Duintasuna teilatutik eraiki

Duintasuna teilatutik eraiki –

Gurasoen etxetik alde egitea erabaki dut. Erabaki dut. Baina ezin dut. Sinplea da: nahi bai, baina ezin. Haserre nago, amorraturik. Batzuetan haur apetatsua sentitzen naiz. Horrela sentiarazten nautelako ingurukoek. Haserre eta amorraturik egoteko legitimitatea kentzen didate konformismoaren aldeko alegazioak diren komentario eta keinu bakoitzarekin. Horrelakoa omen da bizitza!

Duintasuna teilatutik eraikiBai, horrelakoa da bizitza. EAEn bataz beste 1044,7 euroko alokairua sostengatu behar duen bizitza. Egoera tamalgarria da, eta datuek ere horren berri ematen dute. Hurrengo grafikoak EAEn alokairuak bataz beste izan duen prezioaren eboluzioa jasotzen du.

Ikus daitekeenez, 2015etik hona, izugarrizko aldapa erakusten du grafikoak, izugarrizko gorakada alokairuaren prezioan. Lau urtetan, 200 eta 300 eurotako igoerak eman dira Araba, Bizkaia zein Gipuzkoan.

Eta alokairuaren garestitzea gertatzen den bitartean, espero izango duzuen moduan, soldatek ez dute gora egiten. Gogoratzen al duzue, akaso, 200 edo 300 eurotako gorakadarik azkenengo urteetan? Ez.

Gazte Behatokiaren 2018ko datuek argazki beldurgarria ematen dute. Izan ere, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren %77a bideratu behar du alokairua ordaintzeko EAEn. Gazte horrek Gipuzkoan bizi nahiko balu, bere soldataren %93,1a bideratu beharko luke etxebizitza alokatzeko. Baina, horrelakoa da bizitza!

Duintasuna teilatutik eraikiEmakumea izanik, argazkiak are gehiago beldurtuko zaituztete. Emakume gazteen kasuan, gure soldata garbiaren %84,9a bideratu behar dugu alokairua ordaintzeko. Gipuzkoan bizi direnen kasuan aldiz, %100,7a.

Atera kontuak, ez zaizkuzue aterako eta. Nola eraiki bizi proiekturik etxebizitza eskubidea modu sistematikoan urratu egiten denean? Luxua al da gazte batek bere kabuz bizi nahi izatea?

Ez gaitezen erratu, istorio honek baditu bere protagonistak eta antagonistak, modu bortitzean lehiatu egiten direnak. Dikotomia argia da: Kapitala VS. Bizitza. Akumulazioaren logika gidari duten egitura finantzieroek abagune ederra dute, abagune ederra sortu dute. Bizitza aurretik eramaten duten zapalgailuak dira, gure bizitzen gainetik pasatzen direnak, gure duintasuna ezerezera murrizten dutenak.

Eta egoera honen aurrean hobe genuke gure tokia zein den gogoratzea, Bizitzaren alde egitea, duintasunaren alde borrokatzea. Bizitza baita handiena.

Duintasuna teilatutik eraiki

Zer duzu buruan “Duintasuna teilatutik eraiki”-ri buruz