Begiratu beharrean ikusi

Begiratu beharrean ikusi

Antzinatetik, imajinak ezinbesteko eginkizuna izan du gizarte ororen baitan, Mesopotamiatik, non izaera magikoa zuen, Pertsia arte, non irudiak botere eta indarraren adierazle ziren. Egun, imajinak ere, kontziente izan edo ez, izugarrizko eragina du gure izatean, gure jokabideetan, gure bertute edo moralaren garapenean, eta ezinbestean, gizaki garaikidearen naturaren adierazle izaten jarraitzen du.

Irudiz blaiturik bizi dugu egunerokotasuna, hauetara ohitu garelarik, baina hauek irakurtzen eta interpretatzen jakin badaki gizakiak?

Hitzez esan ezin daitekeen hori artearen bidez adierazi ohi da, eta hortaz, ezinbestean, irudiak komunikazio baliabide bihurtu dira bizi dugun gizarte eta egunerokotasun modernoaren baitan.

Begiratu beharrean ikusi

Sinboloz eta mezuz josiriko irudi guzti hauen artean, besteak beste, biluziak ditugu, normaltasunez ikusten ditugun horiek. Etengabe gure artean ditugun hauek, genero ezberdintasuna eraikitzeko baliabide bihurtu diren arren, emakumea (egun gero eta gehiago gizonaren kasuan ere) objektu bezala irudikatzen delarik, honekin ez gara kontziente, irudiak irakurtzen ez dakien gizarte bat eraikitzen ari garelako. Biluziak, errepresentatuta ageri den hori objektu bezala identifikatzea dakar berekin, zeharka bada ere.

Biluziari dagokion eztabaida hau, antzinatetik datorren kontu bat litzateke, gaur egungo museo eta bestelako erakundeetan islatzen dena. Izan ere, agerikoa da, museoetan erakusten diren obren gehiengoa gizonezkoek eginikoak direla, hots, subjektu maskulino batek, zeinek objektu gisara identifikatu den emakumea errepresentatzen duen, gehienetan biluzik. Subjektu-objektu harreman honek bereziki ondo adierazten digu zer modutara garatu izan diren bai Artearen Historian, Historiaren baitan, zein beste esparru batzuetan emakume eta gizonei atxikituriko rolak.

Hala ere, aipatu dudan legez, emakumeen biluzien, eta hauen objektu legezko zeharkako identifikazioa, ez da atzoko kontu, eta horrenbestez, ez da soilik museoen baitan emanen. Hau, egun mantentzen den zerbait litzateke, normaltzat eta modernitatearen eta kultura garaikidearen baitan identifikatzen den joera, eta normaltzat hartze honek egiten du arazoari konponbiderik eman ahal ez izatea. Baina, nolatan izango gara kontziente subjektu-objektu harreman honekin, emakumearen irudiaren manipulazioarekin, edota beste askorekin, sinboloak, irudiak oro har, ulertzen eta irakurtzen baldin eta ez badakigu?

Zer espero dugu, kultura bisualak garrantzirik ez duen gizarte batean, hezkuntzaren baitan garrantzi bakoa denean hau?

Espero duguna, gizarte honek hezten dituen pertsonak, nonahi eta nolanahi aurkituko dituzten irudi hauen gaineko gogoeta eta kritikarik ez egitea da, eta emakumeen gaineko errepresentazio guzti hauek edo bestelako zeinu moral bakoak normaltzat hartzea.

Hortaz, aldaketak gauzatu nahi baldin eta badira, edozein esparrutan, kulturak oro har, baina kultura bisualak kasu honetan duen garrantzia aldarrikatu beharra dago. Mundua irudiz, sinboloz, artikulatzen den neurrian, mundua ulertzeko eta bizitza duin eta moral bat eraikitzeko ezinbestekoa izango dugu hauen ulerpenaren, hots, hezkuntzaren, abiaraztea. Imajinak duen garrantziaz jabetu beharra dago, edo agian ez, agian honekin jabetzeak esnatzea dakar berekin, eta zeinek nahi du esnatu, betirako amesten egoteko aukera ematen diotenean?

Begiratu beharrean ikusi

Begiratu beharrean ikusi