Birziklapenaren arazoa

Birziklapenaren arazoa –

Azken bolada honetan egunero entzuten dugu hedabideetan hondakinei loturiko arazoak, batez ere plastikoek itsasoan duten pilaketari buruz, baina itsasoaren arazoa alde batera utziz, urteetan euskal hedabideetan egunero genuen gatazkari buruz hitz egitea gustatuko litzaidake, bai, birziklapenari buruz.

Umetatik hezi gaituzte birziklatzearen beharraz behin eta berriz azpimarratuz, bai eskolan, bai hedabideetan, baita etxean ere: kartoia eta papera alde batetik, beira bestetik eta ontziak azkenik. Orain organikoarekin ere hasi gera. Baina, zer da birziklatzea? Guk eratzen ditugun hondakinak sailkatu eta dagokien edukiontzietan sartzea? Hori egin ondoren pertsona zibilizatuak eta hiritar on bat bezala gure betebeharrak egin ditugula uste eta lasai asko goaz etxera (zabor gehiago eratzera, noski!). Baina benetan birziklatzen al dugu? Zer da birziklatzea? Euskaltzaindiak dioen bezala “erabilitako zerbait, berriz ere erabili edo baliatu ahal izateko, eraldatu edo egokitzea” da. Esanahi honen arabera, hiritarrok ez dugu birziklatzen, sailkatu baizik, eta hondakinen kudeaketaren arduradunak dira benetan birziklatzen dutenak (teorikoki bada ere). Politikariek azken urteetan eztabaida sakonak izan dituzte zaborren kudeaketako ereduekin, bi aukera zeuden: atez atekoa edo edukiontzi bidezkoa. Bada hori, birziklatzeko lehen pausoa da, zaborren sailkapena, baina ondorengo pausoari buruz, inork ez du tutik esaten: zer gertatzen da gure hondakinekin? Nork erabiltzen ditu gure hondakinak? Zertarako?

Honekin guztiarekin, birziklatze hitza alde batera utzi eta beste termino bat erabiltzen hasi beharko genuke: ekonomia zirkularra. Honen arabera, dugun ekonomia lineal eredua guztiz aldatzen duen iraultza sozial-ekonomikoa hartzen dugu oinarri. Orain arte, ekonomia linearra izan dugu: lehen gaiak lortu, hauek eraldatu, eta produktu bat lortzen dugu gizarteari eskaintzeko. Baina zer gertatzen da produktu honen funtzioa bukatzean? Bada zabor bihurtzen dela eta ez dugula gehiago erabiltzen. Ekonomia zirkularraren oinarria produktuen eta zerbitzuen bizi zikloa behin eta berriz erabiltzea da: hondakinak lehen gai bilakatzen diren ekonomia eredua hain zuzen. Bada pentsatzen jartzen bagara, uste duguna baino balio handiagoa du hondakinak. Energia iturri bilakatu daiteke adibidez, txakolina eratzeko erabilitako mahasti eta adar eta hostoek (zaborra), biomasa eratzen dute, eta hau, bietanol bihurtuz energia iturri bikaina da. Bestalde, depuradoretan baturiko gai organikoak edo baserrietatik lorturikoek material biodegradableetan bilakatu daitezke, baita ongarritzeko gaietan ere. Ditugun gailu elektroniko askoren atalak beste gailu berri batzuk eratzeko ere erabil daitezkeela bazenekin? Hainbat eta hainbat adibide jar ditzakegu hondakinen erabileraren onurei buruz, sailkatutako paper eta kartoia paper berri edo kartoi berri baten bilakatuko da, ontzien plastikoa berriz erabil daiteke beste erabilera duen plastikozko objektu bat eratzeko. Hauek guztiak, gure zaborrak dira, baina, nork erabiltzen ditu eta zertarako? Saldu edo oparitu egiten al da zabor hau? Zein irabazi atera daiteke “zaborrarekin”? Noren poltsikora doa? Bada, hau ez dakigu, inork, ez politikari, ez zabor kudeatzaileek, ez instituzio publikoek… laburrean inork ez digu honetaz ezer esan. Hiritar bezala tasa batzuk ordaintzen ditugu zaborren kudeaketarako, enpresek beren zaborrak kudeatzeko (produktu kimiko edo toxikoak) ere beste enpresa batzuek kontratatzen dituzte hauen kudeaketarako… baina gero zer? Zertarako erabiltzen dira zabor hauek?

Euskadin ekonomia zirkularra zabal ahal izateko gakoa hemen dago: zaborrak lehen gai bezala erabiltzen dituzten enpresak behar ditugu. Zabor kudeatzaileek lorturiko hondakinak lehen gai bezala saltzeko eskaera gehiago balituzte, hiritarren kontzientzia handiagotuko genuke, eta gizabanakoak enpeinu handiagoa jarriko luke jarduera horretan (sailkapen prozesuan).  Hortaz, gure hondakinengandik irabaziak lor badaitezke, eta hiritar bezala, tasa batzuk ordaintzen baditugu guk eratutako zaborren kudeaketarako,  ez al litzateke bidezkoa izango, hondakin horiek nora doazen jakitea? Eta irabazirik balego, zergatik segi tasa horiek ordaintzen?

Birziklapenaren arazoa

3 pentsamendu “Birziklapenaren arazoa”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-06-29 21:03

    Aspalditik galdetu izan dudana galdetzen duzu zeuk ere eta horregatik pozten naiz, ez naiz kezka hori duen bakarra: zer egiten dute, nora daramate sailkatutako zabor guztia? Garbigunera joaten naizenean dozena bat edukiontzi ikusten ditut eta batzuekin zalantza sortzen zait. Kartoiarenarekin ez dut zalantzarik, ziur nago hori birziklatuko dela. Plastikoa ere nik uste dut baietz baina ez dut kartoia bezain garbi ikusten. Baina gailu elektronikoen edukiontzia? Uffff! Hori non birziklatzen duten erakusten didaten arte ez dut sinesten birziklatzen dutenik. Txatarra ere birziklatuko dute baina gainerako edukiontzi askotako gaiak errauskailuetara doazenaren susmoa dut. Eta arrazoi duzu: ez digute esaten nora eramaten dituzten, zein enpresa zehatzetara daramazkiten eta nik ere eskertuko nuke norbaitek argituko balu. Garbiguneko langile bati behin entzun nionarekin susmoa areagotu zitzaidan.

  • Maite del Corte 2018-07-02 10:51

    Guztiz ados gailu elektrikoekin gertaten denarekin. Gailu elektrikoak birziklatzeko edukiontziak oso leku gutxietan aurkitu daitezke. Enpresa handi batzuek (Media Mark adibidez), produktu elektroniko zaharra birziklatzeko zerbitzua eskaintzen digu, baina ez dakigu zer egiten duten honekin….

  • euskaldun bat 2018-07-02 13:05

    Entzuna dut, eta dokumentalen bat ere ikusi dudala uste dut, Afrikara bidaltzen dituztela eta han egundoko zabortegiak dituztela gailu elektronikoekin. Logikak esaten dit, gailu horiek birziklatzeak kostu handia behar duela izan eta ia garbi daukat hemen ez dagoela hori egiten duen enpresarik, errentagarria ez delako eta bestela diru publikoz finantzatuta egon beharko litzatekeelako. Gehienez ere, gailu horietatik osagai jakin batzuk aterako dituzte baina beste guztia bigarren enpresa bati emango diote, honek agian hirugarren bati eta behelaino artean ezkutatuko da guztia. Administrazioari galdetuz gero berriz, ez dute ezer jakingo. Mundu honetan inork ez daki ezer.