko hor bidaiatzeko, ezta? Ondo kudeatuz gero eta bidaiari horiei euren bidaiak ordainaraziz gero, funts gehiago edukiko dituzte garraiobideak eurak hobetzeko. Ea hurrengo urteotan egoerak hobera egiten duen herrialde horietan!

Garraioa gainezka!