Arantzazuko Ama

Arantzazuko Ama

Joxek bazuen itsasontzi bat: “Arantzazuko Ama”. Itsasontzia hiru lagunen artean erosi zuten. Bata abarkagilea zen, bestea ontziburua eta Joxe ontzioletako arotza. Hala kontatu zidan lehen aldiz nire izeba zaharrak (Joxeren alaba) orain dela urte asko. Hamar urte izango nituen istorioa lehen aldiz entzun nuenean.

Gerra garaian, Mutriku inguruko herrietako jendea ontziratu eta Frantziara eramaten zituen “Arantzazukok Amak”. Momentu krudelak ziren, erregimenaren aurkako jendea jazarrita zegoen. Ondarrun itsasoratzen ziren batzuetan, Bilbon bestetan, gerrari ihes egin eta etorkizun hobeago baten bila. Guztia atzean utzi, berriro hasteko. Atzerrian. Familiatik urruti.

Lehen aldiz kontatu zidatenean gazteegia nintzen. Inozoegia. Akaso, abenturaren bat irudituko zitzaidan. Edo ipuinen bat. Itsaso zakarra, olagarro erraldoiak edo tximistak imajinatuko nituen beharbada. Zerbait pelikuleroa, seguraski.

Urteak aurrera doazen heinean, nire kontzientziaren jabe egiten hasi naiz. Azkenean! Nire azalean bizi ez banuen ere ulertzeko gai naizela badakit. Espainiar historiaren orrialde beltzenetako bat. Berrogeita hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten Joxeri (40 hilabetera aske utziz), erregimenaren gerrako itsas barku batek Bilboko portura sartzen harrapatu zuenean.

80 urte pasa dira ordutik. Orain, kontziente naiz. Urte beltzak izan behar zuten haiek: gerra zibila eta berrogei urteko diktadura frankista. Batzuk erregimenaren aurka borrokatu zuten klandestinitatean, beste batzuk aldiz, Sobietar Batasunean, Frantzian edo Latinoameriketako hainbat herrialdetan aurkitu zuten babesa, miseriatik ihesi.

Reina de Aranzazu - Arantzazuko Ama
Reina de Aranzazu. Arantzazuko Amaren ondorengoa. Gerra ostean gazteleraz izendatzera behartuta.

Déjà vu ere izan dut. Behin eta berriro gainera. Greziako (eta beraz Europar Batasunako) kostaldera iristen ari diren milaka errefuxiaturen istorioak irakurtzean. Siria, Irak, Afghanistan edo Somaliatik (besteak beste) ihesi doaz, barbariea atzean utzita. Ez dute bide batere erreza Europara iristeko. Baina ez zaie gehiegi inporta, datorrena atzean uzten dutena baino hobea izango baita seguruenik. Edo ez. Edo ez hainbeste.

Lotsagarria baita errefuxiatuei ematen ari garen tratua. Deportatu, isilarazi eta demonizatu egiten ditugulako. Beti ere, europarrok 30. eta 40. hamarkadan bizi genuena ahaztuz.

Noiz arte itxaron behar dugu erantzun duin bat emateko geuk sortu dugun krisi honi?

Arantzazuko Ama