Bost izarretako exilioa

Bost izarretako exilioa –

Erbestea inoiz ez da izan luxuzko bidaia bat.

Azken aste hauetan askotan hitz egin izan da Juan Carlos I.ren ustezko “exilioa”-ri buruz: bere kokapena asmatu nahian hainbat txio egon dira eta honen inguruan hamaika meme atera dira. Hori bai, nahiko barre eta kritika ixil egin ondoren, inor ez da ausartu aurrera pausu bat ematera. Inor ez da ausartu merezi duen zigorra eskatzeko kalera ateratzera, meme bat argitaratuta nahikoa iruditu zaigulako edo agian pandemiak kikilduta gauzkalako. Dena dela, kaleak ez dira bete.

Bost izarretako exilioa

Hala ere, ez da nire helburua gizartearen pasibotasuna kritikatzea (hortxe uzten dut ideia, hori bai, norbaitek horri buelta batzuk eman nahi badizkio) edo Juan Carlosek (ez diot Errege deituko) zenbat diru lapurtu duen kalkulatzea. Kaleak hustu baditugu, hemen idatzitako ezerk ez du kritika funtsik. Ez, ez dut ahotsik galduko bere izena aipatuz, baina ahotsa altsatuko dut bere luxuzko ihesaldiari exilioa deitu ezin zaiola argudiatzeko. Bai Euskal Herritik eta baita Espainiatik ere exiliatu beharra izan zuten hamaika artista, idazle eta politikarik ez dute merezi haien exilioaren izenean agure zahar batek halako ihesaldirik egitea.

Agian XXI. Mendean jada askeak garela uste dugu eta hainbat eta hainbat familia eta banakok sufritu zuten erbestearen esanahia galtzen ari zaigu esku artean. Ez, lotsagabe honek egin duenari ezin zaio “Erbeste” deitu, erbesteratuek pairatutako sufrimendu guztia desegiten duelako argudio horrek.  Mendeetan zehar herrialde desberdinetan exilio masifikatuak gertatu dira, familiak bitan zatitu dituztenak, urteetako samina ekarri duten urruntzeak.

Bost izarretako exilioa

Gerrak erbeste masifikatua ekarri du behin baino gehiagotan, Espainiako Gerra Zibila izanik adibiderik garbienetakoa. Eta hala ere, samin eta herrimin guztiaren gainetik, eskerrak eman behar erbesteari beraien sorlekuan edukiko ez zituzten aukerak emateagatik. Adibidez, Holokaustoaren aurretik beraien herrialdeetatik alde egitea lortu ez zuten juduek ze etorkizun klase izan zezaketen?

Baina gerra alde batera uzten badugu ere, munduak duen gauzarik ederrenera jo eta arteaz hitz egiten hasiko bagina ere, erbestea protagonista da sortzaile askoren bizitzan. Idaztea beti izan da isilik mantendu nahi gaituztenen aurkako tresna, eta hala izaten jarraitu zuen erbestean ezkutatuta ere. Euskaldunok Joseba Sarrionandia dugu erbestearen sinbolo, ihesaldiaren ostean hainbat hamarkada herriminari buruz idatziz igarotako poeta. Erbestetik jaso ditugu bere obrarik onenak eta erbestea izan da agian bere arteak suposatzen duen lorearen petaloen sortzaile. Baina erbesteak minaren orbain argia utzi du olerki ilun haietan, herriminez kantatzen dituen bertsoetan: erbesteak egin du poesia, baina minez beteriko erbesteak. Kartzelako erbesteak lehenik, itsasoz bestaldeko erbesteak ondoren. Beraz, euskal kulturak eduki duen idazlerik onenetakoa erbestearen sormena den artean, ez diogu Juan Carlos I.ari erbesteratu deituko.

Erbestea malkoek sortzen dute: etxea galtzearen malkoek, albokoak urrun edukitzean isuritako malkoek, itsasoa gazian erortzen diren ur tanta gozoek. Erbestea ezerezak sortzen du, dena lortzearekin amesteak agian. Hutsetik hasteak edo hasi nahiak. Dena eduki, gehiago lapurtu eta izena zikintzen hastean alde egiten duen koldarrak ez du exiliatu etiketa merezi.

Bost izarretako exilioa