Anaitasuna eraikitzera kondenaturik

Anaitasuna eraikitzera kondenaturik –

Bi anaiak haserre ziren. Aita hil zieten eta gainera etxegabetu zituzten, etxe xume batera bortxatuz. Noraezean, erreferente garrantzitsu gabe zebiltzan. Ama zuten oraindik, ordea. Bizitzan zehar erreferente horri heltzea ez zen, ez, gutxi. Eskerrak behintzat, eurekin zutela.

Baina bi anaiak haserre ziren. Euren familia maitatzen zuten biek. Familiak sufritzen zuen eta eurek ere, nola ez. Biek ala biek nahi zuten sufrimendu hori irauli.

Eroriz ikasten bada oinez, has gaitezen bidea egiten. Ez gaitu inork geldituko. -zioen batek.
– Egia, baina guk ez dugu aldarri egiteko heroi edo konkistarik. Borondateak elkartzen gaitu, hori da gure nahia. -besteak.

Anaitasuna eraikitzera kondenaturikAldaketa egarria. Ez zuten, baina, bat egiten, aldaketa hori gauzatzeko moduari zegokionean. Bide ezberdinak hartu zituzten.Bata sutsuagoa zen, eta ekintzetara jo nahi zuen berehala. Eta baita egin ere. Batzuetan legez kanpoko ekintzetara, hain zuzen ere, jo behar izan zuen. Bestea, berriz, lasaiagoa, zen. Lan egiten hasi zen eta legeak edo agintariek esandakoari muzin egitea ez zuen gustuko (nahiz eta batzuetan izorratzen zuten).

Familiak biak babesten zituen, baina batzuetan baten ekimenekin haserretzen zen eta bestetan, bestearenekin. Urteak aurrera zihoazen eta elkarri mokoka anaiak. Euren familiaren lagunek ere sufritzen zuten. Bi erraldoien goseaz pizturiko suminetan, izarretara bidali zituzten lagunek. Urteak aurrera zihoazen hala ere, eta mundua, ingurua eta testuingurua aldatu zen. Aldaketa horiei esker, etxea berreskuratu zuten, baina ez askatasuna.

Horrekin guztiarekin, gogoeta egiten zuten anaiek, euren artean zein ingurukoekin:

Denok ez dugu berdin, kontatzen historia. Zaila da ulertzea, bestearen egia. Baina kontatu nahi dut. -zioen batek.

– Ezin dugu etsi. Sentitu, pentsatu, ekin eta ondoren, segitu eta jarraitu. -besteak.

Anaitasuna eraikitzera kondenaturikOrain bi anaiek seme-alabak dituzte. Azken finean, anaia horiek familia(k) ordezkatzen d(it)u(z)te. Etxea bereganatu dute, baina oraindik ez dute eurek erabat kudeatzen. Oraindik asetu gabeko nahiak dituzte, maila ezberdinean badira ere.

Seme-alabek borroka eta aldarrien zentzua barneratu dute. Orain, bi anaiek bat egiteko aukera paregabea dute. Elkar ulertze bide motelean daude, baina elkarren arteko mesfidantza, elkarren arteko maitasun eta estimatzearekin tartekatzen dira.

Bi anaia horien etxea euren jaioterri eta aberria ere bada. Lortuko al dute anaitasuna gauzatu dadin, beste ezeren gainetik? Lortuko al dute elkarrekin indarrak biltzea? Lortuko ahal dute!

Oharra 1: Beren auzotik ez oso urrun, badira borrokarako bat egin duten anaia bi.
Oharra 2: Anaia, familia, etxea… zer ordezkatuko ote dute?
Anaitasuna eraikitzera kondenaturik