Elikadura jasangarria

Elikadura jasangarria –

Azkenaldi honetan, hainbat herrialdetan egin dituzte ikerketak, aztertzeko nolakoa izan beharko lukeen dieta; aldi berean osasungarria eta ingurumenarekiko jasangarria izateko. Badirudi, ikerketa horiek guztiek aditzera eman dutela  egungo elikagaien ekoizpenak berotegi efektuaren %19-31 eragiten duela. Horrenbestez, dieta egokia detektatzen saiatu dira hurrengo gako hauek aintzat hartuta: osasungarria, merkea eta naturarekiko jasangarria. Ezin da ukatu, azken urteetan gure elikatzeko modua zeharo aldatu dela gurean; eta horrek, tamalez, aldaketa nabariak eragin ditu bai gizartean, bai ingurumenean. Hortaz, hurrengo lerroetan gaiaren ingurukoak aztertzeari ezinbestekoa deritzot; baita irtenbideak proposatzeari ere.

Lehenik eta behin, garrantzitsu baino garrantzitsuagoa da aipatzea, elikatzeko modua izan dela naturaren parte garela ikusteko bide adierazgarrienetarikoena. Nolanahi, hartu emaneko harremana izan behar du; izan ere,  behar-beharrezkoa da, neurriz egitea eta ongi kudeatuta, jakina! Hori dela eta, ikerketa horien guztien hutsuneak aipatu baino, nahiago nuke irtenbideak iradokitzea.

Alde batetik, haragi-kontsumoa  gutxitu beharko litzateke. Bada, adituen esanetan, horren gehiegizko kontsumoak osasunean gaitzak eragin ez ezik, naturan ere, kalte oso larriak eragin litzake. Hortaz, horrekin hasi beharko genukeelakoan nago! Haragia, leka eta proteina asko dituzten jatorrizko jaki ekologikoekin ordezkatzea izango litzateke bide egokienetariko bat. Izan ere, giza-osasunean onurak dakartzate; eta bide batez, naturarekiko jasangarria da.

Bestetik, jaki eta edari prozesatuen gehiegizko kontsumo-arazo larria dugu. Jakingo bagenu zenbat energia erabiltzen den horiek merkaturatzeko… Harritzekoa benetan! Hori dela eta, produktu fresko eta sasoikoekin ordezkatuko nituzke. Zehazki esanda, produktu ekologikoekin. Horrela, gure osasuna bermatu ez ezik, klima aldaketa ere, ahulduko genuke, besteak beste.

Eta ez hori bakarrik, jaki horien kontsumoa sustatzeak eta praktikan jartzeak E.H-ko nekazarien etorkizuna ere, bermatuko litzateke. Baita, euskal nekazari eta abeltzaintzek naturarekin egin duten eta egiten ari diren lana ere kontuan hartuko litzateke. Bada, txalotzekoa da, urteetan zehar, eurek egindako beharra.

Hori gutxi balitz bezala, jakiak erosteko aukeratzen den lekuari arreta jarriko nioke. Hots: begi bistakoa da, ez dela gauza bera saltoki handietan erostea ala etxe azpiko dendan. Bai denda txikietan, bai azoketan erositakoa eraldatu gabekoa (kimikorik ez) eta sasoikoa izan ohi baita. Eta gero, lehen sektoreko langileek zuzenean jasoko lukete berauen ordaina.

Behin aurreko guztia aintzat hartuta, nire uste apalean, egungo administrazio eta legegileek gehiago egin lezakete gauzek hobera egin dezaten. Lehenik eta behin, nekazaritza legeak birmoldatzea. Horrela, gure euskal baserritarrek ondo kudeatuko lukete ekoiztutakoa, diru-laguntza gehigarriak jasoko lituzketelarik; eta bestetik, nekazaritza ekologikoa sustatzeko ekimenak sortzearen beharra dago, eta autokontsumoak duen garrantziaz kontzientziatzea ere bai.

Horretaz gain, gogoan izan behar dugu, EHko herritarren eginkizun nagusia euskal kultura bere osotasunean babestea dela. Hau da: euskal landa eremuak, euskal nekazari eta abeltzainak, herriko komertzio txikiak, baserriak. Horiek guztiek geure babesa behar dute; eta nola ez, euskara hizkuntza bera. Izan ere,  euskaldun egiten gaituena horretan datza! Beraz, nik neuk, ezbairik gabe, badut erabakia hartuta: nire herriko denda txikietan erostea! Eta zuok?

Elikadura jasangarria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude