Aurkako norantza

Aurkako norantza

Gaur egun zaila da gizartearen aurkako norabidean joatea. Badirudi XXI. mendeko gazteok nolabaitekoak izan behar garela, gizarteak dion bezala jokatu behar dugula onartuak izan nahi badugu.

Ametsak, maitasuna … Zer dira horiek?

Diskoteketako ordu txikitan ez dago ez ametsentzako ez maitasunerako tokirik, oroimenetik ere kanporatzen dituzte askok beste batzuentzako hainbeste esanahi duten kontzeptuak.

Aurkako norantza

Unibertsitatean hasi eta ikasleentzako erresidentzia batean bizitzeak dena ahaztu eta festarik festa ibiltzearen sinonimo da askorentzat. Nor diren ere ahazteko prest daude dantza amaiezin eta alkohol tanten artean, biharamunean jaiki eta bota zuten juerga aipatu besterik ez dute buruan, bixamonak uzten badie behintzat. Eta ziur aski diskoteka hartan bilduko dira nik inoiz ezagutu ditudan edo ezagutuko ditudan pertsonarik onenak, baina bada momentu bat ezagutu ere egiten ez dituzunak, iluntasunean beraien nortasuna uzten dugunean denok bilakatzen gara besteentzako ezezagun nolabait.

Jendeak ez du jada benetan beste pertsona bat ezagutzeko desioarekin hasten harreman bat, ez baitu uste merezi izango duenik. Eta agian hala da, agian denok izan beharko genuke gai sentimendu guztiak alde batera uzteko, baina batzuk, sinpleki, ezgaiak gara norbait benetan ezagutzeko aukerari uko egiteko. Nortasuna ikusezina den zerbait bilakatzen da goizeko ordu txikitan eta sare sozialetan, denok anonimoak bilakatzen gara.

Garai hauetan ia ezinezkoa da gizartearen aurkako norantza hartzea, aldapan gora egin nahi izatea zure bidea. Zaila da leku batean enkaxatzea diskotekek arnasa estutzen badizute edo alkohola barre batzuk botatzeko soilik erabiltzeari uko egiten badiozu. Arraroa da zure denbora librea irakurtzen edo paseatzen igarotzea nahiago duzula esatea eta zure buruarentzako momentuak ere behar dituzula aitortzea.

Inork ez du benetan elkar ezagutu nahi baina beti jendez inguratuta egon nahi izaten dugu. Diskotekako argien azpian inor ez da ezagutzen baina denek jarduten dute betidanik ezagutuko balira bezala. Kaleak zeharkatzean berriro bilakatzen gara denok anonimo, denok ezezagun.

Gizartearen norantza berean joateko denak saiatzen dira beraien nortasuna albo batean ezkutatzen eta ez diren norbait edo zerbait izan nahi izaten dute, gau batez, ilunpean, edo egunero, beraien buruari uko eginez, gutxietsiz. Eta bitartean gizartearen korronte horretan igeri egiten ez dakigunak atzean geratzen gara, gure martxan, baina gure buruei uko egin gabe. Edo hori uste dut behintzat.

Azken finean, mundu hau nortasun, pentsaera eta izaera desberdinetako mundua da, edo hala behar luke, baina gizarteak behartzen gaitu askotan izaera horiek modifikatzen edo ezabatzen, ez digu uzten desberdinak eta bakarrak izaten. Ez digu uzten sistema apurtzen, eskemak deseskematizatzen. Denak berdintzen gaituzte edo gara, denak aurreikusgarri bilakatzen gara, bide zailetik ez joatearren.

Aurkako norantza