Espagetizko Munstro Hegalaria

Espagetizko Munstro Hegalaria

Espagetizko Munstro Hegalaria
MonEsVol

Oh, zeru gourmetetan zaudeten tagliatelleak

Zuen irina santutua izan dadila

Zuen nutrienteak guregana etor daitezela

Zuen Lurrarekiko nahiak bete daitezela platerretan gertatzen den bezala

Eman diezazkiguzu gure eguneroko haragi-bolak

Barkatu gure gula, guk zu jaten ez zaituztenak barkatzen ditugun bezala

Ez diezaguzu zutaz ez elikatzeko tentazioan erortzen utzi

Eta gosez egoteko egoeraz libra gaitzazu

Ramén*.

.

Seguruenik orain arte ez duzuela ezer ulertu, baina Ramen eta irakurri berri duzun otoitzak duen estruktura dela eta, agian, orazio bat dela konturatu zarete. Baina nori egindako orazioa izan daiteke, espageti eta haragi-bolak barneratzen dituen orazio bat? Espagetizko munstro hegalari bati? Ba, bai, hain zuzen ere.

MonEsVol (Espagetizko Munstro Hegalaria) edo FSM (Flying Spaghetti Monster) ingelesez, duela urte batzuk sortutako sinesmen berriko jainkoa da. Sinesmen berri honek Pastafari du izena, eta gaur egun milaka pertsonek aukeratutako erlijioa da. Aurrerago erlijio hau nola eta zergatik sortu zen irakurriko duzue, baina labur esanda, testuaren nondik norakoa ulertzeko, Pastafarismoa Estatu Batuetan hartutato erabaki baten aurka jaio zen. Erabaki honetan, eboluzionismoaz aparte, munduaren sorrera nola gertatu zen azaltzen duten beste teoria erlijioso batzuen irakaskuntza baimendu zuten. Horrela, Pastafarismoak erlijio bat edozeinek sor lezakeela erakusteko sortu zen. Horregatik, Pastafarismoak beste erlijio guztiek dituzten gauza berdinak ditu (jarratzaileak, mandamentuak, nola sortu zen azaltzen duen teoria…), baina bere erara (modu sarkastiko edo ironikoan). Hona hemen Pastafarismoko Zortzi Gozagarriak edo “nahiago nuke ez egitea”** pare bat, erlijio hau hobeto uler dezazuen:

  1. Nahiago nuke Nire Tagliatellezko Jainkotasunari buruz hitz egiterakoan, mintzalari ergel baten antzera jokatuko ez bazenu. Norbait nigan sinesten ez badu, utz ezazu.
  2. Nahiago nuke nire izatea, zapaltzeko, menderatzeko zein zigortzeko erabiliko ez bazenu. Ez ditut nire izenean sakrifiorik behar, garbitasuna (birjintasuna) urarentzat da, ez pertsonentzat (beste erlijioetan, ezkondu arte, birjintasuna mantendu behar da, baina gurean horrek ez du garrantzirik).
  3. Nahiago nuke jendea nola jantzi egiten duenagatik juzgatuko ez bazenu, edo duten itxuragatik, edo hitz egiten duten eragatik. Sartu buruan emakumeak = pertsonak direla, gizonak = pertsonak eta garagardoa = garagardoa dela. Hauetatik bata ez da bestea baino hobea. Modari buruz hitz eginez gero, haatik, emakumeak eta urdina eta urdin argia desberdintzen duten gizonak bai direla hobeak (denok dakigunez, gizon gehienak ez dira kolore bi haien arteko ñabarduraz ohartzen).

    Espagetizko Munstro Hegalaria
    Mosey Saltsa mendian “nahiko nuke ez egitea-k” hartzen.

Dirudienez, MonEsVolek estimu handia zion piratei. Horregatik Mosey kapitaina aukeratu zuen harrizko 10 tabletan egindako idazkiak (“nahiko nuke ez egitea”) emateko, Saltsa mendiaren tontorrean. Mosey idazkiei “10 flota-buruak” bezala deitu zien. Baina Lasagna itsasontzira bueltatzen zegoela, bi taula lurrera jausi eta betirako galdu zituen. Horregatik tripulazioari “8 flota-buruak” bezala aurkeztu zien MonEsVolek emandako idazkiak. Baina tripulazioak “flota-buru” hitza ezagutzen ez zutenez, gozagarriak* bezala ulertu zuten.

.

*Ramén: salda batean fideoak dituen plater txinatarra. (Shin Chani hainbestetan jaten ikusi ditugun fideoak bezalakoak).
**Zortzi Gozagarriak edo nahiago nuke ez egitea esatean, Hamar mandamentuen haritik doa.
***Gazteleraz comandamiento (flota-buru) eta condimento (gozagarri) nahastea erraza izan liteke,
garaiko pirata batzuentzat bederen.

.

Sorrera

Ikusten duzuenez, nahiz eta erlijio bat izan, kontrakoaren antzera jokatzen du Pastafarismoak, izan ere, Bobby Hendersonek (Pastafarismoaren sortzailea), Kansas State Board of Education 2005-ean hartutako erabaki baten gaitzespen bezala sortu zuen erlijio hau.

Erabaki honetan, eskola publikoei “adimenezko diseinua” (erlijioaren kreazionismo teoria) erakusteko baimena ematen zien eboluzioarekin batera. Norbaitek baldin ez badaki, “adimenezko diseinua” edo “intelligent desing” argumentu erlijioso bat da, eta horrela dela egiaztatu dute zenbait irakaslek eta zientzialarik; horregatik “adimenezko diseinua” irakastea “kreazionismoa” irakasteko modu bat izan daiteke. Erabaki hori ez zitzaion gustatu Hendersoni. Bere ustez, mundua nola sortu zen azaltzen duten teorietatik, eskoletan bakarrik eboluzioa irakatsi behar da, hau baita froga behagarrietan oinarritzen den teoria. Horregatik, erlijioek oinarri finkorik ez dutela erakusteko, bere erlijioa sortu zuen. Eta bere erlijioa “kreazionismoa”-rekin batera irakatsi ahal zelakoan (biak baitira gizakiak sortutakoak), hurrengo gutuna idatzi zien kontseiluari:

“Hiru teoria hauek, gure herriko zientzietako klase guztietan era berdinean irakasteko momentua noiz iritziko den irrikarekin itxaroten gaudela uste dut. Zientzia klaseko orduen heren bat “adimenezko diseinua”-rako (kreazionismorako), beste heren bat Espagetizko Munstro Hegalariarentzako eta azkenik beste heren bat behagarriak diren froga nabarmenetan oinarritutako susmo logikoentzat (eboluzioarentzat)”.

Kontseiluan guztiok ez ziren “adimenezko diseinuaren” aldekoak. Eta hauek Henderson-ekin batera gero eta indar handiagoa izaten hasi ziren. MonEsVol zenbait web gune ospetsuetan agertzeraino heldu zen, eta azkenean, 2006-an KSBE-k hartutako erabakia atzera bota behar izan zuten. Baina Pastafarismoak ez zen hor bukatu, eta gero eta Pastafari (jarratzaile) gehiago izaten jarraitu zuen eta erlijio erreal bezala finkatzen joan zen, erlijio batek izan behar dituen gauzak izanez. Hala nola bere izatearen arrazoiketa.

.

MEV-aren argumentu kosmologikoa (kalam*-ean oinarritua):

  1. Premisa: existitzen hasten den guztiak zergati bat du.
  2. Premisa: unibertsoa noizbait existitzen hasi zen.
    1. 1. Ondorioa: unibertsoaren existentziak zergati bat du.
  3. Premisa: azalpen zientifikorik lortzen ez direnez, unibertsoa sortu duen zergatia naturaz gaindikoa izan behar da. Hau da, unibertsoa jainko batek sortu behar izan zuen.
    1. 2 Ondorioa: jainko bat existitzen da.
  4. Premisa: jainkoek beti sortu dute gizakia bere itxura jarraituz.
  5. Premisa: gizakien burmuinak espagetizko lapikokada bat dirudi.
    1. 3 Ondorioa: Honegatik, MonEsVol existitzen den Jainko erreal bakarra da.

.

*Kalam: islamaren zientzia erlijioso bat da, eta dialektikatik ateratako printzipio teologikoak.
Espagetizko Munstro Hegalaria
Azken afaria, MonEsVol erdian.

.

Pastafarismoa eta ofizialtasuna

Espagetizko Munstro Hegalaria
Bere eskubideengatik borrokatu duen pastafarista

Hendersonek berak aurretik aipatutako gutuna entretenitzeko xede hutsarekin egin zuela aitortu zuen, ez baitzuen imajinatzen sortutako erlijio berri honek azkenean izan dituen ondorioak izan zitzakeenik. Gaur egun, Pastafarismoak milaka jarratzaile ditu, hainbeste dira hauek, non zenbait herrialdetan erlijio hau ofizial bihurtzeko eskatu duten. Baina orain arte, ofizialtasun hori baimendu duen herri bakarra Herbeeretako Merkataritza Ganbera izan da. Haatik, Pastafarismoak erlijio ofizialek bakarrik lor dezaketen zenbait gauza lortu dituzte. Horrela, judioek kipá*, hala nola, musulmanek Hiyab** eramaten duten bezala, pastafarien ikur erlijiosoa buruan espagetizko iraztontzi bat eramatea da. Txekiar Errepublikan eta Austrian kasu batzuk egon dira, zeinetan pastafariek gidatzeko agiriko argazkian iraztontzi batekin agertu diren. Izan ere, bi herrialde horietan gidatzeko agiriko argazkian ezin zaitu ezer burua estali, jantzi erlijiosoak izan ezik. Beraz, aipatutako erlijio ofizialek egin dezaketen gauzetan sartzen da azken hau, baita Zelanda Berrian egindako lehenengo ezkontza Pastafaria ere. Espainiar estatuan ere pastafariek erlijio ofizial bihurtzeko bi ahalegin egin dituzte 2010 eta 2016-an, bietan ezezkoa eskuratuz.

.

*Kipá: judutarrek burugainean daramaten kapela.
**Hiyab: neska musulmanek eramaten duten buruzapia.

.

Piratak eta Beroketa Globala

Jadanik esan dut MonesVolek pirata-herria gogoko zuela. Baina noski, Pastafarismoak piratekiko duen ikuspegia ez da gaur egun munduan zabaldu dena, gaur egungo ikuspegia Erdi Aroko kristau teologoen ezjakintasunaren ondorioa baita. Piratek jatorriz, bakea maite duten esploratzaileak eta borondate oneko “barreiatzaileak” edo “hedatzaileak” izan dira. Gainera, korrelazio bat dagoela ikus daiteke beroketa globalaren eta pirata kopuru txikiagotzearen artean:Espagetizko Munstro HegalariaGrafiko hau ere bidali zuen Hendersonek. Noski ez dute hau sinisten, eta helburua talde erlijioso batzuek esaten duten baizetapenari trufa egitea da, korrelazioak zergatia behar duela hain zuzen ere. Hala nola munduko gerrak eta zoritzarrak gero eta ohikoagoak direla munduan balore erlijiosoak galtzearekin batera.

.

Iritzia

Nire burua pastafari moduan ikusten dut, eta ez bakarrik ikusi, inauterietan MonEsVolez mozorrotu egin naiz. Pena bat zen ia inork ez zuela pertsonaia ezagutu, begiratu bai, baina ondoren zertaz nindoan galdetzen zidaten. Gutxi batzuk izan ziren MonEsVolez mozorrotuta nindoala asmatu zutenak, agian ezin duzue sinetsi baina gauean lau edo bost izan ziren, imajina dezakezue nire zirrara asmatzen zutenean, are gehiago atzetik mutil batek eta neska batek -Jainkoa!- esan eta bira eman nuenean, buruan iraztontzi batzuk zeramatela ikusi nuenean, MonEsVol jarratzaileez mozorrotuta! Suposatzen dut haiei ere ilusioa egingo ziela ni ikustea.

Baina iritzira bueltatuz, egongo da jendea esaten duena, erlijio hau bestez barre egiten duela, ez baita serioa. Egia izan daiteke, bakoitzak bere ikuspegia du, baina pastafari batek esan zuen moduan: “MonEsVolean sinesten dutenak baketsuak dira, adimen irekia dute, formazio on bat dute eta dogmatismoari uko egiten diote. Pastafaristek ez dugu inoiz guda bat hasi eta ez dugu inor hil gure sinesmen berdinak ez zituelako. Beraz, gure erlijioen arteko historia alderatu.” Eta honen aurrean, inork ezin dezake ezer esan.

Ez dut erlijioa gorrotatzen, are gehiago, gero eta gogokoa dut. Erlijioak (kristautasuna, judua eta islama) munduaren sorrerari erantzun bat bilatzen saiatu ziren, mandamenduak eta istorioak eratu zituzten, jendea hezteko. Hau da, esan daiteke erlijioaren sortzaileak nolabait garaiko “aurrerakoiak” zirela eta herriaz kezkatzen zirela. Adibidez, badakizue zergatik musulmanek ez duten txerria jaten edo alkohola edaten? Ba orain dela urte asko, txerria jan zein alkohola edan oso arriskutsua izan zitekeen eta osasunarentzat (garai hartan txerriek beste abereek baino gaixotasun gehiago zituzten eta heriotza asko omen zeuden txerrikiak irenstearen ondorioz). Gainera, erlijioak, ontasun baloreei esker (ez hil, pobreak lagundu, ez lapurtu…), balio zezakeen jendearen gaiztakeria mugatzeko, inpunitatea zegoen garaian.

Esandako hiru erlijioek sorrera berdinetik datoz, baina ondoren jendeak egindako suposizioengatik edo ez dakit zerengatik banandu eta gerrak eta norbera bere jainkoa maitatzea eragin du. Honekin esan nahi dudana, erlijioak sorreraz behintzat, intentzio onak izan zituela, hau sortu zutenek herriaren onerako egin zutela uste dut, norbaitek Tronuen Dema (“Juego de Tronos”) ikusten badu, sortzaile horiek “Txantxangorri Gorena” (“High Sparrow” edo “El Gorrion Supremo) bezala imajinatzen ditut. Eta sortzaile hauek gaur hilobitik burua altxatu eta hil zirenetik gertatutako dena entzungo balute, hurrengoa esango luketela uste dut:

  • Baina ze arraio. Guk erlijioa gizakiaren existentziari buruzko arrazoi bat emateko sortu genuen, herria balore onetan hezteko eta geneukan bizitza zorigaiztoan, hiltzeko beldurrik ez izateko. Nolatan jarrai dezakezue, gaur egun, munduaren sorreraren inguruan dauden frogak izanik, erlijioa jarraitzen segi! Nolatan egin ahal izan dituzue historian zehar lapurreta horiek, nolatan izan dezake elizak hainbeste diru eta jendeak zer jan ez duela hiltzen eta kalean bizitzen egotea, nolatan gure hitza sakabanatzen dutenak umeak bortxatu egin dituzte nolatan debekatzen dituzue sexu harremanak gaur egun sexuaren bidezko gaixotasunak arriskua suposatzen ez duenean!!! Mesedez, utz ezazue guk sortutako erlijioa alde batera, XXI. mendean zaudete, erlijio bateko kide izan nahi baduzue, sar zaitezte Pastafarismoan.

Izan ere, nik aipatzen dudan erlijioaren eta Pastafarismoaren artean desberdintasun handirik ez dagoela uste dut. Erlijioa balore onak ditu (Pastafarismoak bezala), eta orain dela gutxi konturatu naizen zerbaitez izan da. Erlijioaren itxura bere onurarako erabili duten fededun eta predikatzaile guztiek zikindu dutela uste dut. Horrek ez du esan nahi gaur egun erlijioa predikatzen duten guztiek horrela jokatu dutenik, izan ere erlijiosoak diren pertsona on asko existitzen dira. Eta pena bat dela uste dut, erlijioaz nuen ikuspegia gaur egun jende askok duela uste dudalako, zenbait pertsonari egindako ekintzak direla eta, baina dirudi erlijioso batzuk DNA-an daramatela pertsonei gauzen ikuspuntua aldatzeko gaitasuna, MonEsVolek maite dituen pirata baketsu eta ohorezkoekin egin zuten bezala.

.

MONESVOLez MOZORROTU NAHI BADUZU…

Amaitzeko, hemen uzten dizuet MonEsVolez mozorrotzeko gida. Mozorroa nola geratzen den ikus dezakezue hurrengo irudian, nik neu egin eta mozorrotutakoa!

  1. Espagetizko Munstro Hegalaria
    Ni MonEsVolez mozorrotuta

    Hartu betaurreko batzuk kristalak ez dituztenak (Berto Romerok dituenak bezalakoak, 2€ balio dituztenak)

  2. Itsatsi aldeetan bi haragi-bola zeloarekin. (Nik bi haragi-bola erraldoi inprimatu nituen, eta ondoren itxura berdineko kartoietan itsatsi nituen kolarekin).
  3. Ondoren jarri diadema gogor bat eta betaurrekoak. Diademak betaurrekoekin bat egin beharko dute, nik zeloa erabili nuen, hau egingo duzuen hurrengo pausurako balioko du.
  4. Diademara bi burdin hari lotu. (Nik burdin hari bakoitza diademan bira batzuk eman eta horrekin balio izan zuen, burua eta burdin hariaren artean zerbait bigun itsatsi bestela min egingo dizu, kleenex batekin balio du).
  5. Burdin hari bakoitzetik makarroiak sartu topera arte, ondoren jarri poliestilenoko bi bola eta margotu borobil beltz bat bakoitzean. (Poliestilenoa biguna denez, erraz sartuko da, baina kontuz, ondoren makarroietara zeloarekin itsatsi beharko dituzu, bolak bere ardatzean bira egingo dute eta begi bakoitza alde bakoitzera begira izango dituzu bestela! Nahiz eta poliestilenoak gutxi pisatu, diadema mugitzeko pisua badauka, horregatik diadema betaurrekoetara lotu behar dituzu!
  6. Urrats luzeena. Hartu mehe baina apurtuko ez den haria (10 metro gutxi gora behera). Hasi makarroiak sartzen bihar mundua amaituko balitz eta mozorro hori gure bizitzak salbatzeko balio balu bezala. Bukatzen duzunean ia prest zaude.
  7. Egin 20 cm-ko 8 hari, eta sartu makarroiak hauetan ere.
  8. Jarri arropa luzeak argazkian bezala, profeta bat zarela iruditu behar du!
  9. Jarri betaurrekoak (ondo egin baduzu, betaurrekoekin batera diadema eta begiak jarriko dituzu).
  10. Eskatu norbaiti laguntza, jarri 10 metroen hasiera buruaren leku batean eta hasi zure gorputza biratzen, joan zaitez buruaren leku guztiak estaltzen eta bukatu gorputzean lepoko batzuk egiten. Amaitzeko hartu egindako 8 hari txikiak eta jarri ahoa izango balitz bezala. Badakizue, “Zoiberg” bezala!
  11. B plana: utzi mozorro hau, erosi eskularru eta txano larrosa bana eta joan “Zoiberg”-ez mozorratuta (beherago irudia). (Benetako pastafari batek beti eman behar ditu B aukerak).
Espagetizko Munstro Hegalaria
Ni Zoiberg-ez mozorratuta
***Gauean begietan mina baduzue, kendu mozorroa, nik bitan mozorrotu naiz eta batean kendu behar izan nuen, nuen ikuspen murriztuagatik.
*** Nahi baduzue hasieran idatzitako otoitza eraman dezakezue kartoi batean, pergamino bat izango balitz bezala.
***Atera zaitezte eta gure mugimendura batuko diren jarraitzaile gehiago lortu! Espero dut erlijioa gustukoa aurkitu izana! ARRRGH!

.

BIDEOA! I’M PASTAFARIAN!

Espagetizko Munstro Hegalaria Espagetizko Munstro Hegalaria Espagetizko Munstro Hegalaria Espagetizko Munstro Hegalaria
Espagetizko Munstro Hegalaria Espagetizko Munstro Hegalaria Espagetizko Munstro Hegalaria Espagetizko Munstro Hegalaria

3 pentsamendu “Espagetizko Munstro Hegalaria”-ri buruz

  • Beno, Tximinoa, Materia eta Paper-ak gurtzen dituen erlijioak ere bere grazia du.

  • Ona. Baina zergatik erabiltzen duzu behin eta berriz espainolezko akronimoa MonEsVol, eta ez jatorrizko ingelesezkoa edo euskaraz moldatutako bat?

    • Martin Gregorio Iturralde 2017-08-17 18:42

      Berez akronimoa MEV da, ingelesez FSM bezala. Deitura bat jarri behar nuenez. MonEsVol deitzea aukeratu nuen, ingelesez FlySpaMons ez da existitzen, imaginatzen dut txarto geratzen delako, eta euskararen kasuan berdin, EsMonHeg ondo geratzen ez dela uste dut (agian MonEsVol-ekin berdin gertatzen da lehenengo aldiz entzuten duzunean, baina ohituta nagoenez ondo geratzen dela iruditzen zait).
      Edozein modutan, jakin dezazula itzultzea kontuan hartu dudala eta ingelesezkoak askotan erabiltzen ditudala. Eskerrik asko zure ekarpenagatik!