Begiak zabaltzean

Begiak zabaltzean –

Begiak zabaltzean

Lotara joan zara, ohiko moduan, egunerokotasunera gehitu zaigun egoera hontaz nazkatuta. Jada ez duzu pentsatzen hamar hildako izan direla gaur COVID-19aren erruz. Jada ez duzu pentsatzen botoi bat ukitzearren kutsatu zaitezkeenik. Ez duzu pentsatzen. Ez duzu pentsatu nahi. Nekatuta zaude goizero esnatzeaz; kalera irteteko musukoa hartzeaz; aulki batean sei orduz egoteaz, hidrogela eta maskara soinean; etxera itzultzean arratsaldeak lau hormetatik irten gabe emateaz; Nekatuta zaude ez-ohiko ohikotasun honetaz, “normaltasun berri” honetaz.

Zuk ez duzu nahi horretan pentsatu, irratian, telebistan eta prentsan egiten dizute nahiko bonbardeaketa. Zu nekatuta zaude, besterik ez. Lo egin nahi duzu egunsentian dena hobea izango dela pentsatuz, hau dena amesgaizto bat besterik ez dela pentsatuz.

Dena den, lo hartzen duzun unean hasten zaizu subkontzientea grazia gabeko txistea kontatzen. Amesgaiztoaren amesgaiztoa. Egunez ekidin dituzun gaiek olatu batek haitzak kolpatzen dituen bezala jotzen zaituzte. Albistegietako titularrak azaltzen zaizkizu buruan, hizki larriz. Beste hamar hildako gaurkoan. Beste bostehun kutsatu eta ZIUra beste hogei. Zifrak bihotz taupaden erritmora jarraitzen zaituzte. Taup-taup! Taup-taup! Eztanda noiz egingo duen desiratzen zaude, behingoz esnatu eta amesgaiztoa bukatu dadin. Baina subkontzienteak ez du amaitu. Kale apokaliptikoetatik barrena zarama. Bazter iluneko irudi hutsetan zoaz. Bat batean kaosa. Ihesaldi geldo bat. Desordena. Alde guztietatik txistu deskordinatuak heltzen zaizkizu. Pi-pi, pi, pi-pi, pi-pi… Eta eskuineko belarrian konstante bat entzuten duzu orduan. Piiiiiiiiiii. Berriro agertzen zaizkizu albistegiak. Titularra berbera da, aurkezlea ere, katea eta platoa baita, baina orain hamar jarri ordez hamaika jartzen du.

Begiak zabaltzean

Begiak zabaltzen dituzu, bizkor. Gutxinaka posturaz aldatzen zara, zer gertatu den ulertu nahian. Begiak zabaltzean konturatu zara amesgaizto bat baino gehiago zela. Ikusten ez duzun ohikotasuna. Ikusi nahi ez duzuna. Eguneroko hamar heriotzetara ohitu zarela uste zenuen arren ez da horrela. Ohea ukitu orduko agertzen zaizkizu banan bana. Ur tantaren tortura dirudi. Banan bana. Hamar hildako, bostehun kutsatu eta ZIUra joandako hogeiak. Biktima zarela iruditu zaizu, egoeraren esklabu bat gehiago. Baina orduan hamaikagarrenean pentsatzen duzu. Hori da biktima. Eta zuk kaosaren erdian ez duzu ezer egin. Biktima baten azalean ezkutatzen den erruduna sentitzen zara. Neurri guztiak hartzen dituzun arren bat gehiago hartu zenezakela uste duzu. Ez zara konturatzen zu ere biktima zarela. Zure kabuz arnasteko ahalmena izanagatik eta kalenturarik ez izanagatik zu ere izan zaitezke pandemia honen biktima. Ez da zure errua gehiago ezin egitea. Ez da zure errua besteek neurriak behar bezela ez betetzea. Zu ere biktima zara, nahiz eta zure sintoma bakarra nekea den. Nahiz eta PCRak negatibo eman.

Ez-ohiko egoera honetan, zoritxarrez, ohikoegia bihurtu da zuri gertatu zaizuna. Ez zara bakarra. Dena ez da positibo ala negatibo eman duzun. Nekea, errua, pena… ere izan daitezke egoera honen sintoma. Eta bakunarik onena, maiz, hitza izaten da.

Begiak zabaltzean