Beranduegi umea izateko?

Beranduegi umea izateko? –

Beranduegi umea izateko?

Pasa den astean pare bat berri irakurri nituen tokiko egunkari batean “Deia”-n, hain zuzen. Bertan, guraso berantiarrei buruz aritzen ziren. Artikulu hauek hasieratik nire arreta bereganatu zuten eta interes handia piztu zidaten. Egunkaria utzi eta berehala hasi nintzen interneten kontsultak egiten. Denbora gutxi igaro eta gero, pila bat idazki aurkitu nituen, non hainbat mediku edo  profesionalek, honi buruz iritzia ematen zuten. Eta zuen iritziz, zer? Ondo dago edo egokia da umeak hain berandu izatea?

Emakumeen ugaltze adina 15 eta 45 urte artean ezarri dute medikuek. Baina argi dago, muturretan, alegia, gazteegi edo zaharregi izatean, haurdunaldi gutxiago izaten direla. Azken urteotan, aldiz, 40 urte inguruko erditzeak ugariagoak dira. Lehenengo haurdunaldi eta erditze urtea atzeratzen ari da gure herrian eta oro har, garatutako herrialdeetan. Horrez gain, laborategi eta ugaltze-klinikek laguntza artifiziala ematen dute antzutasunaren aurka. Batzuetan, emaileen hazi (esperma) edo obuluekin, menopausia garaiko emakumeek umea edukitzea lortu dute. Munduko errekorra Indiako Erramatti Mangayamma-k du. 73 urterekin ume bat ez, bikiak izan zituen iaz, 2019 urtean!

Beranduegi umea izateko?

Iturria: https://www.infobae.com/america/mundo/2019/09/07/una-mujer-de-73-anos-dio-a-luz-a-gemelas-sanas-en-la-india/

Nire aburuz, txarto dago edo bederen, ez da osasuntsua umeak zaharregi edukitzea. Alde batetik, amaren gorputza jada ez dago hain prestatuta horrelako esfortzu fisikorik egiteko. Bestetik, aitaren “hazia” gero eta nagusiagoa izanda, ahulago bihurtuko da. Beraz, zailagoa izango da haurdun geratzea eta baita arriskutsuagoa ama eta umearentzat. Askotan emakume nagusiek bakardadea eta ilusio falta sentitzeak umea izatera bultzatzen ditu, baina hau ez da pisuzko arrazoi bat ume bat izateko. Azken batean, ume horrek gabezia afektiboak izan ditzake eta bere garapenean arazoak eduki litzake. Gainera, aipatzekoa da, gizonen kasuan, nahiz eta posibilitate txikiago izan, badira 60 urtetik aurrera umea ernaltzen dutenak. Kasu hauek gizon aberatsen artean izaten dira ohikoagoak. Adibidez, Mick Jagger, The Rolling Stones musika taldeko abeslari eta kantagilea, 73 urterekin izan zuen umea -bikotekide askoz gazteagoarekin, noski-.  Baina aitak nagusiak dira jada eta seme-alabak heldutasunera heldu aurretik hiltzeko probabilitate handiagoa dute, bere ondorengoak umerzurtz utziz. .Umeentzat garrantzitsua da gurasoak haiekin handitzea, aholkuak jasotzea, jolastea… heztea azken finean. Bai amak, bai aitak laguntza handia izan daitezke, batez ere beren haurtzaroan. Era berean, aitite-amama edo izeko-osabak edukitzea ere umearen bizitzan garrantzitsua izan daiteke.

Hala ere, hainbat iruzkin positibo aurkitu nituen interneten guraso berantiarrekiko. Hauek esaten zuten ama izateko ideia ez dela galtzen eta askotan, bere bizitzan zehar ez dituela aukerarik izan ama izateko. Hau da, 40-50 urterekin bikote berria aurkitu dute eta ama izateko gogoa mantentzen dutenez, saiatzen dira. Ume osasuntsuak izan daitezke, bai, baina, esan bezala, osasunaz gain, badaude beste aldagai gehiago, ezta?

Beranduegi umea izateko?

Zer duzu buruan “Beranduegi umea izateko?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude