Erreferendum, galdeketa eta desdramatizazioa

Erreferendum, galdeketa eta desdramatizazioa –

Erreferendum, galdeketa eta desdramatizazioaDuela aste batzuk Otegiren epaia kaleratu zen. Europako Epaitegiaren arabera, Otegi eta besteak epaitu zituen epailea ez zen inpartziala izan (Otegi, egia ote?). Badira jadanik hainbat epai, bai Europako Giza Eskubideen auzitegitik, hala nola, herrialde ezberdinetako auzitegietatik zentzu berean deliberatu dutenak; Espainiako justiziatik alde egin eta beste herrialdetako justizia sistemen esku jarritako politikari katalan guztiek, Espainiako justiziak ebatzitakoaren aurkakoa erabaki dute. Argi dago, hortaz, inpartzaialtasun hori ezbaian jarri da. Agerian zegoena, Europa aldetik baieztatu dute.

Katalunian, modu legalean egin nahi izan zuten erreferenduma, alabaina, Madrileko politikari eta komunikabideen aurkakotza jaso zuen. Baina baita milioika pertsonena (ziurrenik, asko, medioek xaxatuta). Galdeketa hori legez kanpokotzat jo zuten (eta dute). “Ezinezkotzat” hartzen dute. “Nola da posible? Nola liteke?” Fisiko eta metafisikoki posible ez balitz bezala. Baina hautes-ontziak jartzea, zenbatzea eta horren araberako erabakia onartzea, erabaki politikoa baino ez da. Dena epaileen esku utzi zuen Rajoy-ren gobernuak eta oro har galdeketaren aurkakoek. Izan ere, ondo baino hobeto dakite, Madrileko epaileek Madrilen alde egingo duela.

Erreferendumaren ezinezkotasuna, beraz, “legeak” ezartzen omen du. Madrileko edo Espainiako legeak, ez Kataluniakoak. Baina argudio hori erraz zapuztu daiteke. Nola, baina? Beste herrialdeetan egin dira eta egingo dira, inolako arazorik gabe. “Bai, baina hori urruneko herrialdetan, garatu gabekoetan edo kolonietan gertatzen da” izan daiteke PPko bozkatzaile baten erantzuna.

Horrelako iritzia duen norbait topatzen baduzue, honako adibideak jar ditzakezue:

Kanada, Kaledonia Berria, Eskozia, Brexit. Adibide horiekin aho asko itxi ditzakezue, baina garrantzitsuena, gogoeta eragin. Izan ere, adibide horiek hurbileko herrialde europear edo garatuetan gertatu dira. Negoziatu dira, adostu dira eta emaitzak onartu dira. Gatazkak konpontzeko bidea aurkitu da.

Espainia aldean, Kataluniako galdeketa desdramatizatu behar da, onarpena lortu behar baldin bada. “Bai, baina galdeketa Espainia osoan egin behar da eta ez Katalunian soilik” izaten da topa dezakegun hurrengo argudioa.

Baina erraz desegin daiteke argudio hau. Izan ere, bikote batean dibortzia dagoenean, nahikoa da alde batek soilik eskatzearekin. Edo elkarte bat 3 pertsonek sortu badute,  horietako batek alde egin nahi badu, besteek ezin dute ukatu.

Eta herrialde-mailan gauza bera. Izan ere, akaso BREXITean gainontzeko europearrok bozkatu dugu ea Britainia Handia Europar Batasunean jarraitu nahi duen ala ez? Akaso Quebec-etik kanpokoak, Eskoziatik kanpokoak edo Kaledonia Berritik kanpo bizi direnek bozkatzeko eskubidea izan dute? Ez, inongo kasuetan ere ez. Hori baita denok onartu behar duguna: Bertako herritarrei dagokie, ez kanpokoei.

‘Herrien askatasuna lortzeko dena emateko prest daudenak dira benetako liderrak’ (Nelson Mandela)

Erreferendum, galdeketa eta desdramatizazioa