Galdutako emakumeak

Galdutako emakumeak

Galdutako emakumeakZure hiriko mapa bat hartu, begiratu, eta orain bai, hausnartu dezagun. Hiri bat gorputz bat izango balitz, honen kaleak berezko zainak izango lirateke, izan ere, kaleak gorputz adarretara eramaten gaituzten bideak dira, hiria beraren atal eta izaeraren zati bat bihurtuz. Ondorioz ez ginateke biztanleok errepresentaturik ikusi beharko? Kaleak biztanleak osatzen dituzte, hala ere, batzuk beste batzuk baino gehiago agertzen dira. Kalez kale joaten garenean, idazle, mediku, ikerlari edo erregeen izenak edonon ikusten ditugu, ez da gauza arraroa. Izen guztiak irakurri ostean, izen gehienak gizonak direla antzematen dugu, sukaldean geratu ote dira emakumeak?

Kalez kale jarraitzen dugunean, orain bertan aurkitzen ditugun artelanetan erreparatzen hasiko gara. Artelanak edonon ageri zaizkigu, denden erakuslehioetan, iragarkietan edo pareten graffiti zikinduetan ageri dira, haien artean hainbat eskultura ikusiz. Oro har, hiriko instituzioak finantziatutako obrak izanik, eskulturetan ere hiri edo herrialdearen errepresentazio pertsonifikatu bat ikusten dugu, gehienetan oso modu agurgarri batean, palestra baten gainetik ikuslea begiratuz. Pertsonifikazio hauek gizonak direla berriz ere antzematen dugu, ez dira emakumeak hiri baten erakusle? Non geratu dira?

Zaila da baten bat aurkitzea, hala ere, saia gaitezen. Figura erlijiosoak alde batean utzi eta adi egon, edonon ageri daiteke emakume galduren bat. Zuhaitzen artetik iturri batera ailegatzen gara, eta hara non aurkitzen dugun gure desiatutako adibidea. Iturriaren erdian, edertasunaren sinbolo gisa, emakume biluzi bat ageri zaigu. Zergatik biluzik? Eta zergatik emakume bat? Jadanik finkatuta dagoen ikonografia baten aurrean gaude, Venus, edertasunaren jainkosa, bere gorputzeko atal intimoak estaltzen ditu, lotsati. Asmatuta badago ere edonon aurkitu daitekeen adibidea da.

Antzinarotik, eskulturak ez dute bakarrik zentzu dekoratibo bat, inguruko espazioari lotuta hiriaren izaeraren zati bat bilakatzen dira, mezu zehatz batzuk bidaliz. Biluzirik agertzen ez direnean, emakumeak ez dira gizonak duten agurgarritasun sentzazio hori transmititzen ari. Gizartea aurrera egiten ari dela saltzen diguten bitartean, hau ez dugu hiriko kaleetan ikusten. Emakumeok bigarren mailako paper bat betetzen jarraitzen dugu, izen propiorik gabe, gure inguruan asko badaude ere, ez ditugu emakume idazle, mediku edo ikerlarien izenak inon ikusten. Emakumeak berriz ere etxean geratu garela ematen du.

Aurtengo Goya sarietan ere antzeko gai bat atera zen. Cuca Escribano izeneko aktoreak bere soinean zeraman zapia harrotasunez erakutsi zuen; mezu bat zeraman, non pelikuletan emakumeentzat paper gehiago aldarrikatzen zuen. Gure hirietako kaleetan bezala, zineman emakumeari paper jakinak eman zaizkio: heroiaren maitalea, ama edo arreba, guztiak biziki edertuak eta berezko helbururik gabekoak. Non geratu dira benetazko emakumeak? Galdu ote dira? Mihi gaizto batzuek diote pelikuletan emakumeen paperen beharra ez balego, hauek zineman parte hartuko ez zutela, ez paintailaren aurrean, ez atzean, ikustezinak. Ez gara genero borroka batez ari, berdintasunaz baizik. Emakumeok bigarren mailako pertsonaiak izateari utzi behar diogu gure hiri, pelikula eta bizitzen protagonistak izaten hasteko. Gure eserleku deserosotik altxatuz eta ikuslearen papera betirako utziz.

Galdutako emakumeak Galdutako emakumeak Galdutako emakumeak