Erakunde publikoen publizitate kanpainak, borondateen erosle

Erakunde publikoen publizitate kanpainak, borondateen erosle –

Ezinezkoa ezin ikustea. Erakunde publikoen* publizitate kanpainak gure komunikabideetan agertzen dira, nonahi eta noiznahi (ETB-ko leloari men eginez). Ez bakarrik irrati, TB edo agerkari tradizionaletan, hala nola, interneteko webguneetan; baita autobus edo tren geltokietan, kristal atzeko paperezko irudian edo panel digitaletan. Kalean, hortaz, ikusgaitasuna ere badute. Zaila da kanpaina hauen presentziari ezikusia egitea, hain da etengabea, han hemenka haiekin tupust egiteko aukera.

Erakunde publikoenak izanik, ezaugarri edo bereizgarri batzuk baditu. Gai sozialei eusten diete, bestela, arlo pribatuan nekez jorratuko lituzketenak: tokian tokiko kontsumoa sustatu, gripearen aurkako txertatze sasoia iragarri, errenta kanpaina ezagutarazi, genero indarkeriaren ingurukoak, hauteskunde deialdiak, Euskaraldia…

Erakunde publikoen publizitate kanpainak, borondateen erosle

Interes publikoko gaiak, interes orokorrekoak. Bueno, tira… bai eta ez. Bai, eskrutinio publikoaren begiradapean, irizpide orokorrei men egin behar diete. Zer bultzatu edo noiz bideratu? -diru publikoarekin finantzatuak daude. Elebitasuna, adibidez, bermatua omen dago. Baina, kontrol politikoaren baitan, aldian aldiko gobernuaren kordakoari atxikita daude. Edonola ere, aldi gehientsuenetan, “ageriko” kanpainak dira. Kontzientziazioa, jende gehienak argi duena are gehiago zabaltzeko (adibidez: Koronabirus inguruko kanpaina). Ezinbestean, politiko-zuzenaren eremuan. Horregatik, usu, kanpainen eraginkortasuna eta ondorioak hutsaren hurrengoa dira. Zaurgarriena, hain zuzen, horixe da; Diru uholdea xahutzen, ezer gutxi lortzeko.

Jar dezagun adibide bat: Eusko Jaurlaritza, gure baserritarren eta nekazarien produkzioa, hala nola herrietako denda txikien aldeko kanpainak egiten (Egunotan, “Aupa!” kanpaina) , baina aldi berean, instant berean, merkatal-gune handien hedatze eta ezartzea ahalbidetuko dituzten legeak onartzen.

Beste adibide bat: Kirol taldeek askotan publizitate instituzionala daramate. Athletic edo Bilbao Basket-ek urte askoan “Euskadi” edo “Bizkaia” eraman dute kamisetan (hauek aipatu ditut, baina Bizkaitik kanpora gauza bera gertatzen da). Benetan norbaitek uste du turismoa bultzatuko dela Bizkaiko talde batean, “Bizkaia” soinean jarrita?

Kanpaina batzuek ez dute askotarako balio, beste batzuek interes publikoaren karian, benetan funtzio beharrezkoa egiten duten bitartean. Non dago, halere, kanpaina hauen bigarren mailako bereizgarria? Non datza interesa?

Gure lurraldean ez dago enpresa handiagorik gobernua bera baino.  Eusko Jaurlaritza dela, Aldundiak direla edo Udalak direla. Ez dago enplegatzaile handiagorik, edo diru-iturri eta aurrekontu handiago duenik. Kanpainek ere, halako proportzioan. Izan ere, kanpainek diru kantitate izugarriak mugitzen dituzte. Hedabideek hortik edaten dute. Medio batzuentzat diru-iturri bakarra edo ia bakarra izateraino. HAMAIKA telebista, esaterako.

Hori bai, Argia aldizkariak behin argitaratu zuen bezala, kanpaina hauek euskal medioentzat biziraupenekoak badira ere, kanpainen zati handiena Vocento edo Grupo Noticias bezalako taldeek bereganatzen dituzte. Azken finean zeharkako diru-laguntza bihurtu dira. Hortaz, kanpaina beraren helburua ez da transmititzen duten mezua. Diru horrekin medioak euren menpe edo eraginpean izatea baizik. Onerako zein txarrerako.

 

 

*Erakunde publiko: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Aldundiak, Udalak, sozietate publikoak…

Erakunde publikoen publizitate kanpainak