ENE! Hauek bai kantak, ENE KANTAK-enak!

ENE! Hauek bai kantak, ENE KANTAK-enak –

Hurrengo artikulua idazteko orain arte egin ditudanen formatoa aldatzea erabaki dut. Oraingoan, elkarrizketa batez hornitzea pentsatu dut.

Ni, txikitan, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoekin hazi nintzen. Euren abestiak abestu eta dantzatu nituen, bai ikastolan baita arreba eta amarekin ere. Baina duela gutxi, talde interesgarri bat topatu dut eta zuokin, irakurleokin, partekatzea erabaki dut. Talde berri horren izena “Ene Kantak” da. Agian, umeak inguruan badituzue, entzuna izango duzue euren kanturen bat.

ENE! Hauek bai kantak, ENE KANTAK-enak
Hau bai, asto xelebrea, astonauta!

Batzuek arrakasta itzela lortu dute; “Astonauta”, “Ole Ole Olentzero” edo “Hiru txerrikumeak”, besteak beste. Bertan pertsonaia ospetsuek parte hartu dute (kultura eta kirol mundukoak batik bat).

Kantak sortzeaz gain, ikuskizunak antolatzen dituzte. “Musikal” antzekoak omen dira eta umeentzako mundu fantastikoa erakusten dute. Gainera, Nafarroakoak dira eta goraipatzekoa da, oztopoak oztopo, proiektu zoragarriak ere burutzen direla lurralde honetan.

Funtsean talde honek bi parte hartzaile ditu: Urko Oscoz eta Nerea Urbizu. Haien webgunean azaltzen duten bezala (www.enekantak.org) irakasle eta gurasoak dira eta hori izan da akuiluetako bat.

Beren egitasmoa hain txukuna izanda, elkarrizketa bat egitea otu zitzaidan.

ELKARRIZKETA


Ales: Kaixo Urko. Lehenik eta behin, mila esker nire elkarrizketa proposamena onartzearrenNoiz eta nola sortu zen zuen proiektua? Norena izan zen ideia?

Urko: Ba, lehengo DVDa 2011an atera genuen, baina ideia urte pare bat lehenago errotu zen. Nik Nerea aspaldi ezagutzen nuen, Gorka bere anaia lagun handia baitut, eta oso ongi moldatzen ginen Nerea eta biok hasieratik. Lehenengo haurra ia-ia aldi berean izan genuen eta hortik hasi zen ideia.

Nik semearekin ikus-entzuneko materiala bilatzen nuen eta bakarrik erderaz edota ingelesez topatzen nuen. Euskeraz bakarrik Porrotx eta Pirritx zoragarriak ezagutzen nituen, baina zerbait arinago eta txikiagokoentzat nahi nuen, musika gehiago eta dantza uztartzen zuena. Beraz, Nerearekin Arrosadiako taberna batean (Iruñean) geratu nintzen eta bi ideia bota nizkion. Haurren kantak sortzea eta bakoitzak, dantza egiteko bideo bat izatea nahi genuen.

Desberdina izateko, abesti bakoitza, ezagun batek abestea nahi genuen eta genituen lagunak hartuta, egin genuen lehenengo lana. Jendea oso ongi portatu zen eta asko lagundu zigun.

Urko, ENE Kantak-eko sustatzailea eta elkarrizketa honetan parte hartzen duena

Beste alde batetik, dirua eragile euskaldun bati ematea erabaki genuen eta Sortzen-i eman genion. Gu irakasleak gara eta Nafarroan eskola euskaldunak sustatzeko garrantzitsua ikusten dugu elkarte hori.

Izena ere erabaki genuen: ENE “Euskaraz Nafarroan Ere bai” eta ENE, Eneko, nire semearen izenaren laburdura baita.

Norena izan zen ideia?

Ba, ideia nirea izan zen hasieran, baina gero, Nereak eta biok forma eman genion.

Nork asmatu zituen letrak abesti berrientzat? Eta musika?

Letra ta musika bion artean egiten dugu. Baina egia esan, musikan ona dena, Nerea da; egiazki, makina hutsa da. Nik abesti batzuk sortzen ditut eta mugikorrean grabatzen ditut; ondoren, Nereari bidaltzen dizkiot. Bera da, azken ukitua ematen diona eta abesti entzungarria eta ona sortzen duena. Nik gustoko dut letrak egitea eta doinua bakarrik ateratzen zait. Musika, benetan, Nerearena da. Denetarik jotzen du gainera, harpa, gitarra, pianoa,…..egia esan, bera gabe, hau ez litzateke existituko.

Gure lagun batek esaten du, Nerea Urbizu itzela dela; nahiz eta Gorka beste makina bat izan.

Zelan aurkitzen duzue inspirazioa?

Ideiak, berez, gure eguneroko irakasle lanean eta etxeko gure 2 haurrekin sortzen dira: etxean edo gelan gertatzen diren gauzak eta egunerokoan ikusten ditugun beharrak. Bertatik abiatzen gara. Haurrekin gaiak amaigabeak dira. Zoragarriak dira eta gure etorkizuna.

Nerea, ENE Kantak-eko kidea eta laguntzailea

Nola aztertu dituzue publikoaren beharrak?

Ba, haurrak oso mugituak dira eta izan behar dira. Beren burmuina prest dago ematen diogunari bidea emateko eta garatzeko; makinak dira eta ez diegu beharko luketen guztia ematen. Gainera, oso azkar aspertzen dira. Zerbait arina, musikaz betea eta aldaketa askorekin sortutako emanaldia behar dute. Gelan bezala, joku asko, motzak, erakargarriak eta dibertigarriak. Horrez gain, abestiak jende desberdinak abestean ez da monotono egiten.

Hasieran, zuen asmoa zen bakarrik cd eta dvd-ak editatzea. Noiz eta zergatik aldatu zenuten?

Egia esan, bakarrik lan bat argitaratu behar genuen; baina  emaitza eta publikoaren harrera ikusita, beste bat egitea erabaki genuen. Horretaz aparte, zuzenean ez genuen pentsatzen ezer egitea, baina oso burugogorra naiz eta nahiz eta, Nereak nahi ez, nik oholtzara eraman nahi nuen gure lana. Hutsune handia zegoen euskerazko musika-antzezlanetan eta inolako ezagutza eta ideiarik izan gabe, beldurrik gabe hasi ginen pixkanaka antzerkia egiten.

Euskara jorratzen zein lantzen duen elkarteren bati diruz laguntzea da zuen xedea. Nola aukeratzen duzue zein elkarteri joango den laguntza?

Aukera askoren artean erabakitzen dugu. Elkarte txikiak zein handiak. Askok beharko lukete eta behar dute finantzazioa. Gure laguntza gutxi bada ere, eskertzen dute. Guk ikusten ditugun beharretan eta hurbileko eremuetan fijatzen gara batik bat.

Ze ikuskizuna egingo dituzue Gabonetan?

Ba, Neguko festetan emanaldi asko ditugu, gehiegi agian. Hau ez da gure lana eta ez gara honetaz bizi eta hainbeste bidai, familiakin eta lagunekin egoteko denbora kentzen digu. Baina egia esanda, publikoaren harrera ikusita, gure lanean jarraitzera animatzen gaitu. Jendeak asko eskertzen digu egiten dugun lana eta gu, egia esanik, flipatzen ari gara erantzun honekin.

Agenda honakoa da: Abenduaren 2an Berrizen, 8an Zizur-en, 26an Pasai Donibanen, 27an Tolosan, 28an Sopelan eta 29an Lekeition. Urtarrilean, berriz, 2an Bilbon, 4an Iruñan eta 21ean Donostian izango gara.

Elkarrizketaren hurrengo atala telefonoz egin nuen:

Duela urte batzuetatik, musika taldeek euskarri fisikoetan (CD, DVD) salduz lortutako diru-iturria oso murriztua da. Gaur egun, jendeak etxean ez du CD irakurgailurik. Interneten errazago eta azkarragoa da musika entzutea eta letrak irakurtzea eta bideoez gozatzea. Emanaldiekin konpentsatzen da, baina gogorra da, lan handia delako. Horrez gain, ez duzue diru-laguntzarik jasotzen.

Gustatuko litzaizuke irakasle lan gutxiago egin eta zure proiektuan barneratu?

Egia esan, ez. Ni oso gustura nago nire eskolan. Nik irakasle izan nahi dut. Nire haurrak hazitu eta gauza pilo bat landu dut haiekin. Nahiko nuke eskola txiki bat sortu eta erreflejoekin, zera, horrelakoekin….

Erreflejoekin?

Bai, erreflejo edo isladekin, estimulazio goiztiar (temprana)… haurrak primerakoak izan daitezen, kiroletan, hizkuntzetan, matematiketan… Ongi moldatzeko kalean orientazioarekin…  Pertsona zoriontsu eta osoak izateko, dena jokoen bidez. Horregatik ni, astero-astero, Euskal Herritik hemendik hara eta handik hona ibiltzea, ba, ez dut nahi, egia esan.

Nahiago duzu arlo pedagogikoa, ezta?

Bai, hori da.

Nabari duzu ezberdintasunik, adibidez, Iruñea eta Bilbo artean? Edo, oro har, Nafarroa eta EAE artean?

Ez, ezetz esango nuke. Gainera, mundu mailan dena ari da parekatzen eta elkartzen. Nahiko antzeko ikusten dut. Bai, Nafarroan badugu kristo handia, baina Euskal Herrian dena nahiko iguala dago. Hortaz, dena nahiko paretxu ikusten dut.

Harrera bera edukitzen duzue, bai batean zein bestean. Ezagunak zarete bietan, ezta?

Bai, batez ere Nafarroan, pues, hemengoak garelako, baina beste tokietara joaten gara eta, baa, egia esan, sarrera guztiak agortzen dira. Ordu gutxitan gainera. Momentuz, ongi gaude. Egia esan, nik uste euskaraz ez dago hainbeste gauza, bakarrik Pirritx eta Porrotx, eta azken finean jendeak zerbait behar du eta hau aurkitu du eta ez dakit modan dagoen edo… baino, bai, nahiko harrera ona daukagu.

Iparraldean edo EHtik kanpo, Nazioartean (euskal diasporan) hartu emana izan duzue?

Iparralden saiatu ginen, baina momentuz ez dugu lortu. Eta Ameriketan, nik nahiko nuke, eta badaukat proiektu bat buruan, norbaitekin joateko Siriako kanpamentuetara, Frantzia edo Italiara haurrekin dantza egiteko. Janaria eta mantak behar dituzte, baina baita irria ere. Gustora joango nintzateke hara, nahiz eta euskara ez ulertu, pues, behintzat irria, dantza eta musika eramatea. Palestinara ere joango nintzateke gustora.

Antzerkian zenbat pertsonak hartzen du parte?

Ba, oholtza gainean 5 gara eta teknikari bat (argi teknikaria) eta gero, kamisetak saltzen dituen beste pertsona bat. Guztira 8 edo. Bakarrik gu, helduok. Gero antzerkian, gurasoak eta haurrak igotzen ditut eszenatokira, baina nahi duena izaten da.

Euskarri fisikoaz gain, saltzen al duzue, Spotify edo beste euskarri birtualean?

Lagun batek laguntzen digu Spotify bidez zabaltzen. Bideoak bakarrik Youtuben. Zuk aurretik esan bezala, orain jende askok ez du CD-DVD irakurgailurik. Horregatik atera berri dugu USB bat, azken ikuskizunekin. Edonola, ni ez naiz aditua honetan. Nik lan hau beste lagun baten esku uzten dut. Nik nahiko dut kantak egiten, haurrekin egoten, juerga…

Edozein modutan, hain arrakasta handia edukita, Youtube ere diru-iturria da, ezta?

Bai, hortik ere, uste dut, aurreko urtean 300 bat € eskuratu genuela. 10 milioi bisita ditugu. Pasada da. Gurea bezalako herri txiki batean hori pilo da. Ole-Olentzero abestiak uste dut, milioi inguru ikustaldi dituela. Ez dakigu noiz arte iraungo duen.

Libururik edo, pentsatu duzue ateratzea?

Bai, ideiak baditugu piloa. Baina asti… gutxi. Topera gaude!

Beno, ba zorte on Urko! Mila esker zure lanagatik eta euskararen alde sortu duzuen abesti mordoengatik!

Hona hemen ENE KANTAK-ek egindako bideo batzuk. Goza itzazue!!!.

HIRU TXERRIKUMEAK. Istorio tradizionala, kanta moduan kontatu eta kantatua.
Imanol Agirretxe eta Markel Bergarak kolaboratu zuten.

Olentzeroren betiko abestia, baina modu bereziagoan emana.

Agian, kantarik ezagunena. Astonauta Ene Kantak-ek sortutako pertsonaia bitxia da. Asto+Astronautaren elkartzetik, “ASTONAUTA” sortu zuten. Abestiak ez du, agian, zentzu handirik, baina umeek arras maite dute. Batzuek zoroak moduan eta pozik dantzatzen dute.

ENE! Hauek bai kantak, ENE KANTAK-enak!