Euskararen jatorria

Euskararen jatorria –

Euskararen jatorriari buruzko hamaika teoria daude eta egoten jarraituko dira, euskara nondik datorren jakitea ezinezkoa baitirudi. Jatorri ezezaguna izan arren, mundu osoan famatuak izandako ikerlariak enigma hau argitzen saiatu dira. Wilhelm von Humboldten ikerlari horietako bat izan zen, euskara zientziaren ikuspegitik aztertzen lehenengoetarikoa izan zena.

Jende askoren ustez, euskara Europako baita munduko hizkuntzarik zaharrena da, bere jatorria jakiteko gai izan ez garelako. Jorge Maria Ribero Menesesen teoria da euskara eta Espainiako ijitoek hitz egiten duten kalo hizkuntza, jatorrizko hizkuntzatik gertuenak dauden hizkuntzak dira. Hau da, hizkuntza bat hitz egiten hasi zen, hizkuntza hori aldatzen joan zen eta gaurko hizkuntza guztiak orduko hasierako hartatik datoz. Baina esan beharra dago teoria hau ez dutela batere gogoko zientzialariek.

Ricardo Gómezen ustez, hizkuntza bat ezin da izan beste bat baino zaharragoa. Gehienez esan daiteke, hizkuntza bat zaharragoa dela leku batean, lehenago hitz egin bada leku zehatz batean, baina zentzu absolutuan hizkuntza bat ez da beste hizkuntza bat baino zaharragoa. Azkenean, hizkuntza guztiak aurreko egoera batetik datoz eta orduan denak daude maila berean. Kontua da kasu batzuetan ezagutzen dugula aurreko egoera hori, adibidez hizkuntza erromantzeen kasuan, gaztelania, frantsesa etab. latina ezagutzen dugula. Baina euskararen kasuan ez dugu etiketa bat aurreko egoera horri deitzeko.

Euskarak hainbat urteko historia duen hizkuntza da beraz beste hainbat teoria ere sortu egin dira denboran zehar. Beste teoria hauen ustez, Hizkuntza guztiak dute antzinakotasun berdina, guztiak baitoaz denboran atzera eta atzera lengoaiaren sorrera arte. Beraz, hizkuntza guztiak dira horretan berdinak, salbuespen bakarra esperantoa eta berrikitan asmatutako hizkuntza modernoak dira.

Baina zer dakigu 800.000 lagunek baizik hitz egiten dugun hizkuntza honi buruz? Zer dakigu duela 2.000 urteko euskarari buruz? Ikerlari adituen ustez, euskararen lurraldea oraingoa baino zabalagoa zen (Iparraldean Baionatik gora, ipar-ekialdean Paue alderaino, ekialdean Ilerdaraino (gaur egungo Lleida), hegoaldean Nafarroako erribera eta Errioxako iparralderaino eta mendebaldean Kantabriako ekialde eta Burgosko iparralderaino). Gainera, euskarazko lehenengo hitz idatziak garai hartakoak dira, Akitaniako hilarrietan agertuak. Akitaniera antzinako Novempopulanian, Pirinioetatik Garonaraino gutxi gorabehera (geroago Gaskonia izena hartuko zuen lurraldean), mintzatu zen hizkuntza hila da. Erromatarren konkistaren aurretik hitz egiten zen, eta Goi Erdi Aro arte iraun zuen. Arkeologiak eta toponimiak adierazten dute euskarari loturiko hizkuntza bat edo batzuk zirela. Geratu zaizkigun haren arrasto nagusiak hilarrietan zein jainkoei eskainitako testuetan daude. Hor, 400 bat pertsona-izen eta 70 bat jainko-izan ditugu.

