Ehiztari ehizatuak

Ehiztari ehizatuak – 

Ehiztari ehizatuak

Konfinaturik bizi izan ditut azkenengo asteak. Zuek ere bai. Eta nire egunerokotasunaren eta normaltasunaren mugak lausotu egin zaizkit bat-batean. Denboraren erabilera ozen aritu zait kexaka. Non daude ordutegiak? Non daude bizitza eta denbora arautzen duten mekanismoak? Noiz da astelehena eta noiz igandea. Zerk egiten du ostirala mikroeuforiaren adierazpen? Anomiak ez omen dio onik egiten gizaki sozialari. Arauak eta egitura konpartituak behar ditugu gure egunerokotasuna zentzuz eta gogoz aurrera eramateko.

Eta hala, egunen joan etorrian, ogi eta pastel artean, polizia hotsak entzuten nituen maiz: “gera zaitezte etxean” edo “zure segurtasuna eta ingurukoena lehenbizi”. Baina balkoira atera eta polizia hotsak entzuten nituen ere bai: “etxera! Joan zaitez etxera!”.

Polizia biderkatu egin da egunotan. Uniformedunak eta uniformerik gabekoak.

Badakit zer esango didazuen. Denon ardura ezinbestekoa dela, denok batera aterako garela osasun krisi honetatik. Tentuz jokatu behar dugula. Gutxi batzuen arduragabekeriak guztion esfortzua debalde izana ekar dezakela.

Diskurtso hori nik ere ederto barneratu eta erreproduzitu dut. Lagunei esan diet etxean geratzeko. Familiari ere esan diot maskarila janzteko eta lankideari gomendatu gehiago nigana ez hurbiltzeko. Kirolari talde eta bikoteak errezeloz begiratu ditut eta nerabeak kritikatu ditut garagardo bat hartzen nengoela terraza batean. Diskurtso ofizialaren transmisore ederra izan naiz. Zuek ere bai, ez gara bat ere libratzen eta.

Baina hara nire sorpresa nerabeak kritikatzen nituen momentu zehatz hori Teleberrian, WhatsApp taldeetan eta egunkarietan agertu zela ikustean. Maiatzaren 11an, astelehenean, nire herriko gazte, ez hain gazte eta herritar guztien moduan, orain dela bi hilabete ikusten ez nituen lagunekin elkartu nintzen zabalik zeuden lau taberna horietako batean. Nerabeak kritikatu nituen bi metroko distantzia mantendu gabe. Eta norbaitek grabatu zuen. Ehiztari ehizatua. Delituaren froga ukaezina zen.

Herritarrok hartu al dugu bata besteari kontrolatzeko rola? Denok bihurtu al gara kontrol dispositiboen beste pieza bat? Pentsa ezazue, etengabeko bigilantziaren bidez ezartzen da kontrolik zurrunena. Baina etengabekoa izateak, ez du oso efiziente egiten. Uneoro eta edonon herritarron ekintzak ikusi eta saritu edo zigortzen dituen dispositiboa behar du sistemak kontrola eraginkorra izan dadin. Jainkoa akaso. Eta Jainko ahaldunaren ideiak oso ondo funtzionatu zuen, baina nago azalpen horrek azkenaldian indarra galdu duela.

Jeremy Benthamen panoptikoa kartzeletan bigilantzia modu ikusezin eta ekonomiko batean ezartzeko egitura arkitektonikoa da. Hau da, kartzelaren puntu guztiak begirada batez biltzen dituen puntua, baina aldi berean, presoek ikusten ez dutena. Ala izanik, nola jakin momentu zehatz batean behatuak izaten ari garen edo ez?

Eta egunotan, agerikoa bihurtu da panoptikoaren ideiak indarra hartu duela. Zelatatuak izateko arriskua ez da etengabea, baina bere mehatxua bai. Ez baitakigu noiz eta non izango garen behatuak. Ez gara Jainkoaren beldur, ez gaitu bere begiradak ikaratzen. Baina, gure bizilagunen beldur ez izatea da espero dudan bakarra.

Eta zuek zer zarete, ehiztari edo ehizatuak?

Ehiztari ehizatuak