Bartzelonako metroa -L3-

Bartzelonako metroa -L3-

Bartzelonako metroa -L3-

Bartzelonako metroa, hainbat etnia, arraza, genero eta faktore sozial ezberdinen elkargunea da. Hantxe elkartzen dira gorbatadunak zapatilarik gabekoekin, argazki kamera bati lotuta doazen txinatarrak Messiren kamisetak eta galtzerdi zuriak klandestinoki saldu nahi dituen senegaldarrarekin eta akordeoilari errumaniarra unibertsitatera berandu doan ikasle estresatuarekin.

Bertan kentzen ditugu goizeko lehen makarrak eta bertan kantatu izan dugu Xalbadorren heriotzean goizeko ordu txikitan. Bertan pasatzen dugu bero itsaskor eta jasan ezina eta bertan pasa nuen Candy Crusheko 231.maila. Leku komun bezain pribatua da metroa. Denona den nire gauza hori. Ni eta nire zirkustantzia, noski. Mugikorra eta aurikularrak.

Bada zer eta nola kontatua, beraz, baina nik gaurkoan, pasa den astean ikusia kontatu nahi nizueke. Izan ere, gizakia gizaki denetik, badira hainbat jokaera gure burua zuritzeko eta kontzientziak lasai mantentzeko balio digutenak. Horren adibide dira, abenduaren 3ko Universidad del Pais Vascoren ekitaldi eta festak. Horren adibide dira, halaber, sare sozialetan irakurri gabe publikatzen ditugun errefuxiatuei buruzko artikuluak, edota Acción contra el hambre erakundeari periodikoki ematen dizkiogun xox apurrak. Lurpean ere bada honen adibiderik, izan ere, metroan gauza preziaturik bada, hori eserlekua da. Hankak nekatu gabe mugikorra lasai birbegiratzeko tronu paregabea. Hala ere, gure kontzientziak lasai atseden har dezan eta oraindik ia 3 geltoki falta diren arren Liceura iristeko, gure izaera altruistak eserlekua gu baino gehiago behar duen norbait bilatzen du afariak ez diezagun kalterik egin, eta hala uzten diogu gure aulkia bi hanketako bat falta duen gizonari edota urteek bizkarra okertu dioten agureari.

Eserlekua, beraz, boterearekin eskutik emanda doala esan genezake eta Spidermanek zioen moduan, botere handi batek, ardura eta erantzunbehar handia dakar berarekin. Ardura horrek behartzen gaitu gure eserlekuan dugun boterea alde batera utzi eta eserlekua plazerarekin baino beharrarekin lotzen duen norbaiti uztera. Baina botere harremanen jolas honetan, eta noan ikusi nuena kontatzera, ipurdia eserita duenak erabakitzen du nori utzi bere tronua, nork duen eserita joateko behar handiagoa eta nor den azken batean, bera baino ahulago. Ahultasunarekiko dugun pertzepzioa, ordea, ezintasun fisiko eta psikologikoetatik harago doa egun.

Neska gazte ilehori Irribarretsu bat sartu zen bagoian bere unibertsitateko karpeta zuria eskutan. Trena geltokitik abiatzerako, 40 urte inguruko bi gizonek estereoan, beraien eserlekua eskaini zioten, eserlekua nork utzi ia lehia bihurtzeraino. Neska gazteak bi hanka osasuntsu eta indartsu zituen. Ez zuen pisu handiko motxilarik edo hilabete gutxi batzuko haurrik eskutan. Ez zeraman muletarik, are gehiago, muletak inoiz erabili gabekoen zoriontasuna igartzen zitzaion. Arazoa hori dena baino sinple eta konplikatuagoa da. Lehen esan bezala, neurri batean, guk erabakitzen dugulako nor den gu baino ahulago eta nork duen eserlekuaz gozatzeko gu baino eskubide eta behar handiagoa. Emakumea emakume izate soilagatik izan zen ahultzat hartua. Beste behin. Ahultzat eta gizon baten zaintza behar duen generotzat. Bukatu dira “las damas primero”-ak edota “No suelo contestar a la prensa catalana, pero te voy a contestar porque eres guapa”-k.

Bada garaia sistema patriarkal honek gizonezkooi eskaintzen dizkigun metroko aulkietatik altxatu eta denok zutik eta norabide berean bidaiatzeko. Hurrengo geltokira arte.

Bartzelonako metroa -L3-