Elikadura alternatiboa?

Elikadura alternatiboa? –

Urteetan zehar, elikaduraren inguruko burrunba lauso bat izan dut barnean biraka. Aurten, burrunba hori isilarazi nahiean, animalitik datorren edozein produktu jateari utzi diot, nire dieta guztiz erradikal bihurtuz. Ekintza xume honek ordea, ez du nire ezinegona guztiz akitu, eta horrexegatik neure  burua informazioz janzten saiatu naiz. Hortan nenbilela, “antiespezismo antikapitalista” deituriko borrokaren inguruan irakurtzeari ekin nion. Ez nuen oso ondo ulertu ordea, antikapitalista hitzak zer paper jolasten zuen borroka horren baitan. Nire iritziz, ez da zilegi animaliak gure kontsumo edo entretenimendurako erabiltzea, baina animalien kontsumo oro kapitalista dela esatea?

Jakin badakit, jaiotzetik espezista den gizartean hazi eta hezi garen heinean, normaltzat hartzen ditugula animalien zapalkuntza eta esplotazioa. Aipatu bezala, ez naiz inoiz animaliak festa, txapelketa edota sukaldean bertan erabiltzearen aldekoa izan, baina gero eta zalantza gehiago sortzen dizkidate beganismo eta antzerako alternatibek.

Elikadura alternatiboa?

Agerikoa da, tofu, seitan eta halako jakiak kontsumituz espezismoa nolabait ekiditen dugula, baina ez kapitalismoa. Izan ere, kapitalismoak merkatu posible bat ikusi du mugimendu hauetan, eta horrexegatik beste hainbat borrokekin gertatu bezala, kapitalismoak espezismoa ere bere egin du. Egun beganismo edota begetarianismoa moda batean bilakatu dira, erroan dagoen arazoa estali, benetako borroka despolitizatu eta mugimenduko kideak produktu bihurtuz. Susmatuko zenuten bezala, honen arira dator nire benetako zalantza; elikadura alternatibo hauekin atzerriko jakien esklabu bizi bainaiz.

Horregatik, azken hilabeteetan mantendu dudan janeurri hau arras desegokia delaren sentipena izan dut. Batetik ohartu naiz, ez dela bideragarria ingurumenarentzat, atzerritik datozenez produktu gehienak plastiko mordo batean bilduta baitatoz. Gainera, empresa multinazionalei dirua ematen ari naiz krisi-ekologikoa larriagotuz eta lehen sektorea kaltetuz. 

Zalantzen ekaitzaren erdian nengoela, “Elikadura burujabetza” kontzeptuarekin egin nuen topo. Herriek, komunitateek eta herrialdeek beren nekazaritza, labore, arrantza, janari eta lurralde politika propioak definitzeko eskubidearekin. Argi dago, Km0 edota bertako produktuak kontsumituta, ingurumena babestu eta aztarna ekologikoa txikitzeaz gain, lehen sektorea berpiztu, eta baserri mundua kontserbatzea lor genezakela. Aitzitik, eta klixeetan erori nahi ez dudan arren, zientifikoki frogatu da haragiaren produkzio orok izugarrizko eragina duela berotegi efektuan. 

Beraz, globalizazioaren baina aldi berean espezismoaren atzaparretan erori ez gaitezen alternatibak bilatu behar ditugu, elikadurari duen garrantzia eman, eta honen inguruan informatu eta hausnartuz. Honetan nenbilela “Labore Bilbo” proiektuarekin egin nuen topo, bertako produktu osasungarrien alde eginaz, gure kontsumo ohiturak aldatzeko asmoz sortu zen proiektuarekin. Naturakiko errespetuz jokatuz sortu den Bilboko lehen supermerkatu kooperatiboa da, eta bertan haragiaren alternatibak ere aurki ditzazkegu. Kontsumitzaile eta bertako ekoizleen artean aliantza sortu, eta irabazi asmorik gabe guztion onurarako egiten dute lan. Pertsonalki, proiektu itzela delakoan nago, baina antza denez, ez naiz horrela pentsatzen duen bakarra.  

Laburbilduz, gutxi diren arren irtenbideak egon badaude, eta pixkanaka geroz eta jende gehiago batzen ari da filosofia honetara. Nire iritziz elikaduraren inguruko kontzientzia falta da.  Irakurle agurgarria, zure erabaki eta ekintzek ere eragina dute inguruko eta ondorengoengan, aldaketarako zu ere ezinbestekoa zara, beraz, aldaketa zure baitan ere badago, honen parte izan nahi?

Elikadura alternatiboa?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude