Emakumeen futbola, medio eta kapitalaren erakusgarri edo emantzipazioaren aldarria?

Emakumeen futbola –

Kirolak aspaldi jausi zen enpresen hatzaparretan. Kirola, kirola baino, negozio bilakatu da. Kirol taldeek “herrialde” bat ordezkatzen omen dute. Baina, gaur egun, herrialde horretako ordezkari bakar bat ere eduki gabe ere, herrialde hori ordezkatu omen daiteke (sic). Beno, momentuz selekzioetan oraindik nazionalitatea edukitzea eskatzen da, baina klubetako kiroletan, oso ohikoa da, lurraldearekin inolako loturarik ez duten jokalariak fitxatzea (nahiz eta gero, futbolariek ohiko adierazpen faltsu bezain hutsalak egin).

Jokalariak erosi eta saldu egiten dira, ganadua balitz bezala, inolako mugarik gabe. Hori bai, kirolariak ez dira abere sentitzen, baloratuak baizik. Baina kontua da, kirola erabat merkantilizatu dela. Kirola norgehiagoka izaten jarraitzen du, bai… aurrekontuen norgehiagoka. Kirolaren esentzia desegin da. Desbirtuatu.

Emakumea bazara, froga ezazuKiroletako zaletasuna hasieran, zerotik hasi zen. Taldea osatu, jarraitzaileak erakarri, kamisetak eta bufandak saldu, bazkideak agertu, babesleek dirua ekarri eta komunikabideak erakarri. Baina duela hamarkada batzuk negozioa usaindu zutenek, kirol-taldeak eta kirol lehiaketak mozkin eragiletzat hartu dira. Gizarte kapitalistaren erakusgarri bihurtu da gaur egungo eredua masa-kiroletan. Aurten, Errealaren estadioak berak izena saldu du. Eta zaletuak saldu ahalko balitu, ez izan zalantza izpirik, salduko lituzke ere. Baita bere izena ere, saskibaloi edo bestelakoetan egiten den moduan.

Europan, kirol guztien artean nabariena, futbola da, ezbairik gabe.

Eta hara non, duela hamar bat urte edo, emakumeen futbola zirko honetara gehitu da. Feminismoaren eta emakumearen emantzipazioaren aldarriaz jantzia, emakumeen aldeko ikur bezala aurkezten digute. Ez dut nik iradokiko emakumeok inongo kirolik praktikatu ezin dugunik, ezta gutxiago ere. Emakumeok edozein kirol praktikatu eta gozatu dezakegu. Hori ukaezina da.

Baina emakumeen kirolak eta bereziki futbola agertze eta sustatzea, emakumeen berezko grinatik atera baino, badirudi enpresa handi eta hedabide boteretsuen interesen hariek mugitzen dituztela.

Eta ez soilik emakumeak. Ume eta gaztetxoen kirolean sistema bera inplantatzen dute. Partiduak telebistan igortzen dituzte. Baina ez dira auzoko talde ezezagunak, giro herrikoi batetik sortutakoak, ez. Dagoeneko ezagunak diren talde ospetsuen eta boteretsuen eskutik datozkigu. Badirudi Messi, Ronaldo eta enparauek egiten dituzten keinu, imintzio eta estiloaren atzetik, ume moko zein emakumeok orpoz orpo joan behar garela. Berezko nortasuna eta irudimena izango ez bagenu bezala. Azken finean, kopia hutsa baino ez da bihurtu. Edozein kirolariren adierazpenak partidu hasiera eta bukaeran, berdin-berdinak dira, estilo berekoak.

Badirudi gainera, “gizonak nora, emakumeak hara” dela doktrina nagusia. Jendartearen patriarkatuaren seinale. Emakumeok geure kirol gogoenak egin behar ditugu beldur eta lotsarik gabe eta ez gizonen ohitura eta usadioen atzetik joan. Aske, merkadotekniatik aske.

Gainera, inork ez du pentsatu, emakumeen futbola bultzatuz -nahita edo nahigabe-, soldata arrakala handitzen ari garela? Datuetan horrela islatuko da behintzat.

Emakumeen futbola

Zer duzu buruan “Emakumeen futbola, medio eta kapitalaren erakusgarri edo emantzipazioaren aldarria?”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-09-03 17:32

    Beste feminista batzuen argudioak baino sendoagoak dira zure argudio-feministak, zalantzarik ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude