Deslokalizazioaren ondorio sozialak garapen bideko lurraldeetan

Deslokalizazioaren ondorio sozialak garapen bideko lurraldeetan –

irudia: zientzia.eus

Duela gutxi Indian egondako sute batean hainbat langile hil ziren eta, beste askotan bezala, suak erabat kixkali zuen eraikina produkzio fabrika bat izan zen. Gertaera honek Bhopaleko istripua gogorarazi zuen. 1984an Bhopal hirian, (Indian) hondamendi larria izan zen, kontrolgabeko gas isurketa baten ondorioz. Bhopalen 1984an bizi ziren 900.000 biztanleetatik 660.000 pertsona zuzenki isurketaren eraginpean egon ziren, eta hauetatik 3.000-15.000 inguru hil egin ziren istripua gertatu eta aste batzuen buruan, beste 100.000-200.000 pertsonek oraindik kalte larriak jasan zituzten bitartean. Historian egon den industria istripu larriena izan zen, hildako kopurua kontuan hartuz. Enpresaren diru-egarria, segurtasun-neurri eskasak eta utzikeriak eragin zuen hondamendi hau.

Horrelako albisteek ez gaituzte harritzen. Izan ere, 1970eko hamarkadatik hona multinazional askok alde egin dute gure herrialdeetatik. 1973ko Petrolioaren krisiak eragin zituen kalte ekonomikoek enpresa ugari bere produkzioa hirugarren mundura eramatera bideratu zituen, bertan ekoizpena merkeagoa izango zelakoan. Eta hala izan zen. Asiako ekialdeko herrialdeetan ez ziren existitzen multinazionalek Mendebaldean “pairatzen” zituzten lege eta arautegi gogaikarriak. Asian bere “paradisu” partikularra aurkitu zuten: zerga gutxi ordaintzeko, aduanetako kontrol txikia, erraz erosi ahal ziren politikari eta funtzionario ustelak…

Eta, nola ez, baita munduko lan esku merkeena. 1970 eta 1980an Europan eta Ipar Amerikan eman zen deslokalizazioak Asia ekialdeko industrializazioa eragin zuen eta, bat-bateko industrializazio prozesu orok bezala, baita bertako biztanleen bizimodu eta ohituren eraldaketa sakona. Horrela, 1980ko hamarkada arte nekazal inguruan bizi ziren milioika pertsonek bere bizilekuak utzi eta industria berriak kokatzen ziren hirietara joan ziren bizitzera. Lehen nekazariak ziren familiak fabriketan hasi ziren lan egiten, betiere egoera tamalgarrian. Hauetako langile –edo esklabu– asko emakumeak eta adin txikiko neska-mutilak dira eta, dakigunez, lan ordu asko soldata urri baten truke egiteaz gain, ez dute inolako segurtasunik bere jardueretan. Horrez gain, nabarmena da hirugarren munduko gune industrialetan dagoen kutsadura maila, ingurumena babesteko lege ezaren isla.

Eta guk, zer egin genezake egoera honen aurrean? Argi dago zein den erantzunik errezena: gure kontsumo ohiturak aldatzea; langileen eskubideak eta ingurumena babesteko legeei jaramonik egin gabe ekoizten duten enpresen produktuak erosteari uztea. Dena den, esatea egitea baino errazagoa da, bereziki estutasun ekonomikoa sufritzen dutenen kasuan. Hauek, askotan, nahitaez kontsumitu behar dituzte multinazionalek ekoizten dituzten produktuak, oro har prezio merkeagoa izan ohi dutelako. Ondorioz, nire ustez, hartu ahal dezakegun neurririk eraginkorrena zera da: Mendebaldeko herrialdeetako politikariak legedi berri bat egitera bultzatzea, hirugarren munduko langileak erabiltzen dituzten enpresak bere langileen egoera hobetzera behartzeko –esaterako, bere lan baldintzak Europako langileek dauzkatenak bezalakoak izatera behartuz–; eta, legedi hau betetzea ukatuz gero, bere produktuak gure merkatuetan saltzea debekatzea.

Gainera, deslokalizazio honek jendearen ustiaketa burutzen badu ere, aitortu beharra dago, Europak ere, Lehen Industria Iraultzatik pairatu duela. Baina langileen antolaketa, borroka eta aldarrikapenei esker, lan-baldintzak hobetzea  lortu zen. Oraintxe, prozesu horretan dihardute, bai Indian eta baita gainontzeko Asia hegoaldean ere. Azken hamarkadetan pobreziatik ateratzea lortu dute gutxika-gutxika milioika pertsonak. Espero dezagun horrela jarraitu dezaten, agintarien zekenkeria eta pandemiaren ondorioei aurre eginez.

Deslokalizazioaren ondorio sozialak garapen bideko lurraldeetan

Inazio deitzen naiz eta nahiz eta Bilbon jaio nintzen, Logroñon bizi izan nintzen hamaika urtetaraino, gero Bilbora itzuli nintzen. Iaz Sarrikoko unibertsitate ikasketak bukatu nituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude