Etorkizunean, sexu-harremanik ez umeak edukitzeko

Etorkizunean, sexu-harremanik ez umeak edukitzeko –

ETORKIZUNEAN, SEXU-HARREMANIK EZ UMEAK EDUKITZEKO

 

INGENIARITZA GENETIKOAK, ABERATS ETA POBREEN ARTEKO ALDEAK AREAGOTU DITZAKE

Jende askok, hemendik urte batzuk barru, ez ditu sexu harremanik edukiko umeak edukitzeko. Arraroa iruditzen? Tira, ba, hori gaur egun jadanik gertatzen da: horren adibide, ernalkuntza artifizialera jotzen duten emakume andana. Askok ziurrenik ikusi dituzue telebistan IVI deituriko enpresaren iragarkiak (baina, berez, mota horretako enpresa asko egon badaude).

Batzuk euren ume propioa edukitzeko eta beste batzuk besteei “umetokia alokatzeko”, ernalkuntza zerbitzuak erabiltzen dituzte. Arrazoiak hauek izan daitezke (aita zein amarengatik):

  • Antzutasun arazoak
  • Bikotekide falta
  • Homosexualtasuna
  • Azkartasuna nahi (gaur egun, emakume askok 40 urterekin umea eduki nahi dute eta batzuk sei hilabetez saiatu ondoren, urduri jartzen dira eta laguntza “estra” nahi dute).

Etorkizunean, sexu-harremanik ez umeak edukitzekoEta azken arrazoi bat, garrantzitsuena eta erabakigarriena, baina gaur egun, hastapenetan dagoena: Genetikoki moldatu ahal izatea jaioko den gizakia.

Azkenengo teknika hau, uste baino zabalduago dago. Elikagaietan eta animalietan, adibidez, teknika hauek hamarkadak erabiltzen daramatzate. Guk jaten dugunaren zati handi bat genetikoki egokitua izan da.

Baina zergatik hedatuko da gizakien kasuan? Bada, adituek diotenez, bioteknologia eta nanoteknologiak aurrera egin ahala, genetikoki aldaketak egitea errazagoa izango da. Jaio behar den umearen osasuna hobea bihurtuko du eta pertsonaren ezaugarri batzuk aukeratu ahal izango dira.

Gaur egun inork ez du nahi zaldiekin bidaiatu autoak baldin baditugu. Inork ez du animaliarik jaten, aldez aurretik kontrol medikuak eta higiene baldintzak ziurtatuta ez baditu.

Urte batzuk barru, inork ez omen du planteatuko laborategitik pasatu gabeko umerik edukitzea, horrek arrisku asko deuseztatuko dituelako. Ondorioz, fenomeno honek gozamenerako ekintza soil-soilik bihurtuko ditu sexu harremanak.

Gai honen inguruan eztabaidatzen duten adituek eragozpen eta abantaila ugari aurkitu dituzte; haien artean, esan bezala, gaixotasunak saihesteko posibilitatea. Halarik ere, naturaltasuna galduko dela edo pertsona boteretsuek haien helburu pertsonalentzako erabiliko dituztela ere badiote jakintsuek.

Gaixotasunak saihesteko posibilitatearen kasuan, ingeniaritza genetikoaren inguruko polemika zabaldu egin da mundu osoan zehar. Ingeniaritza genetikoa genetikaren atal bat da eta material genetikoaren manipulazioan datza lehen aipatutako helburuak betetzeko. Hau guk geuk praktikan jartzeko, diru kantitate jakin bat behar da (gaur egun, Euskal Herrian, 6.000€ balio dute merkeenek); horren ondorioz, ez dago edonoren esku.

Ingeniaritza genetikoak, nolabait, gizakien etorkizuneko ongizatea bermatzen du eta jendeak hori nahi izanez gero, askok horren aldeko hautua egiten dute. Aipa dezagun bidenabar material genetikoa manipulatzean, hainbat arazo ager daitezkeela; hala nola, geneari txertatutako mikrobioak nahigabe laborategietatik ihes egin lezakete, epidemia bat hedatuz, eta honek gizakiak hobetu beharrean, kontrakoa eragingo luke.

Etorkizunean, sexu-harremanik ez umeak edukitzekoBestalde, gai honi helduta, GATTACA izeneko filma aipatzekoa da. Izan ere, 1997an estreinatu zen pelikula honek etorkizunean kokatzen gaitu eta garai horretan, haur gehienak in vitro jaiotzen direla planteatzen du.

Filma honetan zehar, Vincent-en istorioa kontatzen da. Vincent naturalki jaiotako mutila da, alegia, gehiengoa ez bezala; eta bere bizitzako ametsa betetzeko, bere nortasunari buruz gezurra esan behar du.

Film famatu honetan ikusten den bezala, genetikoki eraldatuta egon gabe edo “naturalki” jaio diren pertsonak baztertzen dituzte soilik bere jatorria kontuan izanda, eta ez beraien ahalmena aintzakotzat hartuz. Horrenbestez, pertsonok mailatan sailkatuak egongo ginateke, eta genetikoki eraldatuta dauden pertsonek naturalki jaio direnak menperatuko lituzkete.

Alabaina, aurrerapen honek gaixotasun asko saihestea laguntzen du, eta horrek onuragarria izan liteke gure bizi kalitatea eta bizi itxaropena hobetzeko; dena dela, lehen aipatu bezala, lur planetako gizaki guztiak ezingo lirateke honetaz baliatu.

Egia esanez, hainbatek ingeniaritza mota honetaz baliatzea moralki oker dagoela ikusten dute; ez bakarrik pertsonen jaiotza enpresa eta interes pribatuen esku geratzeagatik, baizik eta gizaki erabat arraro, muturreko ezaugarriak dituztenak, sortzeko atea irekitzeagatik.

Auskalo zer gertatuko den benetan, baina hausnarketa egitea merezi du, bederen… bai ezta?

Etorkizunean, sexu-harremanik ez umeak edukitzeko

3 pentsamendu “Etorkizunean, sexu-harremanik ez umeak edukitzeko”-ri buruz

  • Oso interesgarria

  • Interesgarria bainoago beldurgarria esango nuke nik. Distopiarik okerrenetako kontuak dirudite hauek, pertsonak ganadua bezala maneiatzeko teknologiak. Iada hasita daude leku batzuetan gizakiei azal barnean txipa jartzen, pentsa. Hamaika ikusteko jaioak gara!

  • Aitzol Azurtza 2018-09-12 18:09

    Egoera horretara iritsiko gara non umekia probetan sortu eta inkubagailuan garatuko den.

    Emakumearen uteroa ez da beharrezkoa izango giza-ugalketarako eta emakumeek beren obulutegiak noiznahi kendu ahal izango dituzte hilerokoaren gogaikeria etengabea ekiditeko.

    Obulutegi hauetako obuluak izozkailuetan gordeko dituzte, emakumeak (edo bikoteak) haurra izan nahi du(t)enerako.