Bizipenek eragindako hitzak

Bizipenek eragindako hitzak – 

Irakurriko al dugu poesia? Animatuko al zara?

Hona hemen bizipenek eragindako hitzak:

HAU IRAKURTZERA IRITSIKO EZ DENARI

Orri hau irakurriko ez duen hori,

zuretzat da letania hau

Bidaiari bakarti, tren nasetan

bizitzaren zurrunbiloan zabiltzan horrentzat

 

Taberna zuloan zure penak edalontzi hustuaren ezerezean

ulertezinak diren arrazoien bila zabiltzan hori

Itxaropenaren azken aukeraren bila zabiltzan hori

Zorionez mukuru eta nire gogoeta hau

bost zaizun hori

Ortziko hodeiak harrotzen motor batean

ibiliko zaren zuretzat, amama

zuretzat ere da letania hau

 

BAINA HAU IRAKURTZERA IRITSIKO DENARI

Tren-nasan bere lagun irakurtzailea

ez denaren zain dagoen

irakurle amorratuarentzat da,

sikiera aipa diezaion

zuretzat ere da, letania hau.

 

Taberna zuloan etsipenak jota dagoen lagunaren zain

zauden bitartean

hau irakurtzen hasi

eta bere bila zoazen horrentzat

 

Itxaropenaren bila dabilen horri,

hau irakurri ostean,

eskainiko dionari

 

Zorionez mukuru dagoenaren

arrazoi nagusia

zaren horrentzat

Arimaren hornitegian

erregairik gabe

gelditu ostean

pausatzen zarenean

ipurterre halakoa, amama

hurrengo erregai sorta iritsi arte

denbora-para bezala sikiera

irakurle izan ez zaren horrentzat

amama, 

zuretzat ere da letania hau.

 

*******

Irakurtaldi horren ondoren, gogoeta: Zertarako poesia, zertarako poemak?

 

ZER OTE DA POEMA?

Poesia argazkia bezalakoa da,

iradokitzen du.

 

Iradokitzearekin batera

ateak irekita

utzi behar dizkio irarkurleari,

argazki behatzaileari irakurketa librea egin dezan.

Argazkiak, poemak, norberaren arabera,

ezberdin irakurri, ikuriko ditu

norberak,

berdina izan arren,

betirako izan arren,

aldaezina izan arren,

ulertezina izan arren.

*******

Poema, abesti-mezu-eramailearen oinarria da. Edo laguna bai, behinik behin.

MUSIKA, ARNASA, BIZITZA!

Musikarik gabe ezin bizi.

Poemarik gabe, irakurri gabe, puenting egin gabe, musean jokatu gabe, drogatu gabe

bizi ninteke,

baina emadazue musika mesedez, musika arnasa baitut.

Musika ukendua da, amorrua, oihua, gatazka, bakea, garrasia.

Musikak laguntzen nau une berezietan.

Berri Txarrak-en “musika, jaio, hil” diskoak, itxaropenik ez zuen gure amama bisitatzen lagundu ninduen bezala, musikak laguntzen nau.

Eta bai, orro egiten nuen ezintasuna eta amorrua, jaurtitzen nituen ahotik, leihotik “orekak ez du balio, lurrean zaudenean…” oihukatuz.

Musika, amorrua, negar tanta, minbizia.

Hemeretzi urteko Bilbotar euskalzalea.

Zer duzu buruan “Bizipenek eragindako hitzak”-ri buruz

  • josu naberan 2022-06-29 23:05

    Emadazue musika, doinua, txirula ahaire goxoa, nasan goibel nagoen honi ezerezari alferrik itxaroten, GODOTi alfer-alferrik itxaroren,”esperando a Godot”…

    eta POESIA..

    Zer da poesia?
    POESIA, poesia…”ZER DUNA POESIA”: “heu aizan poesia”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude