Fikzioa berriz ere gainditua

Fikzioa berriz ere gainditua

Fikzioa berriz ere gainditua

Errealitateak fikzioa gainditu zuen beste behin ere joan den astean: Madrilen txotxongiloak erabiltzen dituzten Titiriteros Abajoko bi pertsona atxilotu zituen poliziak Gora Alka-Eta jartzen zuen pankarta bat ateratzearren. Hedabideek azaltzen dutenez, pankarta fikzioaren barruan zegoen eta poliziak pertsona bat kartzelan sartzeko sorturiko frogak islatzen zituen. De facto, errealitateak fikzioa gainditu du eta bi pertsona kartzelan daude terrorismoa goraipatzeagatik.

Berdin dit Madrilgo Udalak adin guztietako ikuskizuna zela edo ez zela iragarri zuen ala ez. Ikuskizuna txarra edo ona, gustu onekoa edo txarrekoa ote zen niri bost. Halako iritzi, juzgu eta aitzakiak bere burua zuritu nahi dituztenen edota ikuskizuna ikusi zutenen esku uzten ditut. Bada, batetik, ez dut ikuskizuna ikusi, beraz ezin dut epaitu; eta bestetik, ez dut halako zurikeriarik egin behar txotxongiloak erabili dituzten Raúl G.P. eta Alfonso L.F.-ren askatasuna eskatzeko.

Badakit askotan geure gustuak eta adierazpen askatasunari jartzen dizkiogun mugak nahasten ditugula eta askotan zaila dela gustu txarreko edozer babestea, baina kasu honetan kontua argi eta garbi dago: pertsona bi kartzelan daude fikziozko pankarta bat egitearren. Euren aburuz poliziak sortzen dituen frogak salatzeko egin zuten eta bete-betean asmatu zuten: epaileak erakutsi die fikziozko frogak benetakoak bilakatu daitezkeela. Justizian ere, errealitatea nagusi.

PD: Hansek egindako argazkia.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Zer duzu buruan “Fikzioa berriz ere gainditua”-ri buruz