2.000 urte urte asko dira, beraz, gaur egungo euskara zein hizkuntza familiatan kokatzen dute gaurko ikerlari gehienek eta ze hizkuntzekin konparatzen den jakitea komenigarria izango litzateke. Gaur egungo ikerlari gehienek, hizkuntza isolatua eta seniderik gabekoa dela esaten dutenean, familiarekin batekin ahaidetua dagoenik ezin dutelako frogatu da. Baina horrek ez du esan nahi sekula familiarik izan ez duenik. Baliteke aspaldiko iragan batean, euskarak bizirauten asmatu ez eta desagertu diren senideak ukan arren, bere familiatik bizirik irtendako bakarra izatea. Gainera, baliteke euskarak oraindik ezezaguna ez zaigun senideren bat izatea edo ez dakigula nola bilatu. Theo Vennemannen teoria dela eta Europa glaziazio ostean populatu zuten jendeek erabiltzen zituzten hizkuntzak ahaidetuak zeudela oraingo euskararekin, hizkuntza baskonikoak deituta. Bere teoriak adierazten du hizkuntza familia bat zela eta horretatik euskara da bizirik iraun duen bakarra.

Hizkuntza familia batean kokatzen saiatu ez ezik, beste hizkuntzekin ere konparatuta izan da. Esate baterako Ogam-rekin, zeltarren antzinako idazkerarekin, zuhaitzaren alfabeto zeltikoa ere deitua. 1968an Henry Gite erromanistak euskarako formetako bat zirela esan zuen nahiz eta hizkuntzalariek ez dute horrelakorik bat sinesten.

Euskara eta iberieraren artean harremanak daudela ere usten da. Iberierako inskripzio zaharrak euskararen laguntzarekin uler zitekeela uste baitzuten. Jun Boltek pisu zientifikoa eman zion teoria horri, Austriako Suhar hizkuntzalariak ere teoria hori defendatu zuen. Baina euskara eta iberieraren artean antzekotasunak egon harren ez gaude ziur egiazkoa diren ala ez.

Afrikako mendebaldeko hizkuntzekin ere konparatua izan da euskara, baita kaukasoko hizkuntzekin ere. Baina konparaketa horiek egin arren, Denis Creisselsren ustez ez dago euskararekin ahaidetasunik nahiz eta tartean azaleko kointzidentzia ugari izan.

Lotura horiek gutxi izango balitz, Iberiera, Akitaniera zaharra, Latina, Zeltera, Grekoa, Eslaviera zaharra, Sanskritoa, Piktoa, Afrika Iparraldeko berebereak, Egiptera zaharra, Saharaz beheragoko hizkuntzak, Sudangoa, Semitikoa, Minoikoa, Sumeriarra, Uralikoa, Suomia, Burutxaskia, Indiako Munda, Yenisei eta Siberiaoak, Txinar-tibetarra, Inuia, Ipar Ameritako na-dene eta batez ere, Kaukasoko ipar eta hogoaldekoekin ere lotuta izan da.

Euskararen jatorriari buruz ari garenean, aitzin-euskara hitza sarritan ateratzen da, baina ba ote dakigu aitzin-euskara zer den? Aitzin-euskara esaten zaio euskara historikoa (idatzia) baino lehenagoko euskara hipotetikoari. Euskarak ahaide ezagunik ez daukanez, barne berreraiketa izeneko teknikaren bidez garatzen da teoria hau. Arlo honetan aurrerapenik handienak Koldo Mitxelena eta Joseba Lakarra hizkuntzalarien eskutik etorri dira, biek garai ezberdinetako hizkuntza egoerak proposatu arren. Mitxelenaren lanak erromatarrak etorri baino lehenagoko hizkuntza egoera islatuko luke (aitzin-euskara), eta Lakarrarenak, bigarren urrats gisa, zeltak etorri aurretikoa (aitzin-euskara zaharra).

Gaur egun 7.000 hizkuntza hitz egiten dira. Batzuk hizkuntza handiak dira, etorkizunaren beldurrik gabe bizi direnak; beste batzuk, berriz, txikiak, oraina ere arriskuan ikusten dutenak. Nahiz eta zehatz mehatz esaterik ez dago 130 bat hizkuntza isolatu daude, euskara ospetsuena izanda. Izan ere, Ethnologue erakundearen arabera, 400 hizkuntza daude munduan 1.000.000 hiztunetik gorakoak, eta euskara da horietako bat. Beraz, esan genezake euskara munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen % 10ean dagoela.

Ziur nago euskararen jatorriari buruzko teoria gehiago sortzen joango direla, eta beharbada ez dugu inoiz jakingo nondik datorren. Baina zoriontsu sentitu behar gara munduko hizkuntzarik zaharrenetariko bat izateagatik eta duela hainbeste urte sortutako hizkuntza handiustez hitz egin beharko genuke.

Euskararen jatorria

Euskararen jatorria

8 pentsamendu “Euskararen jatorria”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-04-16 21:41

    Alde handia dago alajaina zure artikuluan eta “Baskoniako historia bat”-en esaten denaren artean. Gogoan dut kasualitatez “Baskoniako historia bat” telebistan ikusten ari nintzela, apur bat lokartuta, ederki esnatu ninduela euskara nondik datorren inolako zalantzarik gabe azaltzen ari zela ohartu nintzenean. Hain garbi eta zalantzarik gabe azaltzen zuen guztia! “Baina zer kontatu didate orain arte!” esaten nuen. Zure artikuluan berriz dena da zalantza. Eta zeinen ederra den “…zoriontsu sentitu behar gara munduko hizkuntzarik zaharrenetariko bat izateagatik eta duela hainbeste urte sortutako hizkuntza handiustez hitz egin beharko genuke” irakurtzea. Hori da nik ere pentsatzen dudana baina sedukzio arte eskasa dugu nonbait, inork ez du hitz egin nahi eta behintzat. Agian Hollywood-eko izarrak kontratatu beharko genituzke txantxangorriarekin behintzat jai dugu eta.

  • Zer dira eta hainbeste “haserre aurpegitxoak” erreportai honen balorazioan? Garraztasun gabe diot

  • Neri ere harritu egin dit horrek… Trollen bat izango da, ez dut bestela ulertzen eta.

  • Barkazazue, ez dut behin ere ikusi “Baskoniako historia” delako hori, baina kontatu didate mobida horretakoak jo ta ke ari direla zeltak hona eta zeltak hara, horiexek izan zirela hemengo populu zaharrena. Bego. Beste zerbait ere irakurri dut, Anbotoko Señoraren legenda zelta dela, ez dugula Señora horrekin zertan hain harro izan, hori ez delako batere euskalduna, euskaldundu aitzinako zeltek zutela hona ekarri .
    Zoritxarrez (haientzat) inork ez daki nolakoa zen antzinateko zelten mitologia, lau edo bost dibinitateren izenak eta gutxi gehiago baizik ez dira ezagunak. Anbotoko Andrearen legendak, dakigunez, antza handia du Erdi Aroko Melusina eta antzeko lamien istorioekin. Holakoak badira Frantzia osoan , penintsularen Iparraldean eta leku askotan; eta erdi aroko irlandar tradizioarekin lotzen dira. Baina Irlandako horrek antzinako zeltekin zerikusia duenez inork ez daki.
    Orduan, gu besteok bezala: Erdi Aroko Europan bazen tradizio fondo amankomun bat – eta gu Europan gaude. Hainbat hobe. Baina fondo amankomun hori ez zen prezisamente hispano-zelta (edo zeltibero). Barregarriak dira mende bat atzerapenarekin zeltomaniak joak diren jakintsu horiek!

  • Konplexua da kontua, izan ere, markagailu genetikoek diote nagusiki bi leinuren arteko nahasketatik sortu zirela euskaldun modernoak: R1b (Nordiko gorri edo proto-indo europar) haplotalde aitaren aldetik, eta H1/V/U5 haplotalde autoktono paleolitikoa, berriz, amaren aldetik. R1b haplotaldea proto-zelta gisa ezagutua da ere, eta horrek lotzen gaitu genetikoki irlandar eta galesekin. Berriz, haplotalde autoktonoak direla-eta mantentzen dute Baztandarrek, adibidez, lotura genetiko bat duela 15000 urteko indigenekin. Hala, talde genetiko ezberdinen hibridazioak espiritualtasun eta tradizioen nahasketa ere esan nahiko luke, eta hori mitologiaren bitartez garaturiko arketipoetan adierazten da. Anbotoko Mari arketipo unibertsal bat da, Eurasia osoan zabaldua eta esango nuke (Gea, Rea, Shakti, Annan…) R1 leinu genetiko horrekin lotzen dela, hain zuzen ere, gure Ortzi lotzen den bezala Zeus edo Wotanekin, alegia, Cro-magnon gizakiaren ondorengo herri patriarkalen jainkoekin. Guzti horrek zer esan nahi du? Anbotoko Mari zelta dela? Bada, ez. Esan nahi duena da euskaldunak ez garela guztiz isolaturiko herri bat eta ezaugarri asko partekatzen ditugula Eurasiako herriekin aspaldidanik lotura antzestral horiek direla-eta. Horretaz gain, zelta hitzaren esanahi modernoa ez dagokio nazio edo herri zehatz bati, Europa mailan burdin-aroan eman zen kultura hegemoniko bati baizik, azken uholde indo-europarrek mendebaldea kolonizatu zuten heinean gauzatua. Baskoien, akitaniarren eta euskaldunen lurralde historikoan zeltiarren propio diren hiribilduak, aztarnak eta zelterazko estelako aurkitu izan direla? Ba erromatar-garaian euskaldunak latinizatu ziren moduan, edo egun erdaldundu garen moduan. Baina horrek ez du esan nahi bertoko autoktonoak herri edo nazio zelta zirenik, euskaldunak, aldiz, Garonaren goi-aldetik iritsitako gizajo batzuk izango ginatekeelarik. Dena den, nik bai uste dut euskaldunen heartland edo epizentroa Pirinio zentrala eta bere bi aldeak direla, osotasunean, EHtik kataluinaraino, eta beranduago mugitu dela epizentro hori kantauri isurialdera. Euskarari dagokionean, nik uste dut bai dela historia-aurretik iraun duen hizkuntza bat, akaso H1/V/U5 haplotalde autoktonoak zerabilen horren ondorengoa. R1b proto-zeltak gizon autoktonoak akatu eta H1/V/U5 emakumeekin elkartu izan zitezkeen hipotesi moduan, baina hizkuntzak amaren bidez igorri ohi dira eta agian ama horiei esker mantendu izan da euskara orain arte. Nork daki.

  • Josu Lavin

    Oier, bicaina!

  • Euskerak berezitasun mabarmen bat du. Izenordainek eta aditzak osaketa zehatza eta zuzena osatzen dutela, alegia. Beste hizkuntzek aldiz, osaketa akatsduna ageri dute (irregular).
    Hau esana dute aurreneko hizkuntzalariek. Egungo hizkuntzalariek ez dira ohartzen honetaz.
    Adibide bat: “Fui” bi aditzen era da. “Fui”k eredu “IR” eta “SER” aditzen errorik…….
    Euskal aditz-izenordainen osaketak beste hizkuntza batetik ezin etorria agertzen duelako naiz.
    Honetaz, bideotxo batzuk ikusgai ditut youtube, BATEN BATERA izenpean.
    Badago zertan sakondu. Kontua, zerren bila gabiltzan izan ohi da.

  • Erru argiketa. Presaka izanaren ordaina.
    Adibidean, “FUI” hitzak ez du “ser” eta “ir” aditzen errorik. Eta “normala” deritzogu.
    Euskeraren harreman egitura, izenordainen eta aditzearen osaketa, berezkoa eraketa oso bat dela erakusten digu. Euskalkiek joskera osaketa bera dute.
    Beste hizkuntzek aldiz, beste osaketa era bat dute, akatzez edo “irregulartasunez” osaturik.
    Hauek, euskeraren osotasun batetik, apurtu eta birosaketa ageri dute…….
    Berez dena osoa da, guk apurtu ditzazkegu!!!
    Zaindu eta ongi izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude