Ez dago mugarik?

Ez dago mugarik? –

– Oso ongi dago, benetan, baina pena bat da euskaraz izatea. Agian gaztelaniaz jarraitzaile gehiago izango zenituzke.

Ziur naiz askok eta askok entzun duzuela noizbait halako zerbait. Badirudi gure hizkuntza “txikiarekin” ezin dela ezer mundura zabaldu. Guretzat oso ongi dago, baina beste herrialdeetara zabaltzeko… agian hobe gaztelaniaz, frantsesez ala ingelesez egingo bazenu. Denok gara supereuskaldunak, denok jaten dugu taloa San Tomasetan (eta denok igotzen dugu argazkia Instagramera). Denok daramagu Gaztea Irratia autoan sintonizatuta, denok gara Chill Mafiaren fansak, denok dugu Egunean Behin mugikorrean instalatuta. Eta, orduan, denok gure hizkuntzaren alde lan egiten badugu, non daude mugak?

Batetik, ez nago ziur guztiok gure hizkuntzaren alde egiten dugunik. Egia da Instagramean guztiok igotzen ditugula baserritarrez jantzita gaudeneko argazkiak. Guztiok janzten dugu Euskaraldiko txapa. Guztiok irakurri dugu noizbait euskaraz idatzitako eleberriren bat. Eta guztiok dakigu zein urtetan argitaratu zen Lingua Vasconum Primitiae. Zeinen euskaldunak garen! Baina alferrik izaten da sareetan euskaldun izatea inork ikusten ez gaituenean ez badugu gure hizkuntzaren alde ezer egiten. Baliteke hori neoeuskalduntasuna izatea, sareetako euskalduna, e-euskalduna, etorkizuna. Hala izango da. Nik, behintzat, ez dut ulertzen.

Bestetik, ezin dut aipatu gabe utzi azken egunetako fenomenoa: Tanxugueiras taldearen “Terra“. Galizieraz abesten duen talde batek estatuko hizkuntza guztietan eginiko abesti bat, Eurovisionera joateko hautagai zena. Eta, tamalez, hautagai soilik. Kantuak garbi zioen: “ez dago mugarik”, “non hai fronteiras”, “no hi ha fronteres”, “nun hai fronteres”, “no hay fronteras”. Baina badirudi Benidorm Fest-eko epaimahaiari bost axola zaiola “guk nahi dugun” hori. Dirudienez, beraientzat ere estatuko hizkuntza ofizialetan egindako proiektuek ezin dute estatu osoa ordezkatu. Hori horrela, askoz hobea da gaztelaniaz eta ingelesez idatzitako regetoi abesti komertzial bat bidaltzea (SloMo – Chanel). Horrek bai ordezkatzen duela gure gizartea. Guztiok joaten gara “Bugatti”-an “party”-ra “boom boom” egitera. Dena den, agian ez dira beraiek errudun bakarrak. Azken finean, guk gure sortzaileak defendatu ezean, nola espero genezake beste norbaitek defendatzea?

Bada, mugarik gabeko herri honetan uste baino muga gehiago daude. Harresiak besterik ezin dira ikusi ortzimugara begiratzean. Eta, noski, harresi horiek ez dira kanpotik eraikiak izan, guk eraiki ditugu harriz harri. Honekin ez dut esan nahi gaztelania anglosaxoiean egindako musika ez dugunik entzun behar. Honekin ez diot gure harresietatik kanpoko guztia boikoteatu behar dugunik. Hala harresi horiek handitzea besterik ez genuke lortuko. Mugarik gabeko gogoeta honekin adierazi nahi dut norberaren esku dagoela gure kultura defendatzea eta, horrekin batera, ezinbestekoa dela gure erakunde eta komunikabideek, izan eskualde mailakoak zein estatu mailakoak, gure aldarri hau hedatzen laguntzea eta babestea. Sekulako aniztasuna duen herri batean bizi gara. Zergaitik ez erakutsi hori munduari?

Ez dago mugarik?