Baserrien iragana eta etorkizuna

Zaharberritu ala hil –

Zaharberritu ala hil“Basoko herria”. Hori izan liteke baserriaren esanahiaren jatorria. Azkenengo bost mendeetan, euskal eraikin tradizionala aldaketa handiegirik gabe mantendu izan da; ez, ordea, gizartea.

Lehenengo baserriak XV. mendean sortuak izan direla frogatu dute. Ziurrenik aurretik ere antzeko eraikin xumeagoak izango ziren. Euskal Herrian barreiaturik, lurraldez lurralde, ezaugarri batzuk patroi bilakatu ziren: Iparraldean zuriak eta leiho nahiz ate gorriak. Bizkaia aldean, behekaldean harria agerian eta ladreilu edo kolore iluneko orma bigarren solairutik aurrera. Edonola ere, materiale nagusiak; zura, harria eta teilak.

baserri motak bilaketarekin bat datozen irudiak

Bere sorreran, baserria garai haietako familia zabalen biziraupenerako ustiapena zen. Eraikina bi zatitan banatzen zen: aurrealdean, etxebizitza; atzealdean, erabilera osagarrien espazioak (korta, biltegiak eta lanabes guztiak gordetzeko tokia eraikinaren barnean kokatzen ziren). Gaur egun, aldiz, baserri gehienak etxebizitza soil bilakatu dira; nekazaritza, abeltzaintza edo eta lurrarekiko jarduerekin loturarik gorde gabe. Nekazaritza eta abeltzaintza, modu industrialean kudeatzera bideratu dago egungo sisteman, esplotazio handiagoetan eta enpresa edo ertain-handien bitartez.

Orain 500 urte sortu ziren, egun, baserri legez ezagutzen ditugun eraikinak. Baserriak, etxeaz gainera, etxeari dagozkion lurrak ere hartzen ditu; etxealdea, alegia. Hala, etxeak eta bere inguruak sortzen duten ustiapen hori autogestio isolatuaren paradigma bilakatu da mendeetan zehar. A. Santana Ezkerrak, UNEDeko Arte eta Historia irakasleak argitaratu izan du, Europako etxe tradizionalen artean, kalitate onenetariko eraikinak direla gureak. Beraz, ez da harritzekoa gaur egunera arte beraietariko askok iraun izana.

Gogoeta ezinbestean egin behar dugu, beraz. Euskal eraikin tradizionala zaharkituta gelditu zaigu gure gizarte honentzat. Alde batetik, familia ereduak erabat aldatu dira, garai bateko seme-alaba ugaridun familia zabaletatik, bizpahiru norbanakoren familia txikietara edo kasu onenetan, bospasei kidekoak -familia ugaria gehi aiton-amonak-. Bestalde, garapen ekonomikoak lehen sektoretik aldendu eta gehienetan lurrarekin loturarik ez duen eredu ekonomikoetara eraman gaitu. Baserriaren sorrera bera ahalbidetu zuen etxebizitza-ustiapen binomioa desagertu egin da; jada bizitzeko babesa eta bizirauteko baliabideak ez ditugu eraikin bakarrean uztartzen.

Kasu askotan, nekazal turismo edo ostalaritzara bideratu dira. NEKATUR bezalako erakundeek (aipatutakoa, zehazki, EAE eremuan) turismo ustiaketa hau sustatzen dute. Baserrien ezaugarriak eta baldintzak ezartzen ditu eta baita diru-laguntzak bideratu ere. Bere webgunearen bidez, egun batzuk igarotzeko gune bat topatzea erraza da; argazki ugari, prezioak, kokapena… agerian daude. Nafarroa eta Iparralderako antzeko webgune bat faltan somatzen dut. Norbaitek baten bat ezagutuko balu, ederra litzateke aditzera ematea.

Animalia eta barazki batzuk hazten dira nekazal-etxe edo landa-etxe ugaritan eta horiek ere turista kaletarrentzat elementu erakargarri moduan aurkezten dira. Kasu bakanetan, ur indarrez baliatzen diren errotaz edo andaparaz hornituak daude. Funtzionatzen jarraitzen dute, museo edo erakustoki moduan. Edonola ere, Euskal Herriko esentziara bueltatzeko eta euskaldun peto-petoekin harremana izateko aukera ematen dute horrelako eraikinetan egun batzuk igarotzea, familia, lagun edo bikotekidearekin. OKM-ko turismo jasangarriagoa da, gainera, are gehiago oraingo egoeran, non Koronabirusa dela eta ez dela, nazioarteko turismoa mugatu duten.

 

Zaharberritu ala hilBizi dugun errealitate honek gure eraikitako ondarea kaltetzerik nahi ez badugu, neurriak hartu beharko genituzke. Horretarako, EHan indarrean dugun hirigintza eta lurzoru legeak baserriaren inguruko irakurketa berrikusi beharko luke.

Euskal izaeraren paradigma gordetze aldera edo, legeak eraikitako ondarearen babesa gauzatu nahi duela adierazten du bere aurrekarietan. Gurari hori lortzeko bidean ezartzen dituen neurriek, ordea, babes barik aurkako epaia ezartzen diotela dirudi. Hots, aldeko izan beharko lituzkeen zaintza-irizpideak kaltegarri suertatzen zaizkio errealitatean.

Antzina, bere izaera eta izana bi zutabetan oinarritzen zituen baserriak, baina gaur egun bere funtsaren erdia galdu da. Etxebizitza soilak dira orain. Bertan bizi direnak ez dira nekazari, ez eta abeltzain. Biztanle hutsak dira, ez baserritar. Haatik, legez, izaera aldaketa horretan ez dirudi erreparatu duenik, landa-lurretan dauden baserrien barne banaketa baimentzen ez duelako, familia bakarrentzat  (edo birentzat, asko jota) etxebizitza izan behar dutela argudiatuz.

Euskal Herriko baserri arruntek 600m² izan ditzake. Azalera hori familia bakarrarentzat izan behar bada, handiegia izateaz gainera, eraikinaren mantentzea ere halakoa izango da: eskerga. Legediak baserriaren antzinako izaerari jarraitasuna eman beharrean, egungo premietara moldatzea ahalbidetu beharko luke. Besteak beste, familia askotariko erabilera baimentzea izango litzateke urrats garrantzitsu bat; izan ere, familia gutxik dute baserri oso baten eraberritze lanen kostuari aurre egiteko aukera. Hori, zaharkituta dauden ehundaka baserrien heriotz-zigor bilaka liteke.

Zaharberritu ala hil