Amateur vs Profesional

Amateur vs Profesional –

Gaur egun bizi garen gizartean ohikoa da edozein arlotan  “amateur” hitza erabiltzea hasi berriei edo esperientzia gutxi duen jendeari deitzeko. Eta hala gertatzen da ere boxeoan. Jende gehienak, boxeoari buruz ezer ez dakien jendeak batik bat, boxeolari amateurrak hasi berriak direla uste dute, eta boxeolari profesionalak berriz, goi-mailakoak.

Baina errealitatea bestelakoa da. “Amateur” hitzaren jatorria aztertuko bagenu, gaur egun ematen zaion esanahiarekin zerikusirik ez duela konturatuko ginateke. “Amateur” hitza izatez, frantsesa da. Eta frantsesak latinean du bere jatorria. Ama – teur. Ama= amor, hau da, maitasuna. Amateur = maitalea, hots, maite duena. Beraz, kirolari amateurrak kirolarekiko maitasunagatik jarduten direnak dira. Eta profesionalak ordea, kirola diruaren truke egiten dutenak dira.

Bestalde, jendeak “Mayweather”, “Paquiao”, “Tyson” eta halako boxeolarien borrokak ikusten dituenean punta-puntako boxeoa ikusten ari direla pentsatzen dute, eta hala da, baina boxeo profesionala da, espektakulua eskaintzen duena, non dirua kirolaren gainetik inposatzen den. Baina ez dakite AIBA izeneko erakundeak bi urtean behin munduko txapelketak antolatzen dituela, eta bertan boxeo amateurra  egiten dela. Borrokak hiru roundetara egiten direla eta munduko herrialdeetako selekzio olinpikoek parte hartzen dutela bertan. Eta oso tristea da jendeak boxeoari buruz asko dakiela pentsatzen duela baina ez dutela ezagutzen AIBA munduko txapeldunik, ezta txapeldun olinpikorik ere, munduko hoberenak izan arren.

Jendeak ez daki, eta ez dakienez, ez dio garrantzirik ematen. Baina boxeolari profesionalek adibidez, ezin dute joko olinpikoetan parte hartu. Eta arrazoia hori da, profesionala izatea (boxeatzearen truke dirua jasotzea). Joko olinpikoetan herrialde bakoitzeko boxeolari amateur hoberenek parte hartzen dute, selekzioetakoek. Eta hori da errealitateen punta-puntako boxeoa. Boxeo olinpikoa. Herrialde gehienetan boxeolari profesional asko daude, baina selekzio olinpikoan oso gutxi. Eta ironikoa dirudien arren, hoberenak ezezagunak dira. Hala ere, ez da hain arraroa. Izan ere komunikabideek kirol profesionala, dirua mugitzen duena, jarraitzen dute. Batez ere telebistak. Eta horrexegatik uste dut nik jende gehienak bakarrik boxeolari profesionalak ezagutzen dituela, baina olinpikoei buruz ezertxo ere ez dakitela.

Amateur vs Profesional