Autorik gabeko eguna

Autorik gabeko egunaAutorik gabeko eguna

Autorik gabeko egunaHiru hilabeteren buruan, irailaren 22an “Autorik Gabeko Eguna” ospatuko da. Europar Batasunaren esku egongo da ospakizuna. Izan ere, urtean zehar era horretako hainbat gairen inguruko kontzientziazio-kanpainak antolatzen ditu, egunero bat hain zuzen. Horrela, urtean 365 kanpaina desberdin ospatzen dira gu kontzientzia gaitezen. Saiatu, saiatzen dira, baina holako egunek badute gure gizartean eraginaren arrastorik? Baliogarriak dira ala ideia zentzubakoak lirateke?

Estatistiken emaitzen arabera, gero eta ibilgailu gehiago dugu errepidetan. Familia gehienek auto bat eta bakarra izan ordez, bi edo gehiago dauzkate. Askotan gurasoek auto bana dute eta seme-alabek 18 urte egin ostean, beste bat, nahiz eta bigarren eskukoa izan. Horrekin batera, haren erabilgarritasuna areagotzeko hainbat aitzakia erabili ohi dira, hala nola, ikasten eta irakasten dugu edozein lekutara joateko autoa erabili behar dela. Benetan beharrezkoa al da? Bakoitzak galdera honi buruz hausnar dezala , ordea, gaur egungo gizartearen kopuru esanguratsu batek  gero eta erosoago bizi nahi du eta autoa denetarako erabiltzen du, lanera joateko, erosketak egitera joateko, lagunekin irteteko, bidaiak egiteko eta… nora eta kiroldegira joateko ere bai!

Egiari zor, garraio publikoa beti ez da auto pribatuaren alternatiba. Horretarako, maiztasun eta geltokirainoko distantzia, erabakiorrak dira. Biztanle dentsitate gutxiko herrietan, adibidez, ia ezinezkoa izaten da autobus edo tren zerbitzu eraginkorra ezartzea, izugarrizko diru xahuketa suposatu gabe.

Baina, hirietan, demagun Euskal Herriko, Bilbo, Donostia, Iruñea, Baiona edo Gasteiz bezalakoetan, autoaren ordezko izan daitezkeen zerbitzuak ditugu. Noiz den alternatiba posiblea eta noiz ezinezko den erabakitzea, nahiko erlatiboa da, alegia, ez dauka muga definitu bat. Baina kasu asko dira, non alferkeria zentzuzko jarrerari gailentzen zaion. Ni kasu horietaz ari natzaizue, noski.

Batzuetan, beraz, ezinezkoa egingo zaigu autoa ez erabiltzea, independentzia eta askatasuna ematen baitigu. Beste askotan ordea, hiri barruko joan-etorrietan hain zuzen, arazo baino ez da bihurtzen: auto iladak, semaforoak, autoa non utzi ezinik, TAO ordaintzeko beharra… Pentsa, Londreseko kaleetako batez besteko abiadura 1920an 30km/ordukoa zen. Ia mende bat geroago abiadura hori ez da apenas igo, nahiz eta auto azkarragoak izan.

Aitzitik, garraio publiko anitz daude eta ez genuke oztoporik eduki behar erabiltzeko; ugari baitira eta alde batetik bestera garamatzatelako. Prezioak bidezkoak izatearekin batera puntualtasun handia daukate. Gainera, lasai joaten zara eta ez duzu errepidean arreta jarri beharrik. Garraio publikoa erabiliko bagenu, bidaiari probetxu atera geniezaioke eta liburu on bat ere irakurtzeko aukera eduki genezake… Makina bat abantaila leudeke,  arazo bat eta bakarra,aldiz, nagikeria.

Eta zer esan kutsadura aldetik? Jakin badakigu egun kutsadura arazo handia dela. Orduan, zergatik hartzen dugu autoa denetarako? Horren erantzuna hitz bakar batez adieraz daiteke, ZENTZUGABEKERIA. Ez dakigulako zentzuz autoa erabiltzen. Ez dakigulako noiz den beharrezkoa eta noiz hartu beste aukeraren bat mugitzeko. Eta azkenik, ahal izanda ere,ez dugu autoa partekatzeko ohiturarik.

Azken finean, erantzukizun, kontzientziazioa eta mentalitate arazotzat har genezake. Egoera horri buelta emateko gogoa litzateke gakoa. Eguneko ohiturak aldatu egin beharko genituzke erabakitasunez. Baina ohiturak aldatzea, beste batzuk oso barneratuta ditugunean, ez da izaten erraza.

Horregatik, eta nire aburuz, autorik gabeko egunaren ospakizunak ez du balio askorik gu kontzientziatzeko. Egun horretan saiatzen gara autoa ez  erabiltzen, aitzitik urteko gainerako egunetan berriro gure betiko ohiturarekin jarraitzen dugu eta denetarako erabiliko dugu berriro autoa. Oso agerikoa da, gainera, autoen salmentak ekonomian pisu handia duela. Iragarkietan fijatu besterik ez dugu. Fijatu al zara nonoiz iragarki guztietatik zenbat diren autoenak? Horrez gain, errepide sarea etengabe handitzen ari da!

Beraz, zer lortzen da egun horrekin? Gauza gutxi. Urtean zehar egun bakar baten autoa gutxiago erabiltzea, baina gainontzeko egunetan berriz autoaren menpe egongo garela esan nahi du horrek. Ohitura onak hartzeko eta benetan kontzientziatzeko era bakarra eskolan hastea litzateke, heziketaz baliatuz. Txikitatik umeei kontzientziatu eta irakatsi beharko genieke autoa gehiegi erabiltzeak sortzen dituen arazo kopuruaz: poluzioa, klima-aldaketa, kutsadurarekiko erlazionatutako gaixotasunak, energia kontsumo itzela…

Hori dela medio, Europar Batasunari esango nioke kontzientziazio-kanpaina gutxiago eta lege gehiago izan daitezela behartzeko eskoletan txikitatik erakutsiko direnak, adibidez, nola eta noiz erabili autoa, noiz garraio publikoak eta zenbat kalte eragiten duen autoa gehiegi erabiltzeak. Hori da kontzientziatu eta ez egutegian beste egun berezi bat izendatzea!

Autorik gabeko eguna
autoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude