Bakardadea dut lagun

Bakardadea dut lagun

Aste honetan autobusean ibiltzea tokatu zait, behin baino gehiagotan; eta horietako batean lagun baten konpanian etxera nentorrela, autobusean Asteasuko andre bat sartu zen. Hitz egiteko gogoa zuen nonbait, eta gidariari elkarrizketa emateaz gain, guk ere izan genuen bere mintzagaiaren berri. Halako batean, horrelaxe esan zuen: “Bai, ni joango nintzateke Donostiara egunpasa; baina etxean sei katu ditut eta bakarrik uzteak pena ematen dit”.

Bakardadea dut lagunKomentario haren harira barre egin nuen; baita autobuseko gidariak ere, eta begirada disimulatuz lagunari so egin nion; badugu nahiko broma katuekin bizi diren adineko pertsonen kontura; beharbada guk horrela bukatzeko beldurra dugulako-edo. Kontua da zer pentsatua eman zidala andre hark esandakoak, eta aste honetan, egunero-egunero oroitu naizela andrearekin eta bere sei katuekin.

Badirudi, bakardadeari itzal egiteko sarritan erabiltzen ditugula animaliak, katuak zein txakurrak normalean. Hori horrela, adineko pertsona askok euren bakardadeari etxeko atera lagundu eta agur esaten diote; momenturako behintzat. Izan ere, bakardadeak edozein zirrikitu topatzen du zure etxean sartzeko eta gero ederki kostatzen da etxetik bidaltzea.

Zer pentsatua eman zidaten Asteasuko andreak eta bere sei katuek, bakardadearen eta konpaniaren inguruan hausnartu baitut geroztik. Gainera, iruditzen zait andre hori beste askoren isla besterik ez dela; hots, nire inguruan behintzat, “bakarrik” bizi den adineko asko dagoela.

Nire amak beti esan izan du zahartzen denean pisu partekatu batera joango dela bizitzera; bere adineko jende gehiagorekin. Hasiera ideia zoroa iruditzen zitzaidan, gure eredu zurrunetatik irteten zelako, agian. Orain, ordea, arazo ugariren irtenbidea iruditzen zait. Izan ere, batetik, bakardadeari agur esateko modu aproposa da; gainera, hainbat pertsonen dependentzia modu batean edo bestean estalita geldituko litzateke.

Hau guztia esan ostean, beraz, lasai gelditzen naiz, bakardadeari nola ihes egin teorian behintzat badakidalako. Praktikan, ordea, dena izan ohi da zailagoa. Baina berdin dio, izan ere, topatuko baitugu praktikan ere bakardadea uxatzeko metodoa; beti ere, guk hala nahi badugu!

Bakardadea dut lagun / Bakardadea dut lagun
bakardadea
Maddi Etxeberria

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude