Bi-hots

Bi-hots –

Euskarazko hiztegian aurki ditzakegun hitzik berezienetarikoa bihotza da, organoak gure gorputzeko azken eremuetara odola bultzatzerakoan bi “hots” eragiten baititu.

Bi-hotsAgian bihotzaren taupaden hotsez gehien dakiena Edgar Allan Poeren kontakizun baten protagonista da. Poe idazle estatubatuarrak (1809-1849), bere kontakizun beldurgarri eta izugarri honetan –Bihotz salataria izena duena, hain zuzen ere- gizajo baten obsesioa eta erotasuna maisuki islatzen du. Gure protagonista agure zahar batekin bizi da, oso begi bitxia eta zatarra daukana; protagonistak ezin du jasan begi honek eragiten dizkion urduritasuna, ondoeza eta aztoramendua, eta, zoritxarreko gau batean, egoera honi eutsi ezinik, agurea hil egiten du. Auzoko batek, gauaren erdian bat-batean oihu lazgarri bat entzundakoan, poliziari deitzen dio. Honek ez du ezer susmagarririk nabaritzen, gizona normaltasun osoz jokatzen ari baita agurearen bihotz taupadak bere buruan entzuten hasten den arte. Jakina, hau burutazio hutsa baino ez da, izan ere, gorpua zatituta zegoen jadanik. Halakoxea da bere erotasun maila, non poliziek ere taupada horiek antzematen duten pentsatzen baitu. Hain gogor eta biziki jotzen ari da zaharraren bihotza -lurzoruaren azpian ezkutaturik dagoena- non zorigaiztoko gizonak, guztiz aztoratuta eta egoera horri aurre egin ezinik, bere burua salatzen du, burututako hilketa aitortuz.

Istorio honi buruz gogoeta egiten badugu, esan dezakegu gure protagonistaren aitormenaren arrazoia bihotzaren taupada bortitzak direla, haiek baitira gizona salaraztea eragiten dutenak. Gainerako gizabanakoen bihotzak, ordea, ez da hain salatzaile. Urduri eta larrituta egon gaitezke, berri txar bat jaso dezakegu, baita pozez gainezka egon; geure funtsezko organoa hor egongo da, gure barruan, taupada indartsu eta bortzitzak eraginez, kontrolatu ezinik. Baina guk bakarrik izango dugu horren berri; inork ez du hori antzemango. Are gehiago: gure keinu azkarrek, gure begirada kezkatuak, gure gorputzaren espresioak salatu gintzakete eta erraz islatu gure emozioak eta sentimenduak. Batzuetan, hitzik ere ez dira behar gure pentsamendu sakonenak eta gure gogoa erakusteko. Soilik geure bihotza izango da taupada indartsu eta bizkorren jakintsu, berak ezagutuko du zeintzuk diren gure arazo edo kezken sorburua. Esker diezaiogun, beste behin, bizirik mantentzeaz gain, bere “hotsak” ez gaituela salatuko, ez kontakizunaren protagonistarenak bezalaxe.

Bi-hots

3 pentsamendu “Bi-hots”-ri buruz

  • josu naberan 2022-02-20 16:48

    historia zirraragarria kontatzen duzuna,

    BIHOTZ, nik ere *BI-HOTS gisa interpretatu nuen hasiera batean, zren iberieraz ere “bios” baita. Baina geroago dedizutu dut BI-GI-AUZ–>BIHOZ dela, zera adieraten duena “organo bikoitza”: aurikula eta bentrikulua

  • Antton Erkizia 2022-02-20 19:40

    “BI-GI-AUZ > BIHOZ = (organo bikoitza)”

    Jo de…”AUZ” ez al zen bada “altuera” ??
    AUZ/AUS bisibazkoa (Goi Paleolitoan sortua) txit erro aberatza eta toponimia oso ugaria dun: ALTURA/ALTUERA/KALITATEA adierazten duena.

  • Beatriz Diez de la Torre 2022-02-28 12:32

    Eskerrik asko zuen iruzkinengatik. Bihotza hitzaren jatorrira hurbiltzea oso interesgarria da, ezbairik gabe. Etimologiak biziki laguntzen digu gure hizkuntza ulertzen.