Doan izatea zergatik ez den, berez, ona

Doan izatea zergatik ez den, berez, ona –

Espainiako gobernuak tren zerbitzu batzuk doan izatea erabaki du. Alderdi askok -ezkerrekoek bereziki- doakotasuna aldarrikatzen dute, justizia sozialaren izenean batik bat (askotan doakotasun hori zerbitzu publikoekin lotzen da). Baina zerbitzuak eta produktuak gizartean doan izateak ez dira berez eta beti onak. Are gehiago, gakoa ez dago doakotasunean soilik. Beste hainbat faktorek eragiten dute gizarteak onura jasotzea edo ez.

Adibidez; tren zerbitzua doan izatea ez da garrantzitsuena garraio publikoak sustatu nahi baditugu. Garrantzitsuagoa da zerbitzuaren kalitatea: garraioaren maiztasuna, puntualtasuna, erosotasuna, azkartasuna eta abar. Hortaz, doan izatearen ondorioz, garraio zerbitzu horrek finantzazio-iturri txikiagoa izatea eragiten badu, zerbitzuaren kalitatea jaitsiko da. Ondorioz, bidaiari kopurua jaitsiko da.

Beraz, doako izatea ez da, berez, ona. Kontua da zer, non, noiz eta nola den doan zerbitzu edo produktu jakin bat.

Gainera badira beste arrazoi batzuk kontuan hartzekoak:

  • Eragin erregresiboa: hau da, oso aberatsei doan eskaintzen badiezu arazorik gabe ordain dezaketena, ez da bidezkoa txiroenentzat. Zergen progresibitate irizpidearekin apurtzen dugu, hau da, gehien duenak gehiago ordaindu beharko lukeen kriterioa.
  • Dohainik suertatzen zaiguna, ez dugu apreziatzen, ez dugu baloratzen. Frutadenda batean fruta doan izango balitz, zer egingo luke jendeak? Behar baino gehiago eraman. Eta bost axola fruta hori usteltzen bada. Zaborrera bota eta kitto. Horrela, ez dugu kontsumo arduratsurik edo jasangarririk egiten. Baliabideak xahutzen dira. Ingurugiroarentzat kaltegarria da.

Gainera, fenomeno hau gertatzeko ez da doan izan behar. Kostua oso txikia bada eta jendearen eros-ahalmena nahikoa bada, gehiegizko kontsumoa agertzen da. Gizarte bat oso kontzientziatua badago, batzuetan doakotasuna eskaini daiteke arazo barik. Baina hau gerta daiteke kontzientziatutako gizarteetan, adibidez, Europako iparraldean edo Japonia bezalako tokietan, non korrupzio gutxi eta balore sozialak errotuta dauden.

Bestalde, pixka bat kobratzen badigute, zentzudunago erabiltzen ditugu gauzak. Esate baterako, plastikozko poltsak. Kobratzen hasi zirenetik, milioika toneladatan jaitsi da alferrikako kontsumoa. Hortaz, itsasoan bukatzen duten plastiko horiek gutxitu dira.

Pertsona batzuk beti daude aldarrikatzen doan izatea. Hau ulertu daiteke neurri populista bezala. Alegia, alderdi batek esaten badu “begira, nik hau doan izatea lortu dut” botu emaileak pozik egongo dira eta botoa emango dizute.

Doakotasuna, ordea, mesedegarria, beharrezkoa edo eraginkorragoa izan daiteke kasu batzuetan:

Funtsezko zerbitzuak: Osasun publikoa. Doan bai edo ez? Tarteko neurriak ezarri daitezke. Hau da, oso pobre bazara, ezintasun handia baduzu, gaixotasun kronikoa baduzu, osasun publikoaren mesedetan hartzen diren neurriak (txertaketa)… salbuespen batzuk ezarri daitezke. Gehienezko kuota bat, doakotasuna kasu batzuetarako… edo nahiz eta doan izan, jakinaraztea zenbat kostatu duen jaso duzun zerbitzu medikua edo farmakoa. Kopagoa ere existizen da kasu hauetan. Hau da, ez duzu dena ordaintzen, zatitxo bat baizik.

Bukatzeko, doan ez dago ezer. Denak du kostu bat. Beste kontu bat da nork ordaitzen duen: erabiltzaileek edo gobernuak. Gobernuak ordaintzen badu, atzetik zerga ordaintzaileak daude. Beraz, doan ez dago ezer.

Doan izatea zergatik ez den, berez, ona