Erromantizismoa… Non?

Erromantizismoa… Non?

Duela egun batzuk Richard Gere eta Julia Roberts aktoreek protagonizatutako Pretty Woman filma bota zuten telebistan. Nola ez, hamargarren aldiz eduki ninduen pantailaren aurrean begirada aldendu gabe. Nola ez,begiak zabalik nituela amets egin nuen protagonisten arteko eszenarik erromantikoenen aurrean. Baina filma amaitu eta handik ordu-erdira, malkoak lehortu ezinik nenbilela oraindik, filmak aurkezten zizkigun eszena batzuez oroitu nintzen eta hitz bakar bat etorri zitzaidan burura: matxismoa.

Ez dut matxismo eta feminismoari buruzko sermoirik botako, denok argi baitaukagu (edo hala izan beharko luke behintzat) gizartearen arazorik handienetako bat zein den. Ez, gaurkoan denbora askoan buruan darabildan gogoeta batzuk idatziko ditut orri zurian. Izan ere, liburu eta film asko daude gure artean maitasuna eta erotismoa matxismoarekin lotzen dutenak.

Erromantizismoa... Non?

Denok ikusi dugu noizbait Pretty Woman filma, denok maitemindu gara apurtxo bat Richard Gere gizon dotore eta aberatsaz. Baina filmak erakusten duen irudi estereotipatu eta matxista gutxitan analizatu da, eta ni naiz ezikusiarena egin duen aurreneko pertsona, gaur arte. Filmak neska babesgabe bat hartzen du protagonistatzat, bizitzak gaizki tratatu duen prostituta bat, hain zuzen. Neskaren ikuspegi eta ideia guztiak aldatzen dira ordea Richard Gere gizon aberats eta dotorea bere bidean topatzen duenean: orduan “egoki” janzten erakusten diote, “egoki” jaten… Eta poliki-poliki neskaren nortasuna aldatzen doa, leun-leun, inor ohar ez dadin, inork garrantzirik eman ez dakion.

Beste adibide garbi bat jartze aldera, duela gutxi literatura erotikoko arrakastarik handienetakoa izan ziren bi liburuz hitz egingo dut, bi, nahiz eta publiko desberdinarentzat izan, argumentu eta mezu antzekoak dituztelako: After eta Greyren 50 itzalak. Ez dit lotsarik ematen biak irakurri ditudala esateak, baina bai momentu batean atsegin izan nituela aitortzeak. Harreman toxikoak, gizonen botere mugagabeak, nortasun finko gabeko neskak… Izan ere, oraindik ideia hori aurkezten saiatzen dira komunikazio bide asko, eta gu ez gara ohartzen, guk disfrutatzen jarraitzen dugu, hasperen egiten, malkoak isurtzen eta begiak irekita amesten.

Erromantizismoa... Non?Eta ez, arazo hau ez da soilik liburu eta filmek sortua, arazoa bost urteko haurrentzako idazten diren (edo iraganean idazten eta gaur egun irakurtzen diren) ipuinek sortzen dute, printze urdin eta printzesaren rolak oso garbi uzten baitituzte. Hor hasten mugarik ez duen katea, eta ez gara ohartzen, ez dugulako nahi gehienetan, begiak ixten ditugulako edo barneratutako informazioa ez dugulako prozesatzen agian. Ipuinetan hasten da katea eta komertzializatzen diren produktu gehienetaraino luzatzen dira katearen muturrak, poliki-poliki dena bildu arte.

Hala ere, eta honezkero sumatuko zenuten moduan, ez nabil erromantizismoaren aurkako kritika egiten, ni erromantiko hutsa bainaiz. Milaka liburu, pelikula eta ipuin erromantiko aurkitu ditzakegu protagonista indartsuekin, nortasun finkoko protagonista maskulino eta femeninoekin. Hasperen, irribarre, eta malkoz beteko gaituzten hamaika produktu izendatu ditzaket, gizarte rolak sailkatuko ez dituzten liburu, film eta jokoak, eta hala ere matxismoa azaleratzen duten haiez disfrutatzen jarraituko genuke, bai filmek eta bai liburuek eskaintzen dizkiguten eta hain denbora gutxi irauten duten lasaitasun eta poztasuna sortzen baitizkigute, pentsatzeko edo gogoeta egiteko aukerarik eman gabe, kritikarako aukerarik eman gabe. Izan ere, beti futbolaz ezin arituko gara, filmak eta liburuak ere gizartearen opioa izan daitezke kasu askotan.

Erromantizismoa… Non? Erromantizismoa… Non? Erromantizismoa… Non? Erromantizismoa… Non?
erromantizismoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